Ikusmen
Ikusmena gizakiek dituzten bost zentzumenetako bat da, begietan datzana eta irudiak sumarazten dituena.
Ikusmenak sailkapen zoologikoaren maila bakoitzean bere ezaugarriak ditu. Eboluzio-maila oso apaleko animaliek ikusmen lausoa izaten dute, fotohartzaile mugaturik gabea. Animalia-espeziea garatu ahala, ikusmena ere garatzen da. Hala, ugaztun gehienek argitasun- eta iluntasun-mailak sumatzen dituzte bakarrik eta ez koloreak; primateek eta gizonek dute ikusmen garatuena, ikusmen binokularra eta kolorezkoa baitute.
Ikusmenaren berezitasunak erretinak argiarekiko duen sentikortasunaren eta erretinan irudiak fokatzeko duen gaitasunaren ondorio dira; gauzetan islatzen diren argi-izpiak, kornea pasa eta begi-ninian zehar kristalinora iristen dira; kristalinoak erretinan fokatzen ditu eta bertatik ikusmen-nerbioak garunera igortzen ditu seinaleak, garunean irudi bihurtuko direnak; kristalinoaren forma gihar ziliarren bidez aldatzen da; hala, gauzak distantzia desberdinetara foka daitezke.
Irudia erretinaren puntu egoki batean eratzen bada, begia emetropea dela esaten da, behar bezalakoa; irudia erretinaren aurrean eratzen denean, begia miopea izaten da; eta erretinaren atzeko aldean sortzen denean, berriz, hipermetropea. Astigmatismoa kornearen kurbaduran izaten den berezko akatsa da; ikusmen-akats horiek betaurreko, lente eta ebakuntzen bidez zuzendu daitezke. Gaixotasun horietaz oftalmologoak arduratzen dira. Bestela, ikusmenik eza itsumena da.
[aldatu] Ikus, gainera
| Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.