Maria Urtubiakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Urtubiakoa

Bizitza
JaiotzaUrruña, 1446 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaBera, 1505 (egutegi gregorianoa) (58/59 urte)
Jarduerak

Maria Urtubiakoa (Urruña, 1446Bera, 1505) Urtubia leinuaren Lapurdiko andre noblea izan zen. Joan Urtubiakoa eta Teresa Lazkanokoa, Joan Lopez Lazkanokoa ahaide nagusi oinaztarraren alaba, izan ziren haren gurasoak. Hiru urte zituela hil zitzaion aita, eta ama bigarrenez ezkondu zen Joan Ibañez de Monreal jaun nafarrarekin. Monreal etxearen eraginpean geratu zen orduan Urtubiako etxea. Joan de Monreal aurrekoaren semeak Maria Urtubiakoa bahitu eta harekin ezkondu zen. Lau urte geroago abandonatu zuen Joan de Monrealek emaztea eta Maria Urtubiakoak, bortxazko bahitura hura azaldu ondoren, ezkontza hura haustea lortu, eta Rodrigo Ganboakoa Berako Altzateko jaun eta ahaide nagusi ganboatarrarekin ezkondu zen ondoren. Aita zenaren alderdiaren aurka borrokatu zen ordudanik Maria Urtubiakoa. 1493an hil zen Altzateko jauna, eta orduan Altzateko eta Urtubiako etxeen gaineko eskubideak utzi nahi izan zizkion Mariak bere senar ohiak aurrezko ezkontza batean izan zuen seme nagusiari. Ez zuen horrelakorik onartu Joan de Monrealek, eta gatazka eta gudualdi biziak izan ziren ondoko urteetan bi alderdien artean. Epaitegietara jo ondoren, Maria Urtubiaren aurkako epaia eman zuen Bordeleko Parlamentuak eta Maria, Urruñako etxea eta artxiboak erre ondoren, Altzateko etxean babestu zen. Maria hil ondoren (1505), bi etxe horien eta erregearen gudarostearen arteko gatazkak ez ziren amaitu. 1540.urtean epai batek argitu zuen nolabait auzia: Urtubiako etxea altzatetarren esku geratu zen, eta Zalduako eta Miozko etxeak monrealdarren esku. 1574.urtean batu ziren berriro bi etxe haiek, Joan Urtubiakoaren eta Aimée de Monrealen arteko ezkontzaz. Pio Baroja donostiar idazleak jaso zituen nobela batzuetan (La Dama de Urtubia, Jaun de Alzate...) Maria Urtubiakoaren historiaren gorabeherak eta haren garaiko giroa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]