Euskadi Ta Askatasuna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau euskal erakunde armatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus ETA (argipena).

ETAren anagrama
ETAren zigilua
ETAren zigilua
Siglak ETA
Sorrera 1958. urtearen bukaera[1]
Kide ezagunak
Ideologia Sozialista iraultzailea eta abertzalea
Kokapena  Euskal Herria
Ekintza eremua  Euskal Herria
 Espainia
 Frantzia
Aurkari nagusiak Espainiako estatu-egitura eta aparatuak (orokorrak zein erkidegokoak)
Frantziako estatu-egitura
Egoera Borroka armatua bukatua
Helburu militarrak Estatu-egitura ezberdinak
Indar armatuak
Polizia
Burgesiaren egitura ekonomikoak
Artikulu hau serie honen zatia da:
Eusko
abertzaletasuna
EH mapa hutsa.png

Euskadi Ta Askatasuna, ETA siglez ezagunagoa, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortu nahi duen erakunde armatu klandestinoa da, 1958. urtearen bukaeran sortua, hainbat Estatuk (Ameriketako Estatu Batuak,[2] Espainia,[3] Frantzia[4] eta Kanada[5]) eta nazioarteko erakundek (Europako Kontseilua,[6] Nazio Batuen Erakundea,[7] Europol[8] eta abar) erakunde terroristatzat izendatu dutena, eta bere burua «nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaile»tzat duena.[9] «Bietan jarrai» du goiburu.[10] 2010ean ekintza armatuak egiteari utzi zion arte, ETAren ekintza arruntenak lehergailu eta arma bidezkoak ziren, pertsonen nahiz ondasunen aurka. Hainbat enpresabururi estortsioa egin zien, iraultza-zerga delakoa ordainaraziz; eta bahiketak ere egiten zituen.[11] Guztira 829 gizabanako hil ditu,[12] bereziki segurtasun indarretako kideak eta politikariak, baina baita epaileak, enpresaburuak, kazetariak eta halako kargu edo ogibide publiko berezirik ez zuten lagunak ere.

Halaber, ETAk bere historian hainbat su-eten eta negoziazio saio egin ditu, eta 2010az geroztik ez ditu armak erabili. Izan ere, besteak beste Ezker Abertzaleak hala eskatuta, 2011ko urtarrilaren 10ean orain ere indarrean dirauen «su-eten egiaztagarri eta orokorra» aldarrikatu zuen;[13] eta 2011ko urriaren 20an borroka armatua behin betiko utzi zuela adierazi zuen.[14] 2012ko urtarrilean, jarduera armatua uzteko erabakia behin betikoa dela berretsi zion ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari.[15]

2002az geroztik hainbat alderdi politiko, 600dik gora hautes-zerrenda[16] eta gizarte-antolakunde legez kanpo utzi dituzte Hego Euskal Herrian, ETArekin nolabaiteko «lotura» izatea egotzita.[17][18]

Izena

1958. urtearen bukaeran Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik, Jose Maria Benito del Valle Larrinagak, Julen Madariagak eta Iñaki Larramendik Deban eginiko bileran, Txillardegik proposatuta, ETA izena jarri zioten (izen osoa Euzkadi Ta Azkatasuna[19] izanik); ATA (Aberria Ta Azkatasuna) izena jartzea ere pentsatu zuten, baina bizkaieraz «ahatea» esan nahi duelako baztertu zuten.[1]

Garai hartan, Euskadi izenak oso karga politiko handia zuen. Izan ere, diktadura garai hartan, debekatuta eta gogor erreprimituta zegoen Euskadi hitza erabiltzea; Euskal Herria, berriz, eragozpenik gabe erabil zitekeen,[20] Beraz, frankismoaren aurka ziharduten eusko abertzaleek (EAJ, Ekin, Euskadiko Mugimendu Sozialista...) eta ezkertiarrek (PSOE, EPK, errepublikarrak...) Euskadi terminoa erabiltzen zuten. Hasieran, Euzkadi zetadun idazkerarekin (ETAk berak egin zuen bezalaxe). Gero, 1968an, Euskaltzaindiak Batasunerako hiztegia argitaratu zuen, euskara batuaren hastapena, eta hor eusk- erroa ese hizkiaz idatzita ageri zen; horren eraginez, Euskadi idazkera nagusituz joan zen.

Historia

Sorrera

Txillardegi, Ekinen eta ETAren sorrerari buruz, Euskal Herriko Ahotsak proiekturako eginiko elkarrizketan.

1952an, Francoren diktadura garaian, Ekin isilpeko talde politikoa sortu zuten Bilboko unibertsitateko ikasle batzuek. 1956 urtean, talde hau EGIrekin elkartu zen, baina taldean sortzen diren desadostasunak direla eta, 1958 urtean taldea bereizi eta EGItik alde egindako kideek ETA sortu zuten 1959ko uztailaren 31n. Hasiera batean EAJren erosokeriari eta utzikeriari erantzuteko sortu zen, eta burutu zituen lehen ekintzak euskal kulturaren aldekoak izan ziren nagusiki. Garai hartan, oraindik ez zuen sozialista izaera, geroago hartuko zuen.

1960ko hamarkadan ETAk erakutsi zuen euskal gizartea bizirik zegoela eta, frankismo latza jasan arren, gai zela bere identitate nazionala berreskuratzeko. Garai hartan mugimendu politikoa zen, baina euskararen aldekoa ere bai: «gure helburua ez da botere politiko propioa duen Euskadi bat bakarrik, horrekin ez da nahikoa. Botere politiko hau hizkuntza eta kultura arrotz baten zerbitzura egongo balitz, gure helburuetan porrot egingo genuke».

Bortxazko ekinbidearen hasiera

Taldeko zuzendaritzako partaideak Eneko Irigarai, Lopez Dorronsoro, J.L. Alvarez Enparantza Txillardegi, J.M. Benito del Valle, J. Manuel Agirre, Patxi Iturriotz eta Julen Madariaga izan ziren. Testuinguruan optimismo historikoa dago, munduan Gerra Hotzaren ondorioz sorturiko hainbat talde armatu marxista, alde batetik, eta deskolonizazio prozesuan dauden beste hainbat, bestetik. 1959an Kubako Iraultza gertatzen da eta 1960an Algeriako Gerran Frantziak lehen galdera garrantzitsuak ditu. Gainera EAJrekiko desadostasunak geroz eta handiagoak dira, "ezer ez egitea" leporatzen diote ETAko militante gazteagoek:

« 1961 eta 1962ko urtean oso zalapartatsuak izan dira abertzaletasunaren aldetik. 1951etik 1960ra abertzaletasunaren garra zenbaiten ustez itzaltzen agertua ba zan ere, bapatean piztu egin da; eta poliziak berak daki ondoekin datorkeana... Esan bearrik ez, irakurleak bai-baitaki: ETA'k pizkunde jator ortan duen partea, ez da txikia izan.
Pizkunde au ikusita euskaldun guztiak ez dira poztu. Aitzitik, illundo eta bildurtu ere egin dira batzuk. Badirudi, oiei entzunda, berakin bukatzen dala Euzkide'ren istoria. Alere, bearrik, abertzaletasuna ez da 1936 ean gelditu.
 »

