PP
| Alderdi Popularra Partido Popular (PP) |
|
|---|---|
| Presidentea | Mariano Rajoy |
| Buruzagia | María Dolores de Cospedal |
| Sorrera | 1989 |
| Egoitza nagusia | Madril |
| Ideologia politikoa | eskuinekoa, kontserbadorea, kristau-demokrata eta neoliberala |
| Nazioarteko afiliazioa | Demokraten Nazioarteko Batasuna Europako Alderdi Popularra Kristau Demokraten Internazionala |
| Espainiako Diputatuen Kongresuan 153 / 350
Espainiako Senatuan 4 / 123
Europar Legebiltzarrean 23 / 50
|
|
| www.pp.es | |
Alderdi Popularra, Alderdi Herrikoia euskaraz; (gaztelaniaz Partido Popular). Espainiako alderdi politiko bat da. Manuel Fraga Iribarnek 1976. urtean eratu zuen, Alianza Popular izenpean. Alderdiko burua Mariano Rajoy da eta alderdiaren idazkari nagusia Angel Acebes. Alderdi Popularraren ideologia eskuindarra da eta gizarte baloreetan kontserbadorea.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
Espainiako PP 1989an sortu zen, ordu arte Alianza Popular izandakoak bere IX. Kongresuan izen berria hartzea erabaki zuenean.
1996tik 2004ra Espainiako Gobernuaz arduratu zen, José María Aznar presidente bezala.
[aldatu] Alderdi Popularra EAEn
Euskal Autonomia Erkidegoan ere hasieratik dihardu PPk, eta 1990ko legebiltzarrerako hauteskundeetan hartu zuen lehenengoz parte izen horren pean. Lehen hauteskunde haietan botoen %8,23 baino ez zituen lortu Alderdi Popularrek, eta haiei esker 6 parlamentari eskuratu zituen. Nolanahi ere, asko hobetu zituen aurreko legebiltzarreko hauteskundeetan bere aurrekari Koalizio Popularrek lortutako emaitzak, CPk bi legebiltzarkide baino ez zituen eta. Orduz geroztik, gora egin zuen botoetan, EAEko eskuin espainolista bere inguruan bildu baitzuen PPk.
1993ko hauteskunde orokorretan botoen %15 lortu zituen, %18,6 1996koetan eta %28,8 2000. urtekoetan: Araban hiru senatari eta bi diputatu, Bizkaian senatari bat eta hiru diputatu, eta Gipuzkoan senatari bat eta bi diputatu eskuratu zituen. 2000. urteko hauteskunde orokorretan EAEko bigarren alderdia izan zen PP boto kopuruan, EAJren atzetik bi punturen aldez bakarrik.
Eusko Legebiltzarrean izan duen ordezkaritzari dagokionez, nahiz eta hauteskunde horietan orokorretan baino emaitza pobreagoak izan, etengabe igo da botoetan zein eserlekuetan: 1994koetan botoen %14,4 eta 11 legebiltzarkide lortu zituen, eta 1998koetan botoen %20 eta 16 legebiltzarkide. 1998ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere EAEko bigarren alderdi bilakatu zen PP botoen arabera, postu hori PSE-EEri kenduz. 1999. urtean egindako udal, batzar nagusi eta Europako parlamenturako hauteskundeetan ere emaitza aipagarriak lortu zituen PPk, goranzko joerari eutsiz. Bigarren postua berretsi zuen EAJ-EA alderdiek osatutako koalizioaren ondotik Europarako parlamenturako hauteskundeetan, eta udal eta batzar nagusietarakoei dagokienez, nabarmen egin zuen gora EAEko hiru lurraldeetan. Gorakadarik nabarmenena, ordea, Araban izan zuen, eta emaitza horiei esker eta sozialisten laguntzaz hainbat urtez EAJren esku egondako bi erakunde garrantzitsu Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko udala eskuratu zituen, horien buruan Ramón Rabanera eta Alfonso Alonso jarriz.
EAE mailako politikagintzari dagokionez, 1998ko hauteskundeen ondoren hasi zen legegintzaldian oposizio gogorra egin zion PPk EAJk eta EAk osatu zuten Jaurlaritzari, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zela, hasieran EHren babes parlamentarioarekin. 2000. urteko urrian lehendakariaren aurkako zentsura mozioa ere aurkeztu zuen PPk baita PSE-EEk ere. Eusko Legebiltzarraren historian lehendakari baten aurka aurkeztutako lehena, Lehendakariak legegintzaldia bertan behera utzi eta hauteskundeak dei zitzala behin eta berriro eskatuz.
EAJ eta EA Lizarrako Akordioa sinatu ondoren EHrekin lerratuta egoteaz salatuz, PPk eta PSE-EEk euren arteko elkarlana indartu zuten, eta horren lekuko izan zen, besteak beste, alderdi biek 2000. urteko abenduan hilabeteko negoziazioaren ondoren estatu mailan sinatutako Acuerdo por las libertades y contra el terrorismo deituriko akordioa.
ETAk gogor eraso zon PPri: 1995ean Gregorio Ordoñez Donostiako zinegotzia eta 1997ean Miguel Angel Blanco Ermukoa hil zituenez geroztik, beste hainbat PPko zinegotzi hil zituen Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, baita, 2001. urteko apirilean, Aragoiko PPren presidentea ere. Su-etenaren aurreko urtean, 1998an, lau zinegotzi eta haietako baten emaztea hil zituen, eta su-etena bertan behera utzi ondoren, beste lau 2000. urtean zehar.
2001. urteko hauteskundeetan lortu zuen boto kopuru handiena EAEko PPk. Hortik aurrera, botoen beherakada jasan zuen. Gaur egun, PP Eusko Legebiltzarreko hirugarren alderdia da eserlekuen kopuruarekiko, EAJ eta PSE-EEren atzetik. Guztira 3 udalerritako alkatetzak ditu, 2 Araban eta 1 Gipuzkoan.
Euskal Autonomia Erkidegoan hirugarren indar politikoa da botoen kopuruarekiko, Eusko Legebiltzarrean 13 eserleku betez. Hirugarren alderdia izan arren, Legebiltzarreko mahaiaren presidentzia du PPk (Arantza Quiroga) PSE-EErekin lortutako akordioari esker.
[aldatu] Alderdi Popularra Nafarroan
Nafarroan Alderdi Popularra UPNren bidez aurkeztu da 1991tik 2008ra. Urte hartako urrian krisia izan zen PP eta UPNren arteko harremanetan. UPNk PSOEren Espainiako aurrekontu orokorren bozketan, Kongresuan, abstenitzea erabaki zuenean PPk UPNrekiko harremanak behin-behinean bertan behera utzi zituen. Urriaren 28an PPk UPNrekin zuen akordioa apurtutzat jo eta alderdia Nafarroara hedatuko zuela jakinarazi zuen[1].
[aldatu] Eskualde presidenteak
Andaluzia: Javier Arenas
Aragoi: Luisa Fernanda Rudi
Asturias: Ovidio Sánchez Díaz
Balear Uharteak: José Ramón Bauzá
Kantabria: Ignacio Diego
Kanariak: José Manuel Soria
Gaztela eta Leon: Juan Vicente Herrera, (Gaztela eta Leongo Juntako Presidentea)
Gaztela-Mantxa: María Dolores de Cospedal
Katalunia: Alicia Sánchez-Camacho
Valentziako Erkidegoa: Francisco Camps, (Valentziar Generalitateko Presidentea)
Extremadura: José Antonio Monago
Galizia: Alberto Núñez Feijoo, (Galiziako Xuntaren Presidentea)
Madrilgo Erkidegoa: Esperanza Aguirre, (Madrilgo Erkidegoko Presidentea)
Murtziako Eskualdea: Ramón Luis Valcárcel, (Murtziako Erkidegoko Gobernuko Presidentea)
Nafarroa: Santiago Cervera
Errioxa: Pedro Sanz (Errioxako Gobernuko Presidentea)
Euskadi: Antonio Basagoiti
Ceuta: Pedro Gordillo
Melilla: Arturo Esteban
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.
- ↑ PPk alderdia sortuko du Nafarroan Berria, 2008ko urriaren 28a
[aldatu] Kanpo loturak
- (Gaztelaniaz) Alderdiaren webgunea