Jaureguiberry

Wikipedia, Entziklopedia askea
Solís Grande erreka Jaureguiberryren ondoan dagoen Rio de la Plataren bokalean.

Jaureguiberry Uruguaiko Canelones departamenduko balnearioa[1] da, La Floresta udalerriaren barruan.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balnearioa Canelones departamenduaren hego-ekialdean dago, Río de la Plata ibaiaren ertzean eta Solís Grande ibaiaren mendebaldeko ertzean, Maldonado departamenduarekin muga eginez, Interbalnearia errepidearen 79. km-an. Mendebalderantz Balneario Argentino izenekoarekin mugatzen du, eta ekialdera Solís balnearioarekin.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bainuetxea Miguel Jaureguiberryk sortu zuen, berak erositako 1000 hektareako hareatza batean. Zuhaitzak landatuz, dunak egonkortu, kaleak planifikatu eta lur sailak banatu zituen; proiektua 1937an onartua izan zen, Interbalnearia errepidea eraiki zen arte, eremuaren komunikazio bide bakarra Solís ibaia zen.[3]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko erroldaren arabera, balnearioak 458 biztanle zituen.

Biztanleriaren bilakaera
196319751985199620042011
71138122202287458

Balnearioa gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ñacurutú hontza, Los Llanos, Guárico

Jaureguiberry balneario zabala eta basatia da, harea zuri fineko hondartzekin. Bizilagunen etxeak lur sailez inguratuta daude, horietako asko oraindik bere egoera naturalean mantentzen direnak.

Solís Grande ibaian uretako hainbat kirol praktika daitezke, eta bokalea arrantza gune ona da.

1990eko hamarkadan, gunearen erdiko parke publikoaren sailak opor-etxeen eraikuntzarako saltzen hasi ziren, oso eztabaidatua izan zen hirigintza maniobretan[4] (tartean, Miguelen beraren biloba Amelia McKinnon-ek eginikoa[3]). Horren ondorioz, eta naturagunearen hondatze prozesuaz kezkatuta, 2010 urtean, "Grupo Ecologista de Jaureguiberry" sortu zen.[3]

Jaureguiberry Costa de Oro deritzon gune turistikoaren parte bada ere, beste balnearioen aldean zerbitzu eta garraio publiko gutxi ditu.[5] 2011an lur sailak ez zuen saneamendu sarerik edo ur edangarri azpiegiturarik. Udal bulegorik, harategirik, botikarik, elizarik edo eskolarik ere ez zegoen.[3] 2013 urtean Jaureguiberryn 500 pertsona inguru bizi ziren, horietatik 60 haurrak. Parkean bost kanpin zeuden, beste horrenbeste kolektibo publikori esleituak (lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak, portuko langileak, itsas subofizialak eta psikiatria langileak).[5]

2016 urtean eskola bat ireki zen, earthship eredua jarraitzen zuena eta Latinoamerikako lehen eskola jasangarria izan zena[6] argiztapen, beroketa eta edateko urari dagokionez.[7]

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benteveo arrunta

Jaureguiberry bainuetxean aurki daitezkeen animalien artean daude, besteak beste:

  • Ñacurutú hontza.
  • Okil gorria (pica palo).
  • Benteveo arrunta.
  • Bele buru gorria.
  • Piranga flava (fueguero)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Latinoamerikan, balnearioak bainua hartzeko moduko hondartza guneak dira; hitz honek ez du, beraz, Espainian duen bainuetxe esanahi bera.
  2. «Wayback Machine» web.archive.org 2012-07-10 (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  3. a b c d «Jaureguiberry en una encrucijada - Diario EL PAIS - Montevideo - Uruguay» web.archive.org 2011-09-07 (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  4. (Gaztelaniaz) Press, U. Y.. «Victorias DD. (dudosas y dolorosas)» mysitename (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  5. a b «El último orejón de la Costa de Oro - Diario EL PAIS - Montevideo - Uruguay» web.archive.org 2013-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  6. (Gaztelaniaz) ElPais. «Escuela de llantas y botellas» Diario EL PAIS Uruguay (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  7. «La primera Escuela sustentable de Uruguay y América Latina completó su local educativo» web.archive.org 2017-10-17 (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]