Txillardegi, 1962, "Zer da eutsi"?[21]

Zutik aldizkarian 1960tik aurrera hainbat eztabaida sortzen dira biolentziaren erabileraren inguruan. Horrela Txillardegik 1962an idatzitako testuan "eutsi" kontzeptuari erasotzen dio:

« ...noiz arte poztuko gera, besterik gabe, abertzaletasunaren garra itzali ez dalako? Naikoa dala esan liteke. Alere, suari eusktea, nai-ta-naiez-koa izaik ere, EZ DA ASKI. Euzkadi'ren "sua" gordetzea ez da aski. Euskal-Erria salbatu egin behar da.
(...)Baiña gure elburua Euskadi azkatuta eta euskalduna da; ez mendez-mende "suari eustea" bakarrik"
 »

[21]

Ildo beretik doa ale berdineko beste testu hau ere:

« Arjelia koloni bat zan, gaur Euzkadi'ren antzekoa. Arjeliarrak ez zuten ezertarako eskubiderik, edozein kolonitan gertatzen dan bezela. Legezko zanpatze uts bat zan. Beste biderik ezean arjeliarrak iskilluetara pasatzea eta OASrena ez dira IÑUNDIK alderagarri (...). Gaurko estaduak EZ DIRA EZER. IL BITEZ!!!  »

[21]

1961an Frankismoak "25 urte bakean" ospakizun eta marketing kanpaina jarri zuen martxan. Urte horretan bertan Jose Antonio Etxebarrietak hitzaldia eskaini zuen Parisko euskal zentroan, "No podemos hablar de Paz" izenarekin. Hitzaldi horretan borroka armatuaren beharra azpimarratu zuen, eta garaiko jeltzaleen aurka jardun. Lege zaharrera itzuli nahi izatea "nahikoa ez zela" esan zuen, eta 1961ko medioekin egin behar zela erantzuna:[22]

« Nazio batek bere askatasuna lortzeko behar duen oinarrizko kondizioa bere seme-alabek hori lortzeko gogoa izatea da, lortzeko beharrezkoak diren edozein bitarteko erabilita. [...] Legezko bitartekoak besterik ez erabiltzea beti obedientzia pasiboan jaustea da, edozein sistema eta sistema guztiek legez kanpokotzat izendatzen ahal dituztelako edozein unetan, Gobernu Zibilaren edo Espainiako Gorteen erabakiz. [...] Une batzuetan, armek beste ezerk ez du asebetetzen behar hori.  »

1961eko uztailaren 18an, Francoren aldeko soldadu ohiez betetako tren bat burdinbidetik ateratzen saiatu zen eta Espainiako bandera zenbait erre zituzten Donostian. Ekintzaren ondorioz, atxiloketa ugari izan zen eta Madariaga, del Valle, Irigarai eta Elosegi atzerrira joan ziren, besteak beste. Horrela, erakundearen barne antolaketa deseginik geratu zen. Presaka eta marko teorikorik gabe egindako ekintza hartaz idatzi zuen Julen Madariagak La insurrección en Euzkadi lanean:

« ETAk 1961eko uztailean trena errailetik ateratzeko eginiko saiakera guztiontzako irakasgai ona izan zen. Nahi izan genuen eskailerak hamarnaka igo; eta, argi dago, zaplaztakoa eman genuen. Ondorioa: ezin da joan lehen fasetik hamargarrenera (adibidez) lehenik eta behin erdian dauden beste etapa guztietatik pasa gabe.  »

Julen Madariaga, [23]

Aurretik esan bezala garai historiko honetan asko dira biolentziaren, deskolonizazioaren eta iraultzaz idazten ari diren egileak. Bi dira, ildo honetan, ETAren garapenean eragin handia izan zuten liburuak. Lehena Frantz Fanonen Lurraren kondenatuak izan zen. Liburu honetan, marxismo heterodoxoa teorizatzen zen deskolonizazioaren alde agertzeko. Jean-Paul Sartrek idatzi zuen hitzaurrea eta 1961an frantsesez eta 1963an gazteleraz argitaratu zen. Biolentzia nahitaezkoa zela adierazten zuen, elite burgesen kritika egin zuen (ETAk EAJrekiko zuen distantzia handitzeko erabili zuen argudiaketa) eta antolaketa maila altua eskatzen zuen, baina leninismoari kritika eginez.[24] Ildo honetan ETAk bide antikolonial edo hirugarrenmundialista hartu zuen.[25]

Bigarren liburu garrantzitsua Krutwigen Vasconia izan zen. Liburu horren atal batzuk ETAk erabili zituen bere militanteen formakuntza saioetan. Hala ere Txillardegik esan zuenez, liburu hori ez zen "ez Biblia ez tabu".[24]

Lehen eta Bigarren Biltzarrak

1962ko maiatzean, ETAk lehen biltzarra egin zuen, eta fronte berezietan egituratu zen erakundea: politikoa, kulturala, langileena eta militarra. Oinarri politiko eta ideologikoak finkatu zituen: zentralismorik gabeko demokrazia Euskal Herriarentzat, nazioen elkarte federala Europan, militarismoa gaitzestea eta erlijio loturarik gabeko estatua. Ekonomian, sozialismoaren alde agertu zen ETA, nahiz eta oso konkretua ez izan. Biltzarraren ondoren zortzi urtetan aurrera eramateko egitasmoa onartu zen, bi urteko epeetan banatua (zabalkundea egiteko, burkideak prestatzeko, armak eta dirua biltzeko eta ekintzetarako). Urte hartan bertan, bigarren biltzarra egin zen eta kide berri ugari sartu ziren erakundean. 1963an poliziak buruzagiak atxilotu zituenean, EGI erakundeko kide asko sartu zen ETAn.

Hirugarren Biltzarra

1963ko apirila-maiatza artean III. Biltzarra egin zen, jastako errepresioaren ostean berrantolatzeko asmoz. Garai horretan "La insurrección en Euzkadi" izeneko liburua ekoiztu zuten. Bere egile nagusia Julen Madariaga izan zen, baina Federico Krutwigen Vasconia liburutik hartuko zuen, Claude Delmasen La Guerre Révolutionairetik eta lehen aipatutako Jose Antonio Etxebarrietaren oharretatik.

Laugarren eta Bosgarren Biltzarrak

1965ean laugarren biltzarra egin zen eta 1967an bosgarrena, erakundearen sortzaileak eta kide zaharrenak atzerrian zeudela. Burkide berriek marxismoa bereganatu zuten eta hori zela eta, burkide zaharrekin eztabaidak hasi ziren.

