Lankide:Naroa Fontal/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Meiosia zelula zatiketa mota bat da, zeinen bitartez zelula diploide (2n) batetik zelula haploideak (n) sortzen diren. Prozesu hau gonadetan eramaten da aurrera ugalketa sexual bitartez ugaltzen diren organismoetan, gametoak sortzeko.

Meiosia ondoz ondoko bi zatiketa nuklear eta zitoplasmatikoz dago osatuta: lehen zatiketa meiotikoa (I. Meiosia) eta bigarren zatiketa meiotikoa (II. Meiosia). Nahiz eta prozesu honetan bi zelula zatiketa gertatu, kromosomak behin besterik ez dira bikoizten (lehenengo zatiketaren aurretik, mitosian gertatzen den bezala). Horrek azaltzen du kromosomen kopurua, guztira, erdira jaistea. Bi zatiketa meiotiko hauetako bakoitzak profase, metafase, anafase eta telofase deituriko urratsak hartzen ditu barne.

Lehenengo zatiketa meiotikoaren (I. Meiosia) bitartez zelula diploide (2n) batetik bi zelula haploide (n) lortzen dira. Horretarako, kromosoma homologoak bata bestea ezagutu eta fisikoki lotu egiten dira, bibalente deituriko egitura bat sortuz. Elkartze hau lehenengo profasean gertatzen da eta horri esker birkonbinazio genetikoa deituriko prozesua eramaten da aurrera. Prozesu honetan kromosoma homologoak informazio genetikoa elkarraldatzen dute, non amaren kromatida baten zati bat aitaren kromatida homologo baten zati batekin trukatu daitekeen. Horrek ematen dio sortuko diren gametoei aldagarritasun genetikoa. Jarraian gertatzen den metafasean bibalente guztiak lerrokatu egiten dira zelularen plano ekuatorialean, ardatz meiotikoan. Gerora, anafasean, kromosoma homologo bikotea banatu egiten da, bakoitza ardatzaren polo batera migratzen duelarik. Prozesu honetan, kromosoma homologo bakoitzak informazio genetiko bikoiztua darama, bi kromatida ahizpaz osotua daude.

Bigarren zatiketa meiotikoan (II. Meiosia) kromosoma homologo bakoitzaren kromatida ahizpak banatu egiten dira. Modu honetan, gameto haploideak sortzen dira.

Meiosia eta bizi-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiarengan eta animalia gehienengan meiosia sexu organoetan besterik ez da gertatzen (obulutegi eta barrabiletan), hots, gametoak sortzen dituzten organoetan. Gorputzeko gainontzeko zeluletan ez da meiosirik gertatzen.

Meiosia ugalketa sexualerako ezinbesteko prozesua da. Ugalketa sexuala gertatu dadin, gameto haploideak sortzea ezinbestekoa da, kromosoma homologo bakoitzaren kopia bakarra edukiko dutenak. Gizakietan, obuluak eta espermatozoideak lortzen dira meiosiari esker, eta landareetan esporak lortzen dira. Ernalketan, gametoak elkartzean, organismoaren diploidia berrezartzen da. Meiosirik egongo ez balitz gametoak zelula diploideak izango lirateke eta bat egiterakoan informazio bikoitza luketen zelulak (4n) sortuko lituzkete. Era honetan kromosoma kopurua handitzen joango litzateke belaunaldiz belaunaldi zelula ezegonkor eginez.