Joachim Patinir
Joachim Patinir, Joachim Patenier izenaz ere ezaguna (Bouvignes, Dinanetik hurbil, 1485 - Anberes, 1524), flandriar margolaria izan zen.
Biografia [aldatu]
Jeronimo Boschen eta Gerard Daviden eragina nabaria da Patinirren obretan. Bizi zelarik ospe handia izan zuen: Quentin Metsysen eta Dureroren adiskide izan zen. Durerok, hain zuzen, paisaia-margolari handia deitzen zuen.
Paisaia soilak landu zituen lehenengoa izan zen, eta orobat bere burua paisaia-margolaritzat hartu zuen aurrena. Pertsonen irudiak, oso txikiak askotan, osagarri gisa erabiltzen zituen ikuspegietan; sarritan beste artista batzuek eginak izaten ziren.
Haren lanetako batzuk: La Tentation de saint Antoine (Pradoko Museoa); La Fuite en Egypte (Anberesko Museoa); Le baptême du Christ (Artearen Historiako Museoa, Vienan).
Eragin handia izan zuen XVI. mende osoan: bere ikasle edo jarraitzaile izan zituen Jan Brueghel, Cornelis Metsys, Henri Met de Bles, Lucas Cassel eta beste asko.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.