Kochi (India)

Koordenatuak: 9°58′N 76°17′E / 9.97°N 76.28°E / 9.97; 76.28
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kochi
കൊച്ചി
Cochin
hiria
Administrazioa
Herrialdea India
EstatuaKerala
Izen ofizialaകൊച്ചി
Jatorrizko izenaകൊച്ചി
Posta kodea682
Geografia
Koordenatuak9°58′N 76°17′E / 9.97°N 76.28°E / 9.97; 76.28
Map
Azalera94,88 km²
Altuera0
Demografia
Biztanleria677.381 (2011)
80.908 (2001)
Metropolia2.117.990
Dentsitatea6.340,37 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia0484
Ordu eremuaUTC+05:30
Hiri senidetuakPiatigorsk eta Fresno
MatrikulaKL 7
http://www.corporationofcochin.org

Kochi (malabareraz: കൊച്ചി), lehen Cochin, Indiako Kerala estatuko hiria da, herrialdearen hego-mendebaldean dagoena. Indiak Arabiako itsasoaren ertzean duen itsas portu garrantzitsuena da[1]. Hiriak 601.574 biztanle ditu (2011[2]) eta metropoli-eremuak 2.117.990[3].

Historia

Antzinatean ere garrantzitsua zen. Indogrekoek, erromatarrek, juduek, arabiarrek eta txinatarrek ezagutzen zuten. 1102. urtean Kochiko Erresumako egoitza bihurtu zen: Arabiako itsasoko erregina esaten zioten hiriari. XIV. mendetik aurrera, espezien salerosketen merkataritzako gune garrantzitsua zen.

1503. urtean, portugaldarrek hartu zuten hiria, eta Portugaldar Indiaren hiriburua izan zen 1530. urtera arte. Orduan Goa ezarri zuten hiriburutzat. Gerora hiria Herbeheretar Inperiokoa (1663tik aurrera), Mysoreko erresumakoa (1777tik aurrera) eta Britainiar Inperiokoa (1814tik aurrera) izan zen. 1947. urtean Indiak independentzia lortu zuenean, Kochi izan zen entitate berrira bere borondatez lotu zen lehenengo lurraldea.

Milaka urtetan hainbat migrazio bizi izan dituen hiria izanik, kultura mordoa batzen dira Kochin, eta hiriko ondareak ere nahaste hori erakusten du, tradizioa eta modernitatea batuz.

Ekonomia

XXI. mendean hazkunde ekonomiko nabarmena izan duenez, hiriaren garapena ere handituz joan da. Garraioen industria, nazioarteko merkataritza, turismoa, informazio- eta komunikazio-teknologiak dira bertako jardunbide nagusiak. Izan ere, Keralako merkataritza-gune garrantzitsuena da Kochikoa, eta India osoan gehien eta azkarren hazten doan bigarren mailako hiria da. Horrenbestez, urbanizazio-arazoak ere badaude, trafikokoak eta ingurumenaren gaineko eraginari dagozkion arazoak batez ere.

Geografia

Arrantzaleak txalupa tradizionaletan

Indiako hego-mendebaldeko kostaldean dago Kochi, penintsula bateko iparraldean. Mendebaldera Arabiako itsasoa dauka, ekialdera estuarioak. Itsas mailan dago hiriaren eta metropoliaren parterik handiena, 48 kmko itsasertzarekin.

Administratiboki, 70 barruti daude hirian. Landarediari dagokionez, mangladitan aberatsa da; animaliei dagokienez, paseko hegazti askok egiten dute habia bertan.

Klima

Kochin montzoi-klima dago, tenperatura-gorabehera txikiekin urte osoan. Urtaro euritsuena ekaina-iraila bitartean izaten da.

    Datu klimatikoak (Kochi)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 35 37 37 34 35 33 35 35 38 35 34 33 38
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 30 31 31 31 31 28 28 28 28 29 30 30 30
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 23 25 26 26 26 25 24 24 25 25 25 23 25
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 17 18 20 21 22 21 21 20 22 20 20 19 17
Pilatutako prezipitazioa (mm) 21.9 22.9 35.3 124.0 395.7 720.7 697.2 367.8 289.4 302.3 175.1 48.3 3228.3
Iturria (1): Weatherbase[4]
Iturria (2): MSN India[5]

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kochi (India) Aldatu lotura Wikidatan
  1. Kochi Global.britannica.com
  2. 2011ko erroldaren behin-behineko emaitzak: Kerala Censusindia.gov.in
  3. 2011ko erroldaren emaitzak: hiri eta metropoli eremuak Censusindia.gov.in
  4. Kochi, India. Weatherbase (Noiz kontsultatua: 2010-07-01).
  5. Kochi, India. MSN India (Noiz kontsultatua: 2010-08-03).