Juergasmoan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juergasmoan
Tapia eta Leturiaren albuma
Egilea(k)Tapia eta Leturia
Argitaratze-data1989
IzenburuaJuergasmoan
Banatze bideadisko konpaktu eta musika-streaming
Ezaugarriak
Genero artistikoatrikitia eta pop musika
DiskoetxeaElkar
Deskribapena
Honen parte daTapia eta Leturia-ren albumak
Badok: tapia-eta-leturia/juergasmoan

Juergasmoan Tapia eta Leturiaren euskal folk musika taldearen estudioko bigarren diskoa da. 1989an kaleratu zuten diskoa.[1]

Leturia eta Tapia

"Juergasmoan" terminoa hitz-jokoa da, "juerga-asmoan" (parranda-asmoan) eta "orgasmoan" terminoak iradokitzen dituena. Abestien izenburuetan badira horrelako beste hitz-joko pare bat: "Parrandango" (parranda + fandango) eta "Eromeria" ("erromeria zoroa" edo).

Lan horretan, laguntzaile talde zabala izan zuten ondoan: Mikel Artieda, Aitor Amezaga, Mixel Ducau, Jose Alberto Batiz, Anjel Valdes... Eta horiekin guztiekin taldearen soinua askoz elektrikoagoa bihurtu zen, trikitiaren ohiko doinuetatik aldenduta.[2]

Kantu gehienak oso herrikoi bihurtu dira. Eragin handia izan dute, urteak joan ahala, soinu joleen eta pandero joleen artean; 2022ko dantzaldietan oraindik ere jotzen ziren hainbat; beste estilotako taldeek berregindakoak... memoria kolektiboaren parte diren kantu eta doinu andana. Hamahiru kantuko bilduma batek denboran honela irautea ez da bat ere ohikoa. [1] Disko horretako hainbat abesti euskal kantutegiaren klasiko bihurtu dira dagoeneko: "Maitatzen zaitudalako" (Joxan Ormazabalek idatzia), "Anbototik Gorbeara" eta "Hik lan eta nik jai" (Xabier Amurizak idatzia), baita Flaco Jimenez mexikarraren bi bertsio ere: "Maddalen" eta "Festarik festa".[2]

Osotasun bat badu lanak, eta bidaiaren metafora begi-bistakoa da. Azalak berak argitzen du. Aurreko fotoan biak ageri dira, bizikleta gainean, portutik behera begira. Beraiekin dituzte soinu txikia eta panderoa. Kontrazalean berriz ere Tapi ta Letu, txalupan, itsasoan, hainbat soinu eta pandero bai, baina baita anplifikadoreak, kableak eta bost sokako banjoa ere. Piezen segida metafora horren baitan ederki esplikatua da.[1]

Abestien hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joxantonio Ormazabal

Abestien hitzetan tradizioa eta garaikidetasuna berriz ere: iturri zaharretik kopla berriak, (auto)kritika umoretsu-ironikoa, besta giroko gaiak; hitz goxo, zorrotz zein bitxiek badute hemen tokia, guztia ederki asko uztarturik. Eta bizi dituen gizartearen halako panorama edo collage bat osatzen dute testuok.[1]

Joxerra Garzia

Joxantonio Ormazabalen, Xabier Amurizaren, Jakoba Errekondoren eta Joxerra Garziaren hitzak ere aukeratu dituzte album honetarako.[3]

Jakoba Errekondo

Triki pop-aren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trikitiaren ohiko mugak apurtuta, Tapia eta Leturiak entzule berriengana eraman zituzten beren doinu dantzagarriak.[2]

« Nik oso gaztetatik izan nuen eskusoinua rock-era hurbiltzeko gogoa, baina orduan ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Garai hartan trikitiaren mundua oso lotuta zegoen nekazal girora eta erromerietara, eta bazirudien ezinezkoa zela bi mundu horiek elkar hurbiltzea. 80ko hamarkada hasierako urte haietan, trikitia oso gustuko nuen bezala, Hertzainak eta Kortatu asko entzuten nituen, baita AC/DC edo Ramones ere; baina ez zegoen bi mundu horien arteko loturarik. 1987an Anje Duhalderekin jotzen hasi nintzenean, lehenengo harremana izan nuen bateria, baxu eta abarrekin, eta ni ere animatu nintzen antzeko zerbait egitera. Gero gu ere hasi ginen erromeria elektrikoak egiten. Horrek guztiak ekarri zituen berrikuntza batzuk »

Joseba Tapia[2]