Lehen hilketak

Gerora ETAk erailko zuen Ernest Lluchen ustez,[26] ETAk jarri zuen 1960ko ekainaren 27an Amara Zaharreko (Donostia) FEVE tren geltokian lehertu zen bonba, Begoña Urroz Ibarrola 22 hilabeteko haurtxoa hil zuena. Teoria horrek zabalkundea izan zuen,[27] baina Espainiako Barne Arazoetako Ministerioaren eta Guardia Zibilaren estatistikek beti azaldu dute 1968an hil zuela ETAk lehendabizikoz.[12][28] Gainera, hainbat ikertzailek erakutsi dute atentatua ETAri egozten dion teoria funtsik gabea dela, eta Urroz hil zuen bonba DRIL sare antifrankistak jarri zuela.[27][29][30] Egilea DRIL izan zela dago jasota, era berean, Espainiako poliziak 1961ean egindako txostenean (2013 arte isilpean gordea).[31]

ETAk, bada, 1968an hil zuen lehendabizikoz, hainbat urtez bestelako ekintzak egiten aritu eta gero: kaleetan ikurrinak jarri, salatariak mehatxatu eta ehunka plaka frankista hautsi, batik bat.

1968ko ekainaren 7an, Olarraingo (Tolosa) errepide kontrol batean ustekabean harrapatuta, Xabier Etxebarrieta etakideak José Pardines Arcay guardia zibila hil zuen. Etxebarrietarekin zihoan Iñaki Sarasketa etakidea ere. Bi etakideek ihesari emanda, guardia zibilek Etxebarrieta hil zuten, eta Sarasketa atxilotu.[32]

Bi hilabete geroago, abuztuaren 2an, ETAk Melitón Manzanas poliziaburu eta torturatzailea hil zuen Irunen; ETAk egindako aurreneko hilketa planifikatua izan zen. «Hilketa horretan eman zuen pausoa ETAk. Pauso hori ematea kosta egin zitzaien orduko ETAkoei, familia katolikoetatik zetozen eta. Ez zegoen boluntario askorik», azaldu du Jose Antonio Pagolak.[29]

Horrela, bete-betean ekintza armatuei heldu zien ETAk. Lehendabiziko armak Txekoslovakiari erosi zizkioten, Sobietar Batasunaren tankeak Pragako Udaberria zapaltzen ari ziren garaian.

Lehen zatiketak

1970ean seigarren biltzarra egin zen, eta ETA VI.a (joera troskistakoa) eta ETA V.a (partaide gehienak preso edo atzerrian zituena) bereizi egin ziren. Abenduaren 28an Burgosko prozesua hasi zen: Sei etakiderentzat heriotza zigorrak agindu ziren, baina handik bi egunera, nazioarteko presioak eraginik, Francok zigorrak aldatu behar izan zituen.

Urte haietan zatiketa handiak izan ziren: ETA VI.ekoak Liga Komunista Iraultzailean sartu ziren, LAIA erakundea sortu zen, fronte militarrak LAB sindikatua eratu zuen... 1973an poliziak «Txikia», ekintza armatuen arduradunetako bat, tiroz hil zuen eta horri erantzunez, ETAk bere historiako ekintzarik garrantzitsuena egin zuen: Luis Carrero Blanco almirantea hil zuen Madrilen. Carrero une hartan Espainiako gobernuko lehendakaria zen, eta Franco hiltzean haren tokia hartuko zukeela jotzen da.

Horrela, ETA frankismoaren aurkako erreferentzia bihurtu zen Europa osoko jende askorentzat. Espainiako trantsizioari begiratuta, Carrero Blanco hiltzeak frankismoaren gainbehera bizkortu zuela jo izan da. Hala, bada, ETAk kapital politiko handia bereganatu zuen Burgosko epaiketarekin eta Carreroren hilketarekin.[33]

Hamarkada horietan, erakundeak munduko beste erakunde armatuei elkartasuna adierazi zien: (Kurdistan, Vietnam, Uruguai, Aljeria...) 1972ko maiatzean, modu publikoan, beste bi erakunde europarrekin batera agerraldi bat egin zuen: Askapenerako Frente Bretoia (FLB) eta Irish Republican Army edo Irlandako Armada Errepublikarra (IRA).

ETA-m ETA-pm zatiketa

1987an Pasaian hildako Lutxi Urigoitia etakidearen omenezko margoketa Otxandion (2009).

1974ean eztabaidak izan ziren eta taldea bi zatitan banatu zen: ETA militarra (ETA-m) eta ETA politiko-militarra (ETA-pm). Azken honetan Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur nabarmendu zen eta Bereziak taldea sortu zen (Euskal Herritik kanpora ekintza armatuak egiteko arduradunak). ETA militarrak atentatuak egiten jarraitu zuen. Bitartean, diktadurak polizia-egoera berezia ezarri zuen eta ATE (Anti Terrorismo ETA) taldea sortu zuen.

Kartzelak eta erbestea etakidez beteak zeuden, eta horrela Komando Bereziak sortu ziren. 1975ean KAS (Koordinadora Abertzale Sozialista) sortu zuen ETA politiko-militarrak, ETAren inguruan sortutako zenbait talde biltzeko asmoz. Irailaren 27an ETA politiko-militarreko Juan Paredes «Txiki» eta Anjel Otaegi fusilatu zituzten FRAPeko (Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoa) hiru kiderekin batera. Hauek izan ziren Francoren gobernuko azken heriotza zigorrak.

Erreformaren aurka eta 80ko hamarkada

ETAk Lemoizko zentral nuklearraren aurkako eraso ugari egin zituen. Irudian, martxan jarri ez zen zentrala, 2006an.

1975eko azaroaren 20an Franco hil zen eta urtebete geroago Suárezen gobernuak erreforma politikoaren proiektua aurkeztu zuen. Uztailean Pertur desagertu egin zen; argi ez badago ere, familiaren ustez Bereziak taldeak hil zuena. Orduan hasi ziren ETAren eta Espainiako gobernuaren arteko harremanak.

1977an Espainiako hauteskunde orokorrak iritsi ziren, eta ezker abertzaleak abstentzioa eskatu zuen amnistiaren aldeko manifestazioetan. Ekainean erakundeak inoiz baino eraso gehiago egin zituen: 11 egunetan 34 eraso. Urte hartan aldaketa asko izan ziren: ETA politiko-militarrak su-etena proposatu zuen amnistia osoaren eta legeztatze politikoaren truke, Bereziak taldea ETA militarrera pasa zen eta ETA politiko-militarrak KAS utzi zuen Euskadiko Ezkerraren (EE) alde azaldu zen.

Iparraldean Biltzar Nagusiak egiten zituzten, Biltzar Ttipia edo zuzendaritza aukeratzeko. 8 sail zeuden banaturik: Informazioa, Propaganda, Komando Legalak, Komando Ilegalak, Politika Bulegoa, Ekonomia, Harreman Internazionalak eta Mugak. Berrantolaketaren ondoren, erakundeak komando iraunkor bat bidali zuen Madrila. Lehenengo ekintzan armadako bi kide hil ziren. Erantzuna gogorra izan zen: ETAren barnean mito bat, Jose Miguel BeñaranArgala, hil zuten.

