Erdibiditze

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Prokarioto baten erdibiditze prozesua


Erdibiditze edo bipartizioa, mikrobiologian, prokariotoen (bakterio eta arkeobakterioen) eta hainbat eukarioto zelulabakarren (protozoo eta legamien) zatiketa zelularra da, zelula batetik abiatuta bi zelula isomorfoak (itxura eta neurri berekoak) sortzen dituena. Sexugabeko ugalketa mota bat da.

Erdibiditzea zelularen luzapenarekin hasten da. Gero, zatiketagune bat agertzen da, eta hortik bi zelula alaba sortzen dira. Hori gertatu aurretik DNAren erreplikazioa gertatzen da, eta erdibidituko den bakterioak bi kromosoma borobil sortzen ditu, zelula alaben artean banatuko direnak. Zatiketa gertatzen den bitartean, DNA molekula borobil bakoitza zelula mintzari atxikitzen da. Mintz zitoplasmatikoa eta zelula horma barrurantz hazten dira, harik eta bi zelula alabak eratzen diren arte.

Bakterio batzuk, egoera optimoan eta elikagai eskura, oso azkar ugaltzen dira. Esaterako, Escherichia coli 20 minutuoro erdibiditzen da (hori izanik bere sortze-denbora; hots, zelula batetik bi zelula sortzeko behar den denbora). Hainbat bakteriok sortze-denbora txikiagoa badute ere, bakterio gehienak E. coli baino geldoago ugaltzen dira. Mycobacterium tuberculosis, esaterako, 24 ordu behar ditu erdibiditzeko, eta Treponema pallidum 24 ordu. Paramecium caudatum protozooak, aldiz, 10 orduoro zatitzen da.