Mondraberri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mondraberri Arrasateko Ataria
Fitxa teknikoa
Argitaratze lekuaArrasate
https://mondraberri.eus/

Mondraberri Arrasateko Ataria[1], Mondraberri izenaz ezaguna ere, Arrasateko (Gipuzkoa) berriak argitaratzen dituen egunkari birtuala da. Ez du paperezko ediziorik, baina bere web orria egunero eguneratzen da. Nahiz eta kazetari batek baino gehiagok lan egin, aipatzekoa da izenarekin sinatzen duen bakarra normalean Gontzal Landa Herbias dela. Gehienetan, albisteen egile bezala zuzenean Mondraberri agertzen da.

Kokapena

Egunkari birtual honek sorreratik euskara hutsean jorratu du edukia. Ondarenet sarean[2] 2013an sartu zen eta bertan dauden lehenengo artikuluak 2009eko abuztuaren 28koak dira. Egoitza fisikoa Arrasateko Ferrerías kalean du. Herriko hedabide txikia izanik, bere egoitza ere oso txikia da. Udalak hedabideari emandako bulego bat da, askotan materiala gordetzeko ere erabiltzen dena.

Webgunearen banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Albisteak nagusi diren arren, iritziak ere badute bere lekua; Mondraberrin herritarren testu asko argitaratzen dira. Testu hauen gaia librea izaten da. Horrez gain, herritarrek testu oso bat argitaratu gabe ere iritzia emateko aukera dute. Albiste guztietan erantzun bat emateko aukera dago. Izena eta e-maila idatzi behar dira horretarako.

Mondraberriren logoa

Hedabidearen webgunearen konfigurazioari dagokionez, orrialdearen goialdean edukiaren banaketa egiten du: hasiera, albisteak, kultura, kirolak, auzoak, iritziak eta eskelak.  Goialde eskuinaldean bilatzailea ere badago, horrela albistea zuzenean bilatu ahal izateko; eta ezkerraldean, goitik behera zutabe batean, Arrasateko Agenda dago. Hilabetean zehar egingo diren ekintza eta emanaldiak argitaratzen dira bertan: azokak, kontzertuak, hitzaldiak, bilera irekiak…

Edukiaeren banaketaren goialdean, data, Arrasateko eguraldia eta hedabidearen sare sozialak daude, eta horren azpian Mondraberriren logoa. Orrialdean publizitatea ere agertzen da, Arrasateko saltokien publizitatea, gehienbat.

Laburrak izeneko zutabe bat ere badago. Titular garrantzitsuak agertzen dira bertan. Agenda eta Laburren artean, eguneko albiste eta iritziak daude; titularra, irudi bat eta sarrera txiki bat albisteko. Azkenik, orrialdearen behealdean zuzenean eskelak sailera joateko sarbidea dago.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mondraberri Arrasateko Ataria, izenak argi esaten duen bezala Arrasatekoa da. Beraz, bertako albisteak dira protagonista. Aurrez esan bezala webgune bat da, eta argitaratzen den guztia euskaraz da. Albisteak eta herritarrek idatzitako iritzi testuak euskara batuan izaten dira, ez ordea herritarrek idazten dituzten erantzunak, gehienetan euskalkian izaten dira, nahiz eta gazteleraz idatzitakoren bat ere irakur daitekeen.

Generoari dagokionez, nahiz eta orokorrean informatiboa izan, batik bat kazetariek idazten dituztenak, herritarrek ere parte hartu dezaketenez iritziak ere garrantzi handia dauka. Gai sozialek garrantzi handia dute webgunean, elkarteratzeek, manifestazioek, atxiloketek… askotan webgunearen oinarri izaten dira.

Web orria egunik egun gaurkotzen da, baita larunbat eta igandetan ere. Ez daude idatzizko albiste soilak, askotan bideo eta argazki galeriak ere gehitzen dira; adibidez, jaietan. Jaiek garrantzi handia izan ohi dute, eta emanaldien bideo txikiak igotzen dira, baita eguneko argazkiak ere. Argazki eta bideo horiek hemerotekan geratzen dira. Nahiz eta Mondraberrik ez daukan hemeroteka sail bat, bere bilatzailean azkar asko aurkitu daitezke jaietako argazki eta bideoak.

Kirolei dagokionez, Ointxe (Saskibaloia), Mondrate (Areto futbola), Mondra C.F, eta ArrasateRugby taldeak izaten dira protagonistak. Beraien porrot, garaipen eta komunikatuak idazten dituzte: zuzendaria aldaketak, fitxaje berriak… Banakako pertsonek ere garrantzi berezia izaten dute askotan; adibidez pertsonaren batek Beka bereziren bat lortu badu kanpoan ikasteko edota banakako txapelketaren batean parte hartuta podiumean gelditu bada.

Aipatzekoa da normalean gizonezkoen kirolei buruz aritzen direla. Egia da adibidez errugbian emakumezko taldea berria dela, 2021ean sortu dela, baina, nesken saskibaloi eta futbol taldeak ez dira berriak, eta normalean ez dira beraien inguruko garaipen eta porrotak argitaratzen.

Kultura sailean, Arrasateko sortzaileek toki handia izan ohi dute, herrian sortutako musika talde berriei, abeslariei, idazleei, bertsolariei… herrian ezagutarazteko aukera ematen diete. Bestalde, sortzaileak ez ezik, Amaia Antzokian eta Kultur Aten egoten diren ekitaldi, hitzaldi eta erakusketak ere bere tokia izan ohi dute. Askotan Agendan agertu ohi den guztia, edo gehiena behintzat, Kultura sailekoa da.

