John Hejduk
John Hejduk estatubatuar arkitektoa izan zen (New York, 1929 - New York, 2000). 1947-1950 urte-bitartean egin zituen arkitektura-ikasketak, eta 1950-1953 bitartean osatu zituen, Cincinnatiko Unibertsitatean lehendabizi, eta Harvardeko Diseinu Eskolan gero. 1954-1956 urte-bitartean diseinu-irakasle izan zen Texasko Unibertsitateko Arkitektura Eskolan, eta irakasle laguna Cornellen (Ithaca), 1958 eta 1960 bitartean. Lau urte geroago, New Yorkeko Cooper Unioneko arkitektura-irakasle izendatu zuten. Theo van Doesburgen obran oinarritzen den Five Architects arkitekto-elkarteko kide izan zen, kide abangoardistena. Proiektugile gisa, etxebizitza partikularrak diseinatu zituen batez ere: Demlin House (1960, Locust Valley, Long Island, New York); Diamond House (1963-1967); Bernstein House (1968, Mamaroneck, New York); Wall House (1970); Bye House (1973, Hidgefield, Connecticut). Sari asko irabazi zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.