Hegoaldea bitan banatzen zuen Gernikako Estatutua sortzen eta onartzen zen bitartean, erakundeak bere historiako eraso armatu handienak egin zituen. 1978an, ETAk 75 pertsona hil zituen; hurrengo urtean 71, eta 1980an 81 hildako izan ziren. ETA politiko-militarrak Mediterraneo itsasertzeko turismo industriaren kontra eta Lemoizko zentral nuklearraren kontra (Iberduero enpresaren aurka zuzenduz, bereziki) egin zituen atentatuak. ETA militarra, berriz, Espainiako Estatuaren kontrako zuzeneko borrokara bideratu zen. 1981eko estatu kolpea emateko ahaleginaren ondoren, ETA politiko-militarrak su-etena adierazi zuen eta desegiten hasi zen. Erakundearen kontrako iharduerak forma berriak hartu zituen: batez ere Iparraldean militante, lagun eta abertzaleak hiltzeko talde paramilitarrak eratu ziren Espainian (Triple A, GAL, Batallón Vascoespañol). 1982an Nafarroa eta EAE banatu ziren eta PSOEk hauteskundeak irabazi zituen. Denbora honetan (1977-1984) ETAk 500 pertsona inguru hil zituen.

Urte hartaz geroztik zenbait burkidek erakundea utzi zuten, Espainiako gobernuak berriro herriratzeko egindako proposamena onartuz. 1986an Maria Dolores Gonzalez Yoyes horregatik hil zuen ETA militarrak. Momentu hartatik aurrera, euskal gizartean ETAren desegin beharra ala jarraitu beharraren eztabaida biziki piztu zen. 1988an EAEko alderdi politiko guztiek (Herri Batasunak izan ezik) ETAren aurkako hitzarmena (Ajuria-Eneko Hitzarmena) sinatu zuten. 1989 urtera arte Espainia eta Frantziako kartzeletan ia 600 preso euskaldun sartu zituzten eta atentatu ugari izan ziren, baita hildakoak ere. Urtarriletik martxora bitartean, ETA eta gobernu espainiarraren arteko elkarrizketak izan ziren Aljerren. Hauek ez zuten aurrera egin eta dena lehen bezala geratu zen.

1992ko erorketatik Lizarrara

1992ko martxoan, erakundearen zuzendaritza atxilotu zuten Bidarten, eta, ondorioz, beste barne berrantolaketa bat gertatu zen. Beste garai batzuetan baino ekintza gutxiago egin zituzten, 1994an Francisco Veguillas teniente jeneralaren aurkako atentatua gertatu arte. Hauteskundeetan geroago Euskal Herritarrok eta azkenik Batasuna bihurtuko zen Herri Batasunak 11 eserleku lortu zituen. Hurrengo urtean PPko Donostiako zinegotzi Gregorio Ordoñez hil zuen ETAk Gipuzkoako hiriburuan, eta PPko presidente Jose María Aznar onik atera zen Madrilen eginiko atentatu batetik.

Alderdi Popularrak irabazi zituen 1996ko Espainiako hauteskundeak, eta erakundeak atentatu eta bahiketak egiten jarraitu zuen, haietako batzuk oso famatuak: bereziki, Miguel Angel Blanco 1997ko uztailaren 10ean bahitzea eta handik bi egunera hiltzea. Oso oihartzun handia izan zuen euskal eta espainiar herritarrengan, baita mundu zabalean ere. Ermuko espiritua izeneko joera eta jarrera piztu zuen. Manifestazio jendetsuak egin zituzten ETAren aurka Euskal Herriko eta Espainiako toki askotan. Blanco hil ondoren, haren izena zuen terrorismoaren aurkako erakundea sortu zen. Euskal Herriko gizarteari zirrararik handiena eragin dion ETAren atentatuetako bat izan da,[34] eta mugarria izan zen: ETAren indarkeriaren aurkako sentimendua asko indartu zen, baita ezker abertzalearen barruan ere, eta hori baliatuz ETAren eta ezker abertzalearen aurkako errepresioa asko gogortuko zen ordutik aurrera.[35][36]

Lizarra-Garazi eta su-etenaren haustura

ETAren anagrama, Altsasun.

1998ko uztailaren 15ean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzónek Egin egunkaria itxiarazi zuen, ETAri laguntzen ziola leporatuta (11 urte geroago, Espainiako Justizia organoek salaketa horietatik guztiz errugabetu zuten egunkaria).[37][38] 1998ko irailaren 12an Lizarran hitzarmen bat sinatu zuten hainbat alderdik (EAJ, EA, Euskal Herritarrok, Zutik, Abertzaleen Batasuna, Ezker Batua, EAE/ANV...) eta gizarte mugimenduk. Gero Donibane-Garazin berretsiko zuten, eta Lizarra-Garaziko Hitzarmena izena jarri zioten. Handik oso gutxira, ETAk su-etena deklaratzea erabaki zuen, EAJ eta EA alderdiekin akordio batera iritsi ostean. 1998ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Euskal Herritarrok alderdiak 14 eserleku lortu zituen. Aldi hartan, Aznarren gobernuak Kanarietan eta Balearretan zeuden ETAko presoak Iberiar penintsulara ekarri zituen, eta ETArekin elkarrizketatu zen. Elkarrizketa bat egin zen, Suitzan, baina porrot egin zuen. Erakundeko kideak atxilotzen jarraitu zuen Espainiako gobernuak, eta Joselu Geresta Ttotto hilik agertu zen Errenterian, egoera argitu gabean.

ETAk EAJri eta EAri leporatu zien ez zituztela betetzen hiruren artean sinaturiko hitzarmenak, eta 1999. urtearen bukaeran su-etena bukatutzat eman zuen. 2000ko urtarrilean berriro ekin zien atentatuei, eta kanpaina gogorra egin zuen: 14 hilabete horietatik aurrera, 45 heriotza baino gehiago eragin zituen talde armatuak.

2003tik 2006ko su-etenera

ETAko hiru kide Aritxulegin (Oiartzun), 2006ko Gudari Egunean.

2003ko otsailean, Espainiako Audientzia Nazionaleko Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria —euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra— itxiarazi zuen, ETAren tresna izatea leporatuta, eta Egunkarian zuzendaritzako kide edo arduradun ziren hamar lagun atxiloarazi, ETAri loturik izatea egotzita.[39] Erabaki horiek desegokitzat, neurrigabetzat edo eskubideen zapalketatzat jotzen zituen ahots ugari agertu zen.[40][41][42][43][44][45][46][47] Audientzia Nazionaleko Zigor Arloko epaimahaiak 2010ean plazaratutako epaiak adierazi zuenez, neurri horiek inolako oinarririk gabekoak ziren, eta ETArekin loturarik ez zuten ez Egunkariak, ez Egunkariaren arduradunek.[48]

Batasuna eta ezker abertzaleko hainbat talde (Segi, Askatasuna...) legez kanpo utzi zituzten, arrazoi desberdinak egotzita, horien artean epaitegietan inoiz frogatu gabeko ETArekiko lotura organiko bat. Batasunak 2003ko maiatzeko herrietako hauteskundeetan parte hartzerik izan. Honek paradoxaz beteriko egoera ekarri zuen, herri askotan boto baliogabeak izugarri izan baitziren, baita gehiengoa lortu ere batzuetan (Oiartzun, Hernani, etab).