Juergasmoan-ek popularra vs. sofistikatua dikotomia faltsua zartatzen du. Trebezia teknikoa eta lengoaia ezberdinen ezagutza praxiak mamiturik. Kasu: soinuaren zein panderoaren banakako eta elkarren arteko lana altura handiko hegaldietan dabil hemen. [1]

Harmoniaren gaiak ere badu mamia. Soinua jotzeko moduan, bistan denez, baina bereziki bozen lanketan. Koroak ez dira paraleloan sortutako ohiko lerro hutsak: harago doaz. Pop musikatik —musika anglosaxoitik, horrela esateko— edaten dute, eta gaur ohikotzat entzuten baditugu ere, freskotasun eta goxotasun harrigarria dute oraindik. Lau boz diferente daude, Joseba Tapia, Xabier Berasaluze, Begoña Tapia eta Edurne Iradirenak.[1]

Tradiziotik hasten da diskoa, non tradizioa ez den tiradera batean gordeta dagoen harri zati bat, baizik eta errekan dabilen harri bat, goroldiorik lotzen ez zaion horietako bat. Fandangoaren eta porrusaldaren lengoaia zabalduz jauzi bat egiten da hemen.[1]

Gerora etorriko zenaren oinarria jartzen du disko honek (Triki-pop'n'shit). Triki pop horretan hasiko ziren beste talde batzuk ere Gozategi, Maixa ta Ixiar, Alaitz eta Maider... Baina mahai gainean jartzen diren kontzeptuak asumitu zirenerako Tapia eta Leturia dagoeneko beste toki batean ziren. 1997an Ero aterako dute (Tapia eta Leturia Band taldearekin), eta urtebete geroago, 1998an Danba. Eta horren ondoren ere, beti aitzinera begira. Badu zer ikasi eta zer pentsa, hala nahi duenak.[1]

Abestien zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Flaco Jiménez

A aldea Jo eta hautsi lehen lana bukatzen den tokitik pauso bat aurrerago hasten da. Ohiko tokian, bai-baina. Eta kantuz kantu, soka hori tenkatuz joaten da. Soinu-pandero-bozez emaniko lau kanturekin hasten da A aldea (Maitatzen zaitudalako, Stressa, Anbototik Gorbeara, Sinistu ezkero). Bosgarren pieza soinu eta pandero hutsez emandako fandango bat da (Parrandango: hor ere hitz jokoa da: parranda + fandango = Parrandango). Eta horren ostean arin-arina dator: gitarra apala eta atabalak sartzen dira jolasean, ttak! Txalupa badoan seinale. Jakina aurretik ere jazpana erabilia izan zela, baina toki horretan nola datorren ikusita, maisulana da estruktura aldetik. Eta A aldea bukatzeko, noski, kalejira bat, Mixel Ducauren gitarra elektrikoaz lagundurik: Kalejira heavy.[1]

Orduan B aldea dator, eta azeleragailua barruraino sakatua da: countrya (Hik lan eta nik jai) tex-mexa (Maddalen, Festarik festa) Karibea (Besamotza) Two-Tone zerbait (Eromerian), eta, bukatzeko, herrira buelta, kanpoko gerra baten erruz itsu (Solferinoko itsua). Bidean, tronpetak, sinteak... unean unekoa janzteko lanabesak.[1]

Xabier Amuriza

Hauek dira diskoan azaltzen diren 13 abestiak:[3]

  1. Maitatzen zaitudalako (Hitzak: Joxan Ormazabal - Musika: Joseba Tapia)
  2. Stressa (Hitzak: Joxan Ormazabal - Musika: Joseba Tapia)
  3. Anbototik Gorbeara (Hitzak: Xabier Amuriza - Musika: Joseba Tapia)
  4. Sinistu ezkero (Hitzak: Joxan Ormazabal - Musika: Joseba Tapia)
  5. Parrandango (Musika: Joseba Tapia)
  6. Arin dabil arin (Musika: Joseba Tapia)
  7. Kalejira heavy (Musika: Joseba Tapia)
  8. Hik lan eta nik jai (Hitzak: Xabier Amuriza - Musika: Joseba Tapia)
  9. Maddalen (Hitzak: Joseba Tapia - Musika: Flaco Jimenez)
  10. Festarik festa (Hitzak: Tapia eta Leturia - Musika: Flaco Jimenez)
  11. Besamotza (Hitzak: Jakoba Errekondo - Musika: Joseba Tapia)
  12. Eromerian (Hitzak: Joserra Garzia - Musika: Joseba Tapia)
  13. Solferinoko itsua (Herrikoia)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j Celestino, Ion. «Bizikleta eta txalupa» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  2. a b c d «Trikiti doinuekin kulunkan -» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2020-08-05).
  3. a b «Juergasmoan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]