Javier Sotomayor
Javier Sotomayor (Limonar, Matanzas, Kuba, 1967) garaiera-jauzilaria da, XX. mendearen bukaerako atletismoko izar handienetako bat.
[aldatu] Bizitza
Hamabost urte besterik ez zuela, bi metrotik gorako jauzia egin zuen. 1984an, Kubako marka hautsi zuen lehen aldiz, 2,33 metroko jauziarekin. Erromako Munduko Txapelketetan (1987), gaizki aritu zen, eta bederatzigarren geratu zen; hala ere, urte hartan bertan, urrezko domina lortu zuen Panamerikar Jokoetan. Hurrengo urtean, Salamancan (Espainia), munduko errekorra hautsi zuen lehen aldiz (2,43 metro). 1989an, marka psikologiko bat hautsi zuen: 2,44 metro (alegia, zortzi oin, neurri-sistema anglo-saxoian). 1990ean, Godoy entrenatzailea hil zitzaion, eta, hurrengo urtean, min hartu baitzuen, ezin izan zuen munduko txapelketan parte hartu. 1992ko Olinpiar Jokoetan, Bartzelonan, urrezko domina lortu zuen, 2,34 metroko jauziarekin. 1993an, Stuttgarten, Munduko Txapelketa irabazi zuen lehenengo aldiz (1991n, zilarrezko domina lortu zuen, eta 1995ean ere bai), eta munduko errekorra hautsi zuen berriro: 2,45 metro. 1997ko abuztuan, Atenasen, Munduko Txapelketa irabazi zuen bigarrenez. 1999an, bi urtez lehiatzeko aukera debekatu zioten, dopin-kontrol batean kokaina kontsumitu izana leporatuta. Alabaina, Nazioarteko Atletismo Federazioak barkatu egin zioten zigorra, eta, hiru hilabeteko entrenamenduaren ondoren, zilarrezko domina eskuratu zuen Sydneyko Olinpiar Jokoetan. Hogeita hamalau urte zituela utzi zion garaiera-jauzilari izateari. Bestalde, Kiroletako Asturiasko Printzea saria eman zioten 1993an.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.