Halobacterium

Wikipedia, Entziklopedia askea
Halobacterium
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaMethanobacteriati
FilumaMethanobacteriota
KlaseaHalobacteria
OrdenaHalobacteriales
FamiliaHalobacteriaceae
Generoa Halobacterium

Halobacterium arkeoen genero bat da, Halobacteriaceae familiakoa. Bere ezaugarririk nabarmenena mikrobio oso halofiloa izatea da, hots, bizitzeko gatzaren kontzentrazio oso handiak behar izatea. Mikrobio hauek ez dira hazten ingurugiroaren gatz-kontzentrazioa %10 baino txikiagoa denean [1], eta bere gatz-kontzentrazio optimoa %25ekoa da (horrek esan nahi du halofilo hertsiak direla).

Halobacterium itsasoko ura baino askoz gaziagoak diren ingurugiroak behar ditu bizitzeko. Laku oso gaziak (Itsaso Hila, Aintzira Gazi Handia...), gatzagak, oso gaziak diren elikagaiak.... dira arkeo honek gehien maite dituen habitatak.

Gatz kontzentrazio hain handiak jasan ahal izateko Halobacterium-ek proteina bereziak ditu (bere entzimek ez dute lan egiten gatzarik gabe edo gatz gutxirekin). Bere horma zelularraren egitura sodio ioiek egonkortzen dute [2].

Aerobioak dira eta mugikorrak. Materia organikoaren (gehienbat, aminoazidoen) oxidazioa burutzen dute energia (ATP) lortzeko, baina espezie batzuk fotosintesi bereziren bat burutzeko gai dira, duten arrosa koloreko pigmentu bati esker (bakteriorrodopsina) [1].

Halobacterium mikrobio Gram negatiboa da, erdibiditzearen bidez ugaltzen dena. Espezie gehienek bazilo itxura dute, eta ez du esporarik sortzen [2].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Ingraham, J. eta Ingraham, C. Introducción a la Microbiología vol. 1, Ed. Reverté, 268 orr.
  2. a b Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:549-551 orr.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]