Kevin Carter

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Kevin Carter (1960ko irailaren 13a Johannesburg1994ko uztailaren 27a), Hegoafrikako kazetaritza-argazkilaria izan zen. Bang-Bang Klubeko kideetako bat izan zen. 1983an hasi zen argazkilaritzan, kirolaren inguruko argazkiak eginez. 1984an, Johannesburg Star egunkarian hasi zen lanean eta Apartheidaren alderik gogorrenak argitara atera zituen. Honetaz gain, lehendabiziko aldiz atera zion argazkia necklacing izeneko heriotza zigor publikoari.

Saria irabazi zuen argazkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993. urtean, bidaia bat egin zuen Carterrek Sudan hegoaldera. Bertan, Ayod herrixkatik gertu, haur txiki baten ezintasun hasperenak entzun zituen Carterrek. Une hark bere arreta osoa bereganatu zuen. Hain zuzen ere, bere ibilbidean geldiune bat egin zuen haur txikiak, eta hala, putre baten ondoan pausatu zen. Carterrek berak adierazi zuenez, hogei minutuz itxaron zuen putreak hegoak ireki zitzan, baina ez zen hori gertatu. Besterik gabe, haur txikia eta putrea agertzen diren argazkia atera zuen. Ondoren, putrea uxatu zuen Carterrek. Alabaina, Carterrek kritika gogorrak jaso zituen haur txikia lagundu ez zuelako, eta argazkia ateratzera soilik mugatu omen zelako:[1]


«Neskatoaren sufrimenduaren unerik egokiena hartzeko objektiboa doitzen duen gizonak beste predatzaile bat izan behar du, beste sai bat agertokian». [2]


Argazkia The New York Times egunkariak erosi zuen, eta lehendabizikoz agertu zen prentsan 1993ko martxoaren 26an. Horren ondoren, egunkariak ehunka telefono dei jaso zituen. Izan ere, jakin-mina zegoen haur txikiak bizirik iraun zuen edo ez jakiteko. Azkenean, editorial berezi bat argitaratu behar izan zuen egunkariak, esanez, haurrak putreagandik ihes egiteko nahikoa indar bazuela baina neskato txikiaren azken patua ezjakina zela.

1994ko apirilaren 2an, Kevin Carterri jakinarazi zioten Argazkilaritzako Pulitzer Saria irabazi zuela Sudango argazki harengatik. 1994ko maiatzaren 23an jaso zuen saria Carterrek.

Gertakarien beste bertsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoafrikako Joao Silva argazkilaria Sudanen izan zen Carterrekin batera. Hala, Akio Fujiwara kazetari japoniarrari eskainitako elkarrizketan, Silvak gertaeren beste bertsio bat azaldu zuen. Haren arabera, Carter eta Silva 1993ko martxoaren 11an heldu ziren Sudaneko hegoaldera, Nazio Batuen elikadura operazio batean. Nazio Batuek esan zieten 30 minutu zituztela, janaria banatzeko denbora alegia. Hori dela eta, argazkiak egiteari ekin zieten.

Nazio Batuak artoa banatzeari ekin zioten eta etxaldeetako emakumeak laguntza-hegazkinera gerturatu ziren janari bila. Silva gerrilla taldeen bila joan zen, Carter hegazkinaren aldamenean zegoen bitartean.

Silvaren arabera, Carter hunkituta zegoen gosetea ikusten zuen lehendabiziko aldia zelako. Hala, gosetea pairatzen zuten haurren argazkiak hartzeari ekin zion. Silvak ere atera zituen negarrez ageri ziren haurren argazkiak, baina ez ziren argitaratu. Haurraren gurasoak janaria hartzen ari ziren bitartean hartu omen zuen argazkia Carterrek, haurraren atzean putrea zegoela. Bai haurra eta bai putrea enkoadratze berean hartzeko Carter pixkanaka gerturatu zen, putrea ez uxatzeko. Argazkia 10 metroko distantziatik hartu zen gutxi gorabehera. Argazki gutxi batzuk gehiago hartu zituen, putreak alde egin zuen arte.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994ko uztailaren 27an autoa hartu eta Braamfonteinspruit ibaiaren ertz batera arte gidatu zuen. Haurra zela leku hartan jolasten zuen Carterrek. Autoko ihes-hodia eta autoaren barrualdea lotu zituen tutu baten bidez. Karbono Monoxidoarekin pozoituta egin zuen bere buruaz beste 33 urte zituela. Carterren suizidio oharrak honakoa zioen:


«Depresioak jota nago... telefono gabe... alokairurako dirurik gabe... haurrak laguntzeko diru barik... zorretarako diru barik... dirua!!! Hilketen eta gorpuen, gorrotoaren eta saminaren... goseak hildako eta zauritutako haurren... tiroak lasai asko jaurtitzen dituztenen (polizia askotan) oroitzapen bizietan harrapatua nago. Ken-ekin bat egitera noa zorionekoa banaiz».[3]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kevin Carter Aldatu lotura Wikidatan
  • ARANBARRI, IÑIGO. "Hizlandia, Mundua prentsaren judasetik". Susa argitaletxea (2006). "Hiru argazki" atala.
  • "The Death of Kevin Carter: Casualty of the Bang Bang Club" HBO documentary. August 17, 2006,
  • "The boy who became a postcard" (Ehagakini Sareta Shōnen). Akio Fujiwara 2005. ISBN 4-08-781338-X
  1. TIME Domestic (September 12, 1994), Volume 144, No. 11, "The Life and Death of Kevin Carter" by Scott MacLeod, Johannesburg. Retrieved February 19, 2006.
  2. The life and death of Kevin Carter: "Visiting Sudan, a little-known photographer took a picture that made the world weep. What happened afterward is a tragedy of another sort."
  3. Photographer haunted by horror of his work