Karel Appel

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 01:06, 27 apirila 2015
Karel Appel, 1974

Karel Appel (Amsterdam, 1921 - Zurich, 2006) herbeheretar margolaria izan zen. Figurazioaren eta informalismoaren arteko erdibidean dago bere obra; keinuaren nagusitasuna azpimarratzen zuen, kolore gordinak erabiliz. Cobra taldeko kide izan zen.

Bere jaioterriko Akademian ikasi zuen 1940-1943 urteen bitartean. Lehenengo erakusketa 1946an egin zuen Groningenen. Picasso, Matisse eta Dubuffeten eragina nabarmena izan zuen lehenengo lanetan. Bestalde, haur-marrazkiak eta tonu bortitzeko kontrasteak ziren Appelen ezaugarri nagusiak. 1950ean Parisa joan zen bizitzera. 1957an bidaia bat egin zuen Ameriketara, eta han ezagutu zuen Action Painting mugimendua. Bidaia harekin aldi berri bat hasi zuen Appelek: lan dinamikoak dira garai horretakoak (Deux Têtes dans un paysage, 1968). Aldi horren ondorengo lanetan elkartu egin zituen pintura kalitatea batetik, eta bestetik, interpretazio askatasuna: Nus (1962), Bagarre (1964), Visages paysages (1977). Appelek enkargu ofizial ugari izan zituen Holandan (Amsterdameko Stedelijk museoko kafetegia, 1951), eta baita handik kanpora ere; Parisen, esate baterako, Unescoren jatetxeko horma-irudia egin zuen (1958). Parisen eskultura polikromoen erakusketa bat antolatu zuen: Cobra taldearen izpiritura itzuli zela adierazten zuen (Oiseau et fleur, 1968). Bestalde, litografia ugari egin zituen. 1976an Alechinskyrekin batera hamar marrazkiko sail bat (tintaz egina) osatu zuen (Encres à deux pinceaux).

1981ean erakusketa bat egin zuen (Rotterdam), hiru urteko lana biltzen zuena. Erakusketa horretako lanak tinta arrasto finez eginak ziren (Champs, 1971, eta Fenêtres, 1980, sailak). Azken lanei nolabaiteko garraztasuna antzematen zaie, baita koloreetan ere (marroiak, grisak, berde ilunak). 1980ko hamarraldian espresionismo figuratibora itzultzeko joera nagusitu zen, eta Appel bera ere joera horri lotu zitzaion: garai horretan tamaina handiko oihalak egin zituen batez ere (Nuages au-dessus du village, 1984).

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karel Appel Aldatu lotura Wikidatan