Marqués de Casa Torre jauregia

Koordenatuak: 43°19′45″N 3°02′01″W / 43.32917°N 3.03361°W / 43.32917; -3.03361
Wikipedia, Entziklopedia askea
Marqués de Casa Torre jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaSanturtzi
Koordenatuak43°19′45″N 3°02′01″W / 43.32917°N 3.03361°W / 43.32917; -3.03361
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVIII. mendea
Arkitektura
Estiloaarkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea8

Marqués de Casa Torre jauregia edo Sabino Arana kaleko 5. zenbakiko dorretxea Santurtziko jauregia da, XVIII. mendean eraikia[1].

2011ko urriaren 6n Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santurtzi erdigunean dago Dorretxe Jauregia, Sabino Arana kaleko 5. zenbakian, Gorka Deuna elizaren, udaletxearen eta parkearen ondoan.

XVIII. mendean eraikitako etxebizitza-eraikin barrokoa da. Agustín de la Hormaza y Urquijo eta bere emazteari, Maria Josefa Torrezar y Mascarúa, esleitzen zaio jauregiaren eraikiera.[3][4] Ondoren, Jose Maria Lizana eta Hormazak, Casa Torreko VI. markesak, konpontzea agindu zuela, udako egoitza izan zedin. Jabetza amak utzitako ondarea zen, María Josefa de la Hormaza Puente.

Clotilde, Carmen eta Maria Salazar Txabarrik hartu zuten oinordetzan, eta 1933an Maitasun Errukitsua Erlijio Ordenari saldu zioten eraikina. Mojek ikastetxe bilakatu zuten; behar bereziak zituzten neskentzako ikastetxe, hain zuzen ere. Gero, 1980ko urteetan, Udalak eraikina erosi zuen eta, horren ondorioz, Udal ondarearen parte bilakatu zen; udal-bulegoak jarri zituen bertan. Udalak du oraindik jabetza.

Eraikin exentua da; oinplano karratua du eta bolumen kubikoa, oinean 400 metro koadroko azalera eta lau isurkiko estalkia. Inguruan, espazio publiko urbanizatuak daude. Lurra aldapan dago pixka bat. Lorategi pribatua berez handiagoa zen; gero, ordea, parke publiko bilakatu zuten.

Harlanduzko blokeekin egindako fatxada barrokoak ditu; hori da, hain zuzen ere, Jauregiaren ezaugarri nagusia. Lau solairu ditu: behekoa, lehenengoa, bigarrena eta teilatupekoa. Plaka leuneko inposten bidez bereizten dira solairuak kanpotik.

Aurrealdea hego-ekialdera dago begira. Etxaurre horrek bost bao ditu; baoak harlanduz inguratuta daude. Beheko solairuan hiru sarrera daude eta bi bao alboetan. Lehenengo solairuan, bost balkoi daude; balkoi-ateak dituzte balkoiek. Goiko solairuko baoak izan ezik, gainerako baoak handiak dira. Aurrealdeak ardatz simetrikoa du. Elementu hauek osatzen dute ardatz hori: beheko solairuko sarrera nagusiak, lehenengo solairuko balkoiak eta bigarren solairuko balkoiak. Lehenengo solairuko balkoia baino txikiagoa da bigarren solairuko balkoia eta balkoi-atea. Hiru sarreren inguruan harrizko bozelak daude. Gainerako baoak, berriz, harriz daude inguratuta. Beste balkoiek ez bezala, lehenengo solairuko erdiko balkoiak moldura lerro-nahasia du. Moldura hori hiru sarrera nagusien molduraren antzekoa da. Goialdea, teilatu-hegal azpia, erlaitza konkabo batez eta konbexu batez apainduta dago.

Aurrealdean, ekialdeko izkinan, Hormaza familiaren armarria dago, XVIII. mendekoa; fatxadaren planotik kanpora ateratzen da. Armarria tinbratua da; aurrealdean kasket bat du, luma ugariz apaindua, bularraldean maskor bat, inguruan lanbrekinak, oinarrian maskaroia eta alboetan lehoi bana. Lehoiek armarriari eusten diote. Armarria laurdendua da eta honela dago antolatuta: lehenengo laurdenean, almenadun gaztelu bat ageri da; bigarren eta hirugarren laurdenetan, otso ibiltari bat; eta laugarrenean, bost lerro.

Teilatu erdian dagoen linterna ez da Jauregia eraiki zuten garaikoa, geroago egin zuten; gaur egun behatoki bilakatu dute. Mendebaldeko fatxadan, beheko eta lehenengo solairuei eranskin bat gehitu zieten, lorategiari begira dagoena. Fatxada nagusiaren aurrean, kareharriz eginiko eskultura bat dago, «Itsasgizonek itsasoan pairatzen dituzten arriskuen alegoria» deritzona. 25 metrora, Jauregira sartzeko harmailadia dago eta, albo banatan, kareharriz eginiko lehoi baten eskultura.

Hasieran, bizilekutzat erabili zuten Jauregia. Gero, bertan bulegoak jarri zituen Udalak. Orain, berriz, herriko kultur etxe bilakatu dute. Aurki irekiko dute.

Eskailera nagusiaren inguruan dago antolatuta eraikinaren barnealdea. Garai batean, argizuloak argiztatzen zuen eskailera hori. Beheko solairuan ukuiluak zeuden. Lehenengo solairuan, berriz, bizilekua; hau da, logelak, egongelak, jantokia, sukaldea, komunak eta jakitokiak. Teilatupean, zerbitzu-gelak zeuden. Arotzeria zurezkoa da eta kanpoko kontraleihoen bidez babestuta dago. Beheko solairuko baoek eta gainerako balkoiek burdin-lana dute. Jatorrizko altzariei dagokienez, egur landuz eginiko bi kutxatzar ditugu: batak eserlekuaren itxura du, eta besteak zurezko oinarria. Diseinuak esaten digu ziur asko Jauregia baino berriagoak direla.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Santurtziko Udalaren webgunea[Betiko hautsitako esteka]
  2. Kultura Ondasun izendapena EHAAn
  3. (Gaztelaniaz) Boletín Oficial de la Provincia de Santander 37.
  4. (Gaztelaniaz) Iturrospe, Jon Fernández García de. (2010-08-01). «EL ESCUDO DEL LINAJE HORMAZA EN EL PALACIO CASA TORRE» Santurtzi historian zehar (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa