Haldan Keffer Hartline

Wikipedia, Entziklopedia askea

Haldan Keffer Hartline (Bloomsburg, Pennsylvania, 1903ko abenduaren 22a - Fallston, 1983ko martxoaren 17a) estatubatuar fisiologoa izan zen. Baltimore, Pennsylvania, Leipzig eta Municheko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. 1949an biofisikako eskolak ematen hasi zen Johns Hopkins Unibertsitatean (Baltimore), eta 1953an neurofisiologia irakastera deitu zuten New Yorkeko Rockefeller Unibertsitatera.

Garrantzi handiko aurkikuntzak egin zituen begiaren egituran eta begi sarearen funtzionamenduan. Aurkikuntza horiek zirela eta, Fisiologiako Nobel saria jaso zuen 1967an, George Wald eta Ragnar Granitekin batera. Hartlinerek animalia bakunen erretinak, karramarro-mota batzuenak, adibidez, argiaren aurrean nolako portaera duen aztertu zuen batez ere. Karramarroekin egindako ikerketetan, begiko nerbio-zuntz soil batek igorritako bulkada elektrikoak grabatzea lortu zuen. Bestalde, frogatuta utzi zuen, begiko nerbio-zuntzari lotutako hartzaileak (zelula sentiberak argiaren aurrean) oso ongi antolatuta zeudela eta zelula hartzaile baten kitzikadurak ingurukoen depresioa eragiten zuela; horrela argi eredu desberdinen arteko kontrastea eta forma desberdinak bereizteko gaitasuna handitu egiten zen. 1940ko hamarraldiaren hasieran, gizakiaren gaueko ikusmena aztertu zuen. Halaber, erretinako zelulen arteko eraginei buruzko ikerkuntzak egin zituen.

Erreferentziak