Atal berdinean, herriko kultur taldeen informazioa agertu ohi izaten da. Baina COVID-19aren ondorioz, kultur taldeen entsegu eta ikuskizunak ezeztatu direnez azken aldian ez da honi buruzko informazio askorik agertu. Hala ere, jaiei buruzko informazioetan protagonistak izan ohi dira, besteak beste, Arrasateko Musika Eskola, Arrasateko Gaiteroak, Txistulariak, Trikitixa eta Pandero Eskola eta Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeak.

Covid-19arekin lotuta, esan beharra dago astegunetan Arrasateko buletina argitaratzen dela. Bertan, positibo kopuruak eta intzidentzia tasa plazaratzen dira. Astelehenetan, asteburu osoko positibo kopurua zein izan den idazten dute. Arrasatekoa ez ezik, Debagoieneko beste herrien positibo kopuruak eta intzidentzia tasa ere plazaratzen dituzte, bai eta Aramaiokoa ere. Ordea, Arrasatekoa izaten da titularrean agertzen dena, nahiz eta ondoren guztiak aipatu.

Ondorengo saila, Auzoak atalean hain zuzen, Arrasateko auzoei zuzendutakoa da. Bertan auzoetako albisteak bakarrik agertzen dira. Normalean ez dira asko izaten. Atal honetan sartuz gero, lehenengo orrialdean 2020eko albisteak daude oraindik. Horrek herritarren artean eztabaidak ekarri ohi izan ditu, askotan erdigunean bakarrik zentratzen direlako, eta ondorioz auzoak baztertuta edo marjinatuta daudela esaten dute.

Iritzi sailean, hasieran aipatutako herritarren testuak agertzen dira. Esan beharra dago testu horiek herritar bezala idatzi daitezkeela, baina baita erakunde, antolakuntza edo batzordeek ere idazteko aukera dute. Testu horiek ez dute gai zehatzik, nahi denari buruz idatzi daiteke; kexa bat izan daiteke, iradokizun bat edo informatzeko testu soil bat. Iritzi atal honetan historiak toki handia hartzen du: argazki zaharrek, eraikin historikoek Erakundeek idatzitako testuek, normalean, gai soziala izaten dute oinarri.

Azkenengo saila eskelena da. Ez da ohikoena Mondraberri zabaldu eta lehenengo orrialdean eskela bat aurkitzea. Eskela bat ikusi nahi izanez gero, atal honetan sartu behar zara derrigorrez, ez da hasierako orrian agertuko.

Ildo editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mondraberri Arrasateko Atariak ez du bere ildo editoriala zein den argi esaten. Edukiak guztiak euskara hutsean daudela eta artikuluetan zer gai jorratzen dituzten kontuan hartuta, euskaltzalea eta ezkertiarra dela esan daiteke. Agendan Arrasaten egongo diren ekitaldien berri ematen du eta askotan ekitaldi horiek hitzaldiak izaten dira, feminismoari buruzkoak, indarkeria matxistari buruzkoak eta pil-pilean dauden beste zenbait gaiei buruzkoak. Gainera, manifestazio eta bateratzeen berri ere ematen du; eta manifestazio handiek (martxoak 8koak adibidez) argazki galeria bat ere izan ohi du. Horrekin argi ikusten da Mondraberrirentzat gai sozialak garrantzitsuak direla. Gainera, garrantzitsua da ere aipatzea hedabide hau herriarena eta herriarentzat eginikoa dela. Herritarrak parte hartze handia dute hedabide honetan.

Aipatu beharra dago, baina, aurrez esan den bezala, Kirol atalean emakumeei ez zaiela gizonei ematen zaien garrantzi bera ematen. Askotan ez dira beraien partiduen emaitzak jartzen. Aldiz, ohikoa da Mondraberrin gizonezkoen ligako partiden emaitzak ikustea.

Sare sozialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mondraberri hedabide txikia izan arren, Youtube, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialetan aurki daiteke. 2021eko maiatzean, Facebook-en 5.908 jarraitzaile zituen, Instagram-en 257, Twitter-en[3] 2.568 eta Youtubeko[4] kanalean 517 harpidedun. Arrasateko biztanleria kontuan izanda, (20.000 inguru), esan daiteke hedabide txiki honek jarraitzaile asko dituela.

Instagramen ez dute bideorik, argazkiak soilik igotzen dituzte, eta ez dute asko eguneratzen; gutxien erabiltzen duten sare soziala da. Twitterren aktiboago jarduten dute, eta egunean zehar zenbait albiste igotzen dituzte. Ia webgunera igotako guztia jartzen dute Twiterren. Facebookean berdina egiten dute; bertara ere albisteak igotzen dituzte. Azkenik, Youtube-n webgunean ez dauden bideoak aurkitu daitezke, nahiz eta gehienak bietan egon.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mondraberri Arrasateko Ataria | Arrasateko Ataria. (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  2. Txantiloi:Euskera Ondarenet, Ondarenet. (2013). Euskera. Ondarenet, 1 or..
  3. (Gaztelaniaz) «https://twitter.com/mondraberri» Twitter (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  4. «Mondraberri Egunkari Digitala - YouTube» www.youtube.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]