José María Martín Carpena
José María Martín Carpena | |||
---|---|---|---|
1997ko apirilaren 21a - 2000ko uztailaren 15a | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Málaga, 1950eko apirilaren 19a | ||
Herrialdea | Espainia | ||
Heriotza | Málaga, 2000ko uztailaren 15a (50 urte) | ||
Heriotza modua | giza hilketa: atentatua | ||
Hiltzailea | Euskadi Ta Askatasuna | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Alderdi Popularra |
José María Martín Carpena Alderdi Popularreko politikari bat izan zen, ETAk 2000ko uztailaren 15ean hil zuena.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]José María Martín Carpena enpresa-kudeaketan diplomatua eta zerga-aholkularitzako teknikaria zen eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren menpeko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean lan egin zuen.
1997ko apirilaren 21ean ibilbide politikoari ekin zion, PP alderdiaren zinegotzi izendatu zuten eguna. Karguan Juan Manuel Moreno Bonilla ordezkatu zuen, Andaluziako Juntara pasatu zena, diputatu gisa. 1999ko udal-hauteskundeetan, Celia Villalobos buru zen zerrendaren 15. postua hartu zuen eta bere alderdiak gehiengo osoa lortu zuenez (19 zinegotzi lortuz), zinegotzi kargua berretsi zuen.
Hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2000. urteko uztailaren 15aren gaueko 21:40tan hil zuten, bere etxe aurrean, tokiko pregoi batera joateko kotxe ofizial batean sartzen zenean. Larunbata zen eta José María Biznagako Pregoira zihoan bere emaztea eta 17 urteko alabarekin. Igor Solana Matarrán etakidea ordu bat baino gehiago zeraman tokian bere biktimaren zain eta, bere familiarekin kotxe ofizialera hurbildu zenean, sei aldiz tiro egin zion. Lau balek jo zuten zinegotziaren gorputzean, horietako bat garondoan, eta berehala hil zen. Hilketa burutu ondoren, gaizkileak Harriet Iragi Gurrutxagak gidatzen zuen ibilgailu batean ihes egin zuen. Martín Carpenak ez zuen inoiz mehatxurik jaso eta beraz, ez zuen inoiz eskoltarik eraman.
Hurrengo egunean Malagako udaletxean hil-kapera bat jarri zuten eta herritarrek bortizkeria eta terrorismoaren aurkako protestak egin zituzten. Jarraian hileta egin zuten, Malagako Katedralean. Bertan, politikari ugari izan ziren, besteak beste, José María Aznar, Manuel Chaves, Ana Botella, Jaime Mayor Oreja, Jesús Posada, Javier Arenas eta Francisco de la Torre alkatea.
Hiltzaileen atxiloketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atentatua burutu eta hiru hilabete beranduago, Igor Solana eta Harriet Iragi atxilotu zituzten Sevillan, atentatu berri batean Antonio Muñoz Cariñanos militarrari heriotza eman eta gero. 2001ean epaitu zituzten eta 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten.
Aintzatespena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere hilketaren hurrengo egunean, Urrezko Dolumina eman zioten eta urte bereko irailean, bere izena jarri zioten Malaga Hiriko Kirol Jauregiari, geroztik Martín Carpena Kirol Jauregia deitzen dena.[1][2][3][4] Horrez gain, hil eta 10 urte beranduago, 2010ean, omenaldia egin zioten bere jatorrizko udalerrian.[5] Huelin Parkean ere, bere memoriari eskainitako busto bat dago.[6]