José Juan Gerardi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

José Juan Gerardi guatemalar gotzaina izan zen (Guatemalako Hiria, 1922 - 1998). Nueva Orleansen hasi zituen apaiz-ikasketak, eta 1946. urtean ordenatu zen apaiz, Guatemalan. Handik hamaika urtera, Verapazeko (hiriburutik 200 bat km-ra) gotzain izendatu zuten, eta, 1974. urtean, El Quiché departamendukoa. El Quiché Guatemalako departamendu pobreenetako bat da, Gerra Zibilean eraso gogorrenak jasan zituenetakoa; Gerardi gotzain izendatu zuten garaian, indarkeria-giroa zen han nagusi, eta, ezkerreko gerrillen bilgune zelarik, gudarosteak gogor eraso zion eremu hari. Hain zuzen ere, gerrako gertakarien egia ezagutzeko asmoz Gerardik Oroimen Historikoa Berreskuratzeko antolatutako proiektuan (REMHI) aipatzen diren 442 hilketetatik gehienak gudarosteak egin zituen. 1980an, Gerardik gogor salatu zuen nekazariek espainiar enbaxada okupatu ondoren segurtasun-indarrek bertan egindako sarraskia, eta, handik gutxira, zenbait atentatu egin zizkioten; atentatuetatik onik atera zen, baina Costa Ricara erbesteratu behar izan zuen. 1984an, Guatemalako artzapezpiku-barrutiko gotzain-laguntzaile eta bikario orokor izendatu zuten. Kargu hartan zela sortu zuen REMHI proiektuari jarraipena ematen dion ODHA proiektua, Guatemalako indarkeriaren urteetako biktimen lekukotasunak jasoaz, egia ezagutzeko helburuarekin. 1998an amaitu zuen Guatemala: sekula gehiago ez idatzia, eta argitaletxera eramatea lortu zuen, ezezagun batek bere etxe aurrean hil baino 54 ordu lehenago.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]