Arrasate
|
Arrasate |
||
|---|---|---|
|
|
||
| Izen ofiziala | Arrasate / Mondragon | |
| Estatua Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Gipuzkoa Debagoiena |
|
| Alkatea | Inazio Azkarraga-Urizar (Bildu) | |
| Herritarra | arrasatear[1] | |
| Koordenatuak | 43°3′55″N 2°29′35″W / 43.06528°N 2.49306°WKoordenatuak: 43°3′55″N 2°29′35″W / 43.06528°N 2.49306°W | |
| Eremua | 34,20 km2 | |
| Garaiera | 223 m | |
| Distantzia | 78 km Donostiara | |
| Posta kodea | 20500 |
|
| Biztanleria | 22.027 bizt. (2012) | |
| Dentsitatea | 644,06 bizt./km² | |
| Sorrera | 1260 | |
| http://www.arrasate-mondragon.org | ||
Arrasate[1] Gipuzkoako hego-mendebaldeko udalerri bat da, Debagoiena eskualdeko populatuena. Bertakoak arrasatearrak edo mondragoetarrak dira. Bergarako barruti judizialaren menpe dago.
Kooperatiben hiriburua da, bertan sortu zirelako euskal enpresa kooperatibo garrantzitsuenak: Euskadiko Kutxa, Eroski, Fagor, Mondragon Unibertsitatea (MU)... Horiek guztiak ere Mondragon kooperatiba taldeko kide dira. Herriko eta inguruko jende gehienak enpresa hauetan egiten du lan.
Horretaz gain, garrantzi handikoa izan da herrian Union Cerrajera XX. mendean zehar, herritar askoren lantoki zen sarrailak egiten zituen enpresa ezaguna. Izan ere, arrasatearrek "sarrailagile" ezizena hartzen dute.
Eