Albrecht Dürer

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Autorretratua (1500)
Adan eta Eva.

Albrecht Dürer (Nuremberg, Bavaria, 1471ko maiatzaren 21a - Nuremberg, 1528ko apirilaren 6a), Alemaniako Errenazimentuko artistarik ezagunenetakoa, garai hartako Italiako maisu gailenen parean jar daitekeen pintore bakarra; bere marrazki, pintura, grabatu eta idatzi teorikoengatik ezaguna da mundu guztian. Haren obrak eragin handia izan zuen XVI. mendeko Herbehereetako eta Alemaniako artistengan. Geometria eta proportzio matematikoen inguruko zaletasun handia erakutsi zuen bere margolanetan.

Flandriako pintoreen teknikak ongi menderatzen zituen artista zen; Italiako moldeak ere bereganatu, eta pinturari eta grabaketari buruzko ikerketa teorikoak egin zituen. Nurenbergen lanean ari zen zilargin hungariar baten semea zen, eta Dürer zilarra eta urrea lantzen hasi zen aitaren lantegian. Wolgemut margolari eta grabatzailearekin lan egin zuen (1486-1489).

1490. urtean, Flandriara jo zuen; han, marra zehatza eta konposizioaren legeak ikasi zituen (Aitaren erretratua, 1490). Flandrian bertan izan zuen Andrea Mantegna italiar pintorearen naturalismoaren berri, eta urrundu egin zen aurreko irakasleen molde gotiko zaharkituetatik (Autorretratua senargai-jantzian, 1493, Mendebaldeko pinturako lehen autorretratua).

1495. urtean Italiara jo zuen, eta bertan ezagutu zituen garai hartako artista handienen obrak. Bertan hobetu zituen gorputzen moldaketa eta espazio-perspektiba (Gurutziltzatze Handia, 1495, Leonardo da Vinciren kutsuko konposizioa eta flandriarren adierazkortasuna ageri duen obra, zurezko oholean egina). Urte horretan berean antolatu zuen Nurenbergen bere pintura- eta grabaketa-lantegia ,eta bertan hasi zen kobrea lantzen. Aurrerantzean, obra bikainak egin zituen (Apokalipsia, 1498, zurezkoa). Garai hartan hasi zen Pasio Handia zurezko grabatua egiten, eta autorretratu, erretratu eta beste margolan mota batzuk landu zituen (San Jeronimo; Dresdengo erretaula; Herkules eta Stinfale aintzirako txoriak, kontserbatu den pintura mitologiko bakarra; Kristo Doloreetakoa).

1500. urtetik aurrera anatomia- eta perspektiba-arazoak antolatzen saiatu zen (Paumgartner erretaula, 1502; Adan eta Eva, 1504, kobrezko xaflan eginiko grabatua; San Eustakio, Nemesis eta grabatu asko). Grabatuek ospe handia eman zioten Dürerri Europa osoan. Venezian egon ondoren (1505-1507), joera manieristak agertu ziren kolore guztiz biziek argiturik egin zituen oholetan (1507, Adan eta Eva). Kolorea nagusitu zenHirutasun Sainduaren Gurtza obran ere (1511).

1512. urtetik aurrera, Dürerrek margolan gutxiago egin zuen eta Maximiliano enperadorearentzako lanetan hasi zen (dekorazio-lanak eta liburu-ilustrazioak) eta grabatu-lanetan aurrera egin zuen (Malenkonia, 1514, kobrean eginiko grabatua). Holandan egon zen 1520-1521 bitarteko urteetan, eta bertako pintore flandriarrek maisu gisa hartu zuten. Azken urteetan, margolan gutxi egin zituen arren, Lau Apostoluak (1526) azkeneko lan bikaintzat hartua izan da. Garai hartan egin zuen Luteroren erreformaren aldeko aitorpena.

Dürer Alemaniako pintura eta grabaketako maisu handia izan zen, jarraitzaile asko izan zuena. Lan plastikoez gainera, arteari buruzko liburu batzuk idatzi zituen (Neurtzeko moduei buruzko irakasketa, 1525; Gotorlekuei buruzko tratatua, 1527; Giza gorputzaren neurriei buruzko tratatua, 1528).

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Albrecht Dürer Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]