Kortatu
Wikipedia(e)tik
| Kortatu | ||
|---|---|---|
Kortatu zuzenean
|
||
| Datuak | ||
| Jatorria | Irun, Euskal Herria | |
| Musika mota | Ska, Reggae, Punk, Rock | |
| Instrumentuak | baxua, gitarra, bateria | |
| Urteak | 1984 - 2005 | |
| Diskoetxeak | oihuka, Soñua, Esan ozenki, Nola! | |
| Taldekideak | ||
| Fermin Muguruza, Iñigo Muguruza, Treku Armendariz, Kaki Arkarazo | ||
Kortatu ska eta punk musika taldea izan zen. 1984ko udan Irunen osatu zen.
Hasieran batean Euskal Rock Radikal labelpean kokatu zuten arren, Kortatuk sailkapen guztien aurka egin zuen. The Clash talde britaniarra haren oinarrietako bat izan zen. Lehenengo diskoetan euskaraz eta gaztelaniaz abesten zuten, baina azkena euskara hutsean dago.
Pixkanaka ska mugimendutik hip-hop aldera mugitu ziren. Letrei dagokienez, "party-ska"tik "combat-rock" aldera garatu ziren. Hala ere, doinu nagusiak aldatzeke jarraitu zuen: tortura, opresioa eta justizia soziala.
Zentsura ere jasan behar izan zuten, batez ere Juan Carlos I erregea robot bezala atera nahi zutenean.
Public Enemy-k Parisen emandako kontzertu baten ostean, 1988an, taldea desegiteko erabakia hartu zuten. Muguruza anaiek Negu Gorriak sortu zuten orduan.
Eduki-taula |
[aldatu] Taldekideak
- Fermin Muguruza: Gitarra eta ahotsa
- Iñigo Muguruza: Baxua
- Mattin Sorzabalbere (1984: Bateria
- Treku Armendariz (1984tik: Bateria
- Kaki Arkarazo (1988): gitarra
[aldatu] Historia
Kortatu 1984an sortu zen, Muguruza anaiak The Clash-ek Donostian eman zuen kontzertu baten ostean. Taldearen izena Manuel Garmendia Zubiarrainengandik dator, Kortatu ezizenez, Guardia Zibilak hildako mugalari bat, Kortatu baserrian hazi zena. Laster grabatu zuten bere maketa, Mattin Sorzabalbere Mattin Sorzabalbere (gerora Baldin Bada eta Imuntzo ta Belokirekin aritua) bateriajole zutela, eta honek taldea utzi eta gutxira, urte bukaeran Cicatriz, Jotakie eta Kontuz-Hi! taldeekin batera diskoa grabatu zuten. Disko horretan Treku Armendariz aritu zen bateria jotzen, eta harrezkeroztik Muguruza anaiekin jarraituko zuen, taldea desegin arte.
1985an zehar Euskal Herrian eman zituzten kontzertuak, baina estatuko zenbait hiritan ere jotzen hasi ziren, Madrilen eta Bartzelonan, kasu. Urte hartan grabatu zuten lehen LPa: Kortatu (Soñua, 1985).
1986an Europan bira bat egin zuten (Suitza, Alemania eta Holandan). Maxi single bat grabatu zuten, A la Calle (Soñua, 1986), eta bigarren LP bat, El estado de las cosas (Soñua, 1986). Urte honetan kontzertuak nonahi eman zituzten.
1987an Euskal Herria eta Espainia guztian zehar jo zuten, eta Frantzia, Suitza eta Alemanian ere kontzertuak eman zituzten.
1988. urtean atera zuten argitara hirugarren LPa, "kolpez kolpe" (ohiuka, 1988), osorik euskeraz dagoena. Hemen agertu zen Kaki Arkarazo (M-ak taldean gitarrajole zena). Gerora Negu Gorriak izango zirenaren itxura hartuz zioazen, poliki poliki. Azken kontzertua Iruñan eman zuten, eta orduan grabatu zuten Azken guda dantza (Nola! 1988) zuzeneko diska. Maximun Rock&Roll aldizkariak munduan zuzeneko diska onenetarikotzat onartzen duen lana.
1988an banandu zen taldea. Fermin eta Inigok Negu Gorriak osatu zuten Kaki Arkarazorekin batera. Fermin bakarkako bidean habiatuko zen gerora. Iñigok Delirium Tremens taldera jo zuen gitarrajole moduan. Negu Gorriak-en zegoela Joxe Ripiau taldea ere osatu zuen, gerora Sagarroi bihurtu zena. Trekuk musika utzi zuen Jabier Muguruzarekin Les Mecaniciens taldean ibili ostean.
[aldatu] Diskografia
- Cicatriz, Jotakie eta Kontuz-Hi!-rekin batera titulurik gabekoa (1985)
- Kortatu (1985)
- El estado de las cosas (1986)
- Kolpez Kolpe (1988)
- Azken Guda Dantza (zuzenean) (1988)
[aldatu] Kanpo loturak
- Kortaturen letrak www.musikazblai.com
- Kortaturen Biografia (Esquinas Rotas)

