Limerickeko Sobieta

Wikipedia, Entziklopedia askea

Limerick-eko sobieta (irlanderaz: Sóibhéid Luimnigh) 1919 urte inguruan Limerick hirian ezarritako sobieta izan zen. 1919 eta 1923 urteen artean, ehunka izan ziren Irlanda osoan zehar emandako sobieten esperientziak, eta Limerickekoa aipagarrienetarikoa izan zen, apirilaren 15etik 27ra arteko iraupena izan zuelarik. Irlandako Independentzia Gerraren hasieran, Limerickeko Merkataritza eta Lan Kontseiluak greba orokor bat antolatu zuen, Erresumaren Defentsarako Legearen pean Armada britainiarrak hiria "Espazio Militar Berezi" moduan deklaratzearen aurkako protesta gisa. Lege horrek Limerick hiriaren zati handiena eta konderriaren zati bat martzialki blokeatzen zituen. Greba orokorrak iraun bitartean Greba Komiteak hiriaren kontrola hartu zuen, bere diru propioa inprimatuz, egunkari propioa sortuz eta elikagaien hornidura eta prezioa erregulatuz.[1]

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Limerickeko sobietak inprimatutako dirua

1919ko urtarrilaz geroztik, Irlandako Independentzia Gerra gerrilla gisa garatu zen Irlandako Armada Errepublikano (IRA) (Sinn Féineko Dáil Éireann delakoak babestuta) eta gobernu britainiarraren artean. 1919ko apirilaren 6an, IRAk Robert Byrne askatu nahi izan zuen. Byrne Royal Irish Constabulary (RIC) poliziaren atxilopean zegoen, gose-greba baten ondorioz ospitale batean zaintzen ari zuten bitartean. Erreskate-saioan, Martin O'Brien aguazila zauritu egin zuten, eta beste polizia bat larri zauritu zuten. Byrne ere zauritua izan zen eta geroago hil zen egun berean.[2]

Ekintza honi erantzunez, apirilaren 9an, Britainiar Armadako Griffin Jeneralak hiria "Eremu Militar Berezi" moduan izendatu zuen, apirilaren 14tik aurrera hirira sartu eta handik atera nahi zuten guztiek RIC-en baimenen beharra zutelarik.[3] Lege martziala bermatzeko Armada britainiarraren tropak eta ibilgailu blindatuak zabaldu ziren hirian.[4]

Apirilaren 11n, Limerick hiriko Merkataritza eta Lan Kontseilu Batuak bilera bat egin zuen. Aipatu beharra dago Byrne Sindikatu Kontseilu honen kide izan zela. Bilera horretan, Sean Dowling Garraio eta Langileen Batasun Orokorreko (ITGWU) ordezkari irlandarrak, sindikatuek Udalaren ardura hartzea eta bertan bilerak egitea proposatu zuen, baina proposamena ez zen bozkatu.[5] Apirilaren 12an, ITGWUko langileek grebari hasiera emateko bozkatu zuten Cleeveren lantegian (Lansdowne). Apirilaren 13an, hamabi orduko eztabaidaren eta langileen ordezkarien presioen ondorioz, hiriko Merkataritza eta Lan Kontseilu Batuak greba orokorrerako deia luzatu zuen. Grebaren zuzendaritzaren erantzukizuna komite baten esku laga zen, apirilaren 14tik aurrera bere burua sobiet moduan izendatu zuena.[6] Komiteak 1913ko Dublingo greba orokorraren adibidea hartu zuen, eta "sobiet" (hau da, batzorde autonomo bat) terminoa 1917ko Errusiako Iraultzarekinemandako sobieten loraldiaz geroztik indarra hartuz joan zen mundu mailan.

Greba orokorrak bi astez gelditu zuen Limerick hiria, apirilaren 15etik 27ra bitartean. Azkenik, Sinn Féin alderdiko Limerickeko alkate zen Phons O'Marak eta hiriko apezpiku katolikoa zen Denis Hallinanek hala deituta, greba komiteak amaiera jarri zion langile esperientzia honi.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Robert Nielsen. (6 October 2012). 1919 Limerick Soviet. .
  2. P28: Events of national interest 1919–1920 – Sunday Pictorial 13 April 1919 – Limerick. Bureau of Military History.
  3. Lysaght, D.R. O'Connor. The Story of the Limerick Soviet. Limerick Soviet Commemoration Committee. 3rd edition, 2003
  4. P28: Events of national interest 1919–1920 – Daily sketch 17 April 1919 – Riot at Limerick. Bureau of Military History.
  5. Haugh, Dominic (2019). Limerick Soviet 1919: The Rise of the Bottom Dog. Socialist Party.
  6. Conor Kostick. (31 January 2019). The Limerick Soviet: 100 Years On. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]