2004an, Josep Lluis Carod-Rovira ERCko presidentea ETArekin izan zuen elkarrizketa batzuen ondoren, erakundeak Katalunian kanpaina armatua etetea erabaki zuen. Dena den, Rovirak bere elkarrizketan halakorik eskatu ez zuela esan du, edo, behintzat, Espainia osoarentzako tregua eskatu zuela. 2005ean kargu politikoen aurkako atentaturik ez zuela egingo ere jakinarazi zuen. Bitartean poliziak inoiz baino etakide gehiago atxilotu zituen.

Hiru urtez ETAk inor ez hil eta gero, nahiz eta ekintza armatuak ugariak izan (Espainiako administrazioa eta interes turistikoen aurka, Zerga iraultzaile delakoa ordaintzen ez zuten enpresaburuen aurka, etab.), 2006ko martxoaren 24tik aurrera ekintza armatuen etenaldi iraunkorra abiaraztea erabaki zuen, «prozesu demokratiko bat bultzatzeko» asmoz.

Barajasko aparkalekua, atentatuaren ondoren.

Bederatzi hilabete geroago, 2006ko abenduaren 30an, Madrilgo Barajasko aireportuan auto-bonba jarri eta lehertu egin zuen, martxoan hasitako su etena amaituaraziz. Hala eta guztiz ere, erakundeak 2007ko urtarrilaren 9an Gara egunkariari bidalitako agiri batean su-eten iraunkorra mantentzeko asmoa azaldu zuen, hildakorik izateko asmorik ez zuela-eta ordubeteko aurrerapenaz hiru deiren bitartez abisatu ondoren polizia aireportuko aparlekuak desalojatzeko gai ez izatea salatuz. Azkenik, urte bat eta hiru hilabete pasa ondoren, 2007ko ekainaren 5ean, ekainaren 6ko 00:00tatik aurrera su-etena hautsiko zuela jakinarazi zuen «negoziaketa prozesu batean aritzeko behar diren gutxieneko baldintzarik ez dagoela» argudiatuz.[49]

2007-2010

2007ko abuztuaren 24ko goizaldeko 3:30etan ETAko ustezko kide batzuek Durangoko Goardia Zibilaren egoitza erasotu zuten. 80 kilo lehergailuz betetako furgoneta batean heltzen ikusi zuten pertsona bat (gizonezkoa iruditu zitzaien), furgoneta kuartelaren ondoan aparkatu eta beste auto batean ihes egin zuen. Furgoneta lehertzean bi goardia zibil zauritu ziren, eta inguruko etxe eta ibilgailu asko kaltetu ziren. Geroago, Zornotzan (Durangotik 12 kilometrora) kotxe bat lehertu zen aparkaleku batean. Ustez Durangon furgoneta aparkatu zuenak ihes egiteko erabili zuena izan zen.

Goardia Zibilaren aurkako ekintza horren ostean, bonba bidezko hainbat atentatu burutu zituen ETAk epaitegien, ertzainetxeen eta PSE-EEko egoitzen aurka, besteak beste. Halaber, Capbretonen (Landak, Frantzia) bi goardia zibil hil zituzten.

PSEren egoitza baten aurkako ekintza (2009).

2008ko martxoaren 7an Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia tiroz hil zuen Arrasaten, autoan zegoela.[50]. Hilketa horrek martxoaren 9ko hauteskundeetarako kanpaina bertan behera utzi zuen.

2008ko abenduaren 3an Inazio Uria enpresaburua hil zuten tiroz, Azpeitian (Gipuzkoa). 71 urte zituen, eta Euskal Ya eraikitzen ari zen enpresetako baten arduraduna zen, Altuna y Uria enpresa hain zuzen. Eguerdiko 13:03-tan gertatu zen atentatua, Azpeitiako Loiola auzoan. Ondoren, Ertzaintzak, gizon bat aurkitu du loturik Itziar (Deba) gainean, berari lapurtu baitzioten etakideek autoa.[51]

2008ko abenduaren 31n, erakunde armatuak bonba-auto bat zartarazi zuen EITBk Bilbon duen egoitzan. Eraso honek kalte material nabarmenak eragin zituen, oraindik oso berria zen eraikinean.

2009ko otsailaren 23an Lazkaon atentatua gertatu zen. Lehergailu batek, eztanda egin zuen goizaldeko 3:00[52] aldera Lazkaoko PSE-EEren egoitzan. Urte bete beranduago, 2010eko martxoaren 16an Paristik gertu jendarme bat hil zuten etakideekin izaniko tiroketa batean. ETAk bere historian hildako lehenengo segurtasun indarretako kide frantziarra izan zen[53].

2010az geroztik: su-eten iraunkorra eta ekintza armatuen behin betiko uztea

2010eko irailaren 5ean BBC britainiar hedabidearen bitartez zabaldutako adierazpen batean, ETAkoek «hilabete batzuk» su-etenean zeramatzatela adierazi zuten, «prozesu demokratiko» bat aurrera eraman ahal izateko.[54] Irailaren 19an Bruselako Adierazpenaren sinatzaileekin aurrera begira hartu beharreko neurriak aztertzeko prest zeudela esan zuten. Zurrumurru askoren ostean 2011ko urtarrilaren 10ean su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria aldarrikatu zuen.[13]

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburuen elkarteko (Confebask) buru den Miguel Lazpiurrek 2011ko martxoan adierazi zuenez, ETAren historian lehendabiziko aldiz, su-eten honetan ez dira enpresaburuei estortsio gutunak bidaltzen ari, iraultza zerga biltzeko.[55] Hurrengo hilean, enpresaburuen elkarteei igorritako gutun batean, ETAk berak baieztatu zuen iraultza zerga bertan behera utzi duela, su-etenaren ondorio gisa.[56]

2011ko urtarrilean, Europako Kontseiluak erakunde, talde eta pertsona terroristen bere zerrendan ETA aipatzeari utzi zion.[57]

2011ko urriaren 20an, borroka armatua behin betiko utzi zuela adierazi zuen ETAk.[14] Espainiar eta frantziar gobernuei gatazkaren ondorioak gainditzeko elkarrizketak abiatzeko deia egin die, eta armak desegiteaz hitz egiteko prest agertu da, lau gai nagusi dituen bere negoziazio agendaren barruan:[58][59]

  1. Euskal preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea.
  2. Egitura militarrak desegitea.
  3. ETAren armen desegitea.
  4. Euskal Herriaren desmilitarizazioa.

