Lankide:Uillarregi/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

«Lore», «lorea», «loreak» orriek hona dakarte. Bestelako esanahiei buruzko orria hau da: «Lore (argipena)»

Loreak (latinez flos, floris, id.) landare loredunen (Magnoliophyta) sexu-organoak dira, eginkizun nagusitzat landarea ugaltzea dutenak. Lorea, izatez, adar espezializatu bat da, ugalketarako espezializatutako hostoak dituena. Hosto eraldatu horiek osatzen dituzte loreen atal nagusiak.

Loreek bi atal mota dituzte: ugaltze-atalak eta babes-atalak.

Karpeloaren barruan obulutegia dago, eta bertan obuluak. Obuluak loreziletako androzeoetan sortutako polenarekin harremanetan jarritakoan, hazi bihurtzen dira, ernalketa bikoitz bidez. Fruituak ere loreetatik sortzen dira.

Landareen dibertsitatea izugarria da; izan ere, enbriofito guztiak hartzen baditugu kontuan, briofitoak bezalako landare sinpleetatik, pteridofito, gimnospermo eta angiospermoetaraino joan gaitezke konplexutasun maila kontuan hartuta. Lorearen egitura angiospermoetan soilik agertzen da, gimnospermoetan hazi biluzia garatzen baita. Hori da bi talde hauen artean dagoen ezberdintasuna. Angiospermoetan haziak obulutegian garatzen dira, aurrerago fruitua emango duen organoan.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lore helduen atalak eta egiturak

Loreen dibertsitatea izugarria da; hortaz, oso desberdinak izan daitezke haien artean. Hala ere, badaude zenbait atal edo egitura lore guztietan agertzen direnak. Askotan ez da erraza egitura horiek identifikatzea, askotariko itxurak har baititzakete, baina hauek dira lore guztietan aurki ditzakegun egiturak:

  • Kaliza: lorearen kanpoko geruzan kokaturik dagoen bertiziloa da. Babes-funtzioa du, eta sepaloz osatuta egoten da. Sepaloak haien artean lotuta badaude, kaliz gamosepalo esaten zaie, eta aske daudenean, aldiz, dialisepalo. Kolore berdea izaten du gehienetan.
  • Korola: periantoaren barne-bertiziloa da, petaloz osatuta dagoena. Sepaloak baino handiagoak eta koloretsuak izaten dira normalean. Korolako petaloak ere, haien artean lotuta edo aske egon daitezke. Lehenengo kasuan korola dialipetalo deritzo, eta bigarrenean, gamopetalo.
  • Karpeloa: karpeloa edo pistiloa, ugal-egitura emea da. Hiru zati bereizten dira: obulutegia behealdean kokaturik dago barrunbe bat osatuz, eta bertan gorde eta babestuko dira obuluak ernalketa gertatu arte; estigma goialdean kokaturik dago, eta polena harrapatzeko egitura espezializatua da; hirugarren atala estiloa da, aurreko biak lotzen dituen tutua. Kasu batzuetan estiloa falta daiteke, eta, orduan, estigma eseria dela esaten da, zuzenean obulutegiaren gainean kokatzen baita.
  • Estaminea: loreen ugal-egitura arra da, polena edo gametofito arrak eratzen dituena. Bi polen-zaku pare ditu estamine bakoitzak. Oso arinak dira, eta polinizazioa errazten dute. Gainera, eboluzioan zehar zenbait aldaketa pairatu dituzte estaminek autoernalketa ekiditeko. Autoernalketa esaten zaio indibiduo beretik datozen bi gametoren fusioari. Espeziearen biziraupen eta eboluziorako kaltegarria da autoernalketa, dibertsitatea murrizten baitu.

Lau egitura horiek ez dira beti begi bistaz bereizten. Hainbat eta hainbat dira egitura hauek bestelako itxura batean erakusten dituzten loreen kasuak, esate baterako, tepaloak dituzten loreak. Tepaloak petalo eta sepaloak batera daudenean sortzen diren egiturak dira. Hortaz, kaliza eta korola bereizi gabeak dituzten loreetan aurkituko ditugu, Magnoliaceae familiako loreetan esaterako.