Izan ere, erakunde horrek berak dioenez, «ETA ez da konponbide politikoaren mahaian eserita egongo. Ezker abertzalearen erreferentzia politiko nagusia den herritar batasunak ordezkatuko du ezker abertzale osoa mahai horretan».[58]

2012ko urtarrilean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ziurtatu zuen ETAk su-etena deklaratu zuenetik eta indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik eten egin direla ETAren «atentatuak, erasoak, mehatxuak eta estortsioa».[15] 2012ko maiatzean, ETAk adierazi zuen Espainiako eta Frantziako gobernuekin zuzeneko elkarrizketa izateko ordezkaritza bat izendatu duela, eta gobernu horiei dei egin zien lehenbailehen zuzeneko elkarrizketak abiatzeko.[59] Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek baztertu egin zuen ETAren deia; eta Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaile Bernard Valerok adierazi zuen «Euskal Herrian indarkeriaren amaiera bermatzeko Espainia egiten ari den lanarekiko elkartasuna» agertzen dutela eurek.[60]

2012ko azaroan, ETAk, gatazka armatuari bukaera egonkor eta ordenatua emate aldera, Frantziako eta Espainiako gobernuei bake elkarrizketetarako agendaren gai hauek proposatu zizkien:

  1. Euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratzeko epeak eta formulak.
  2. ETAren armagabetzearen, egitura armatuen desegitearen eta militanteen desmobilizatzearen epeak eta formulak.
  3. Euskal Herriaren desmilitarizaziorako urratsak eta epeak, Euskal Herrian dauden indar armatuak konfrontazio armatuaren amaierara egokituz.[61]

2013ko otsailean, ETAk (Garikoitz Aspiazu etakidearen bidez) barkamena eskatu zien «gatazkan inolako ardurarik izan gabe», erakunde armatuaren ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan diren herritar guztiei.[62]

Ekintzak

ETAk hildako gizabanakoak

Sakontzeko, irakurri: ETAk hildakoen zerrenda
ETAk hildakoak[12]
Zibilak 343
Poliziak edo militarrak 486
Guztira 829

ETAk hildako lehenengo pertsona Jose Pardines guardia zibila izan zen, errepide kontrol batean topo egitean, 1968ko ekainaren 7an. Aurrez antolatutako ekintza armatu batean hildako lehenengoa polizia politiko frankistaren Donostiako buru Melitón Manzanas izan zen. Geroztik, garrantzi eta izen handiko hainbat pertsona hil ditu, eta beste hainbat zauritu. Garrantzi berezia izan duten hilak hauek dira:

ETAk hil du, Espainiako historia osoan, Espainiako Armadako goi agintari gehien; inongo gudan ez dira hainbeste hil, ezta Espainiako Gerra Zibilean ere.

Su-etenak

  • 1989: urtarrilaren 8an, bi asteko su-etena eman zuen ETAk, Espainiako Gobernuak Aljerren negoziazioei ekinez gero luzatzeko eskaintzarekin. Bi aste horietan Espainiako Gobernuko ordezkaritza bat ETAko kideekin batu zen Aljerren. Negoziazioak ez zuen aurrera egin; ETAk apirilaren 4an hautsi zuen su-etena.[63]
  • 1997: azaroaren 20an, Guardia Zibilak Jose Antonio Ortega Lara funtzionarioa askatu eta lau hilabetera, espetxeetako langileen aurkako erasoetan su-etena aldarrikatu zuen ETAk.[63]

Kale borroka

Espainiako segurtasun indarrek ETAri kale borroka erabiltzea leporatzen diote, ETA eta haren «ingurua» erakunde beraren partetzat hartuta.[64][65] Ezker abertzaletik zein ekintza mota horien egileek berek beti ukatu izan dute ETAren eta kale borrokaren arteko lotura hori izan denik.[66]

Gobernuen erantzunak

Gerra zikina

Sakontzeko, irakurri: Gerra zikina Euskal Herrian
Eugenio Gutierrez, Tigre, GALek hildako ETAko kideetako bat

Presoak

Artikulu nagusia: Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Errefuxiatuak

Deportazioa

Errepresioak hildako gizabanakoak

Euskal Memoria Fundazioaren zenbaketak dioenez, Estatuaren aparatuek edo Estatuaren aginduetara zihardutenek egindako ekintzen ondorioz eta, oro har, gatazkaren esparruan kokatutako gertakarien kariaz, 474 euskal herritar hil dira 1960tik 2010era bitartean. Heriotza horietan ardura zuzena izan dutenen artean, Guardia Zibila nabarmentzen da (119 hil) eta Espainiako Polizia Nazionala da bigarrena (82). Gehienak Gipuzkoan (139 hil) eta Bizkaian (104) hil zituzten. Tirokatuta hil zituzten 165, eta segadan 57. Gizonezkoak ziren 414 hil, eta emakumezkoak 62. Gipuzkoarrak 201, eta bizkaitarrak 138 (eta, herrialde horien barruan, hiriburuen ingurukoak gehienak: Donostialdekoak 96, Bilbo Handikoak 87).[67]

Tortura salaketak

Sakontzeko, irakurri: Tortura#Tortura Euskal Herrian

Tortura kasuak eta salaketak ugariak izan dira Hego Euskal Herrian, ETAren eta, oro har, ezker abertzaleko kideen aurkako jazarpenean. Euskal Memoria Fundazioak hainbat garaitako 4.716 tortura testigantza dokumentatu ditu, torturaren «iraunkortasunaren eta zigorgabetasunaren» erakusgarri.[68] Salaketak ugariak izan arren, torturagatik zigortutako Estatuko funtzionarioak askoz gutxiago izan dira, nazioarteko hainbat erakundek salatu dutenez,[69][70] Espainiako «terrorismoaren aurkako» legeriak tortura errazten duten eremuei bide ematen dielako (nagusiki, atxilotuentzako inkomunikazio aldia, zeinaren arabera atxilotuak bost egunez egon daitezkeen poliziaren esku epailearen aurretik pasa arte).[71]

ETAren sorreratik, hainbat tortura kasu entzutetsu gertatu dira Euskal Herrian. ETAk burutu zuen lehenengo ekintzekin batera, Francoren erregimeneko poliziak ehundaka lagun atxilotu eta torturatu zituen. Torturek aurrera jarraitu zuten errepresio tresna sistematiko moduan frankismoak indarrean jarraitu zuen bitartean. Espainiako trantsizioan ere ugari izan ziren tortura kasuak. Euskal Herriko gizartean eragin handia izan zuen kasu bat 1981eko otsailaren 13an gertatu zen. Orduan, Joxe Arregi Izagirre etakidea hil zen Madrilgo (Espainia) ospitale batean, jasotako torturen ondorioz.[72] Hiltzear zegoela, «Oso latza izan da» esaldi ezaguna esan zien gela berean zeuden beste bi presori. Haren omenez, torturaren aurkako Euskal Herriko kolektibo batzuek Torturaren Aurkako Eguna izendatu dute otsailaren 13a.[73] Aurrerago, 1986 urtean, Mikel Zabaltza orbaiztar gaztea Guardia Zibilak atxilotu ondoren, hilda agertu zen Bidaso ibaian, eskuak eskuburdinez lotuta zituela. Poliziek ihes egin zuela esan zuten arren, aurrerago torturaren ondorioz hil zutela jakin zen, Zabaltzak biriketan zuen ura zela eta, beste hainbat ebidentziaren artean.[74][75][76] Denboran aurrera eginez, beste hamaika kasuren artean, aipagarri dira Unai Romano gasteiztar gaztearena, atxiloalditik burua ubelduraz josia atera zena[77] edota Martxelo Otamendi kazetariarena.[78] 2010ean, oraindik, lau guardia zibil zigortu zituzten bi etakide gogor torturatzeagatik.[79]

2012ko otsailaz geroztik (ETAk ekintza armatuak behin betiko utzi eta hilabete gutxira), tortura salaketarik ez du jaso Torturaren Aurkako Taldeak (TAT). Aurrerakada historikoa den arren, inkomunikazioa oraindik indarrean denez, tortura amaitutzat ezin dela jo adierazi zuen TATek.[80]

Ilegalizazioak

Artikulu nagusia: Espainiako Alderdien Legea

Kide nabarmenak

ETAren agiriak eta elkarrizketak

Erreferentziak

  1. a b Fermin MUNARRIZ: «Jose Luis Alvarez, Txillardegi: "Euskarak eraman ninduen abertzaletasunera"», Gara, 2010-11-14.
  2. (Ingelesez) «Terrorist Groups», AEBek terroristatzat jotzen dituzten AEBez kanpoko erakundeak («Foreign Terrorist Organizations»), Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Saila.
  3. «ETAren terrorismoa», Espainiako Barne Arazoetako Ministerioa.
  4. (Frantsesez) «Conseil Affaires Generales et relations exterieures - Affaires Generales - Conclusions - Extraits», erakunde terroristen Frantziako zerrendaren XIV. kapitulua, Frantziako Gobernuaren webgunean.
  5. (Ingelesez) «Currently listed entities», Kanadako Segurtasun Publikorako Ministerioa.
  6. (Ingelesez) «Common Position 2001/931/CFSP on the application of specific measures to combat terrorism and repealing Common Position 2006/231/CFSP» , Europar Batasunaren Egunkari Ofiziala.
  7. (Ingelesez) «Communication No 219/2002 : Switzerland. 2003/05/12. CAT/C/30/D/219/2002. (Jurisprudence)», Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoa.
  8. (Ingelesez) «EU terrorism situation and trend report 2007», Europol.
  9. ETAren 2010eko iraileko agiria
  10. 'Bietan Jarrai', el lema al que ETA nunca ha dejado de ser fiel, El Mundo, 2007-07-10
  11. Joshua Hammer: «Peace at Last?», Smithsonian, 2007ko urtarrila.
  12. a b c «Últimas víctimas mortales de ETA: Cuadros estadísticos», Espainiako Barne Arazoetako Ministerioa. Web orria bisitatu den data: 2011-10-23.
  13. a b c ETA declara alto el fuego permanente
  14. a b c «ETAk borroka armatua bukatu du», Berria, 2011-10-23.
  15. a b Koldo ALDABE: «Erabakiek ez dutela bueltarik esan dio ETAk Egiaztatze Batzordeari», Berria, 2012-01-27.
  16. (Euskaraz)  Elduaien, Oihana (Urtarrilaren 15a, 2009), «600dik gora zerrenda baliogabe», Berria (Andoain), http://paperekoa.berria.info/harian/2009-01-15/008/004/600dik_gora_zerrenda_baliogabe.htm .
  17. (Euskaraz)  «Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla erabaki du Auzitegi Gorenak», Berria.info (Andoain), Urtarrilaren 19a, 2007, http://www.berria.info/albisteak/18750/jarrai_haika_eta_segi_talde_terrorista_direla_erabaki_du_auzitegi_gorenak.htm .
  18. (Gaztelaniaz)  «Sentencia del juicio contra Gestoras/Askatasuna: penas de 8 y 10 años de cárcel», Gara (Donostia), Irailaren 18a, 2008, http://info.nodo50.org/La-AN-condena-a-penas-de-entre-8-y.html .
  19. ETA: «Euskal Herria'ri E.T.A.'k dei», 1964-01-01. [ETAren historiako lehen agiria.]
  20. Joan Mari Torrealdai (1999): La Censura de Franco y el tema vasco, Kutxa Fundazioa, 1999. ISBN 84-7173-349-8.
  21. a b c Zutik, 7. zenbakia. 1962
  22. Etxebarrieta, Jose Antonio. No podemos hablar de Paz. 1961.
  23. Julen Madariaga. La insurrección en Euskadi. 1963
  24. a b Casanova, Iker. ETA 1958-2008. Medio siglo de historia. Txalaparta editoriala.
  25. Pau CASANELLAS PEÑALVER: «Los espejismos de 1968. Teorización de la violencia en la izquierda radical española», in María Encarna NICOLÁS MARÍN (koord.), Carmen GONZÁLEZ MARTÍNEZ (koord.): Ayeres en discusión: temas clave de Historia Contemporánea hoy, Servicio de Publicaciones de la Universidad de Murcia, 2008, ISBN 978-84-8371-772-1
  26. Ernest LLUCH: «El problema de mi querida tierra vasca», El Mundo, 2000-11-22.
  27. a b (Gaztelaniaz) Santiago DE PABLO: «¿La primera víctima de ETA?», El Correo, 2010-06-19.
  28. «Estadísticas: víctimas de ETA», Guardia Zibilaren webgunea. Noiz kontsultatua: 2011-10-26.
  29. a b Ainhoa OIARTZABAL: «Begoña Urroz afera», Berria egunkariko Igandea gehigarriko erreportaje luzea, 2011-02-20.
  30. (Gaztelaniaz) Javier NÚÑEZ: «Verdad eclipsada», Deia, 2010-02-21.
  31. Ainhoa OIARTZABAL: «Polizia agirien arabera, DRILek hil zuen Begoña Urroz haurra, ez ETAk», Berria, 2013-05-05.
  32. Óscar GUTIÉRREZ: «El primer día en el que ETA asesinó», El País, 2008-06-04.
  33. José María Calleja: «Carrero, Franco y ETA», Diario Vasco, 2006-12-26. Eskuratze data: 2011-02-14.
  34. (Gaztelaniaz) «Una oportunidad de solución nueva sobre las experiencias de Argel y Lizarra», Gara, 2006-03-23.
  35. Imanol Murua Uria: Esan eta Egin. Joxe Elorrietari elkarrizketa, Manu Robles-Arangiz Institutua, 2009.
  36. Mikel Asurmendi: «Petxo Idoyaga: "Kazetariek notarioak izan behar dute gatazkari begira"», Argia, 1809. zenbakia, 2001-05-27.
  37. (Gaztelaniaz) «El Supremo rebaja las condenas del 18/98 y desmonta ahora la tesis usada para cerrar Egin», Gara, 2009-05-27.
  38. (Gaztelaniaz) Espainiako Auzitegi Gorenak Egin kasuan emandako epaia, 2009-05-22.
  39. «El juez Del Olmo cierra el periódico 'Egunkaria' por ser "instrumento" de ETA», El País, 2003-02-21.
  40. (Gaztelaniaz) Terra fundazioa eta EFE agentzia: «Reacciones por el cierre del diario Egunkaria», 2003-02-20.
  41. (Katalanez) (Gaztelaniaz) «Dues visions d'una manifestació contra el tancament d'Egunkaria», Contrastant, 2003-02-29.
  42. «Los nacionalistas vascos responden a la clausura con indignación», El País, 2003-02-21.
  43. Miguel Ángel BARROSO: «Mikel Buesa-Gorka Landaburu: La manifestación de las víctimas, a debate», ABC, 2005-06-03.
  44. Teresa AGIRREAZALDEGI eta Txema RAMIREZ DE LA PISCINA (2008): «Diario Euskaldunon Egunkaria: Testigo y actor de la cultura vasca», Komunikazio ikasketen aldizkaria, 26. zenbakia, 2009, 185-209. orrialdeak.
  45. Mugarik Gabeko Berriemaileak: «Reporteros Sin Fronteras pide explicaciones sobre el cierre del periódico vasco Euskaldunon Egunkaria», Mugarik Gabeko Berriemaileak, 2003-02-20.
  46. Egunkariaren aldeko Madrilgo plataformako atxikimenduak.
  47. (Gaztelaniaz) «Exdirector de Egunkaria denuncia la situación de encarcelamiento que aún vive el consejero delegado del periódico clausurado por justicia», Noticiasdot.com, 2004-05-21.
  48. (Gaztelaniaz) Espainiako Audientzia Nazionaleko Zigor Arloko epaimahaia: 27/2010 Epaia, 2010-04-12.
  49. Su-eten iraunkorra bertan behera uztea erabaki du ETAk, gaur gauerditik aurrera
  50. Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia hil du ETAk tiroz, Arrasaten Berria, 2008ko martxoaren 8a
  51. Inazio Uria, enpresaburu azpeitiarra tiroz hila Azpeitian Berria, 2008ko abenduaren 3a
  52. Atentatuaren albistea, Eitb.com, 2009-02-23
  53. (Euskaraz)  Tiroketaren lekuko eta atxilotua galdekatzen ari dira, eitb, http://www.eitb.com/albisteak/politika/osoa/378737/tiroketaren-lekuko-eta-atxilotua-galdekatzen-ari-dira/. Noiz kontsultatua: 2010-03-17 .
  54.   BBC, Spain's Eta declares ceasefire, BBC, http://www.bbc.co.uk/news/world-europe-11191395. Noiz kontsultatua: 2010-09-05 .
  55. «Lazpiur confirma que es la primera tregua sin que haya cartas de extorsión», El País, 2011-03-16.
  56. Jokin SAGARZAZU: «'Iraultza zerga' eten duela jakinarazi die ETAk enpresaburuei», Berria, 2011-04-29.
  57. (Gaztelaniaz) «Decisión 2011/70/PESC del Consejo, de 31 de enero de 2011 , por la que se actualiza la lista de personas, grupos y entidades a los que se aplican los artículos 2, 3 y 4 de la Posición Común 2001/931/PESC sobre la aplicación de medidas específicas de lucha contra el terrorismo», Europar Batasunaren webgunea.
  58. a b Iñaki SOTO: «ETAri elkarrizketa: "Soilik herriak berma dezake prozesuaren garapena, berea da protagonismoa"», Gara, 2011-11-11.
  59. a b «Gobernuekin "elkarrizketa zuzena" izateko ordezkaritza bat izendatu du ETAk», Berria, 2012-05-16.
  60. «Espainiako Barne ministroak baztertu egin du ETAren eskaintza», Berria, 2012-05-16.
  61. ETAren adierazpena, 2013-02-18.
  62. [www.argia.com/albistea/eta-sentitzen-dugu-herritarrei-eragindako-minagatik «ETA: "Sentitzen dugu herritarrei eragindako kalteagatik"»], Argia, 2013-02-18.
  63. a b c d e f g «ETAk emandako su-etenak», Konponbideari begira agerkari berezia, Berria.info webgunea.
  64. Centro de Análisis y Prospectiva: «La kale borroka y la estrategia de ETA», Guardia Zibila.
  65. «La operación de la Policía contra el terrorismo callejero permite esclarecer hasta el momento al menos once ataques de “kale borroka”», Espainiako Barne Arazoetako Ministerioa, 2007-10-19.
  66. (Gaztelaniaz)  Mujika, Gari (abuztuaren 30a, 2008), «Lucha política bajo las capuchas y los cócteles», Gara (Donostia), http://www.rebelion.org/noticia.php?id=71990 .
  67. Euskal Memoria Fundazioa: Gatazkaren beste biktimak.
  68. Jokin SAGARZAZU: «Ilunpean korapiloak askatzen», Berria, 2012-11-30.
  69. «Amnistía Internacional denuncia la ley antiterrorista», El País, 1982ko abenduaren 15a.
  70. «Los derechos civiles y políticos, en particular las cuestiones relacionadas con la tortura y la detención. Informe del Relator Especial sobre la cuestión de la tortura, Theo van Boven», Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko Giza Eskubideen Batzordea, 2004ko otsailaren 6a.
  71. «Medidas antiterroristas en España», Human Rights Watch, 2004ko urtarrila.
  72. «El informe forense reconoce que José Arregui fue torturado», El País, 1981eko otsailaren 17a.
  73. «13 de Febrero, dia contra la tortura en Euskal Herria, Aniversario del asesinato de Joxe Arregi», 2006ko otsailaren 10a.
  74. «El análisis del agua que contenían los pulmones de Zabalza ratifica que murió ahogado en el Bidasoa», El País, 1986ko urtarrilaren 9a.
  75. «Extraña muerte en el Bidasoa. El gran amañador en el "caso Zabaltza"» El País, 1996ko maiatzaren 13a.
  76. «Un informe del Cesid confirma que Zabalza murió en Intxaurrondo», El Mundo, 1997ko apirilaren 15a.
  77. «Unai Romanoren tortura salaketa».
  78. Martxelo Otamendiren tortura salaketa
  79. «Lau guardia zibil zigortu ditu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Portu eta Sarasola torturatzeagatik», Berria, 2010eko abenduaren 30a.
  80. «Urtebeteko arnasa», Berria, 2013-02-22.

Kanpo loturak

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskadi Ta Askatasuna Aldatu lotura Wikidatan
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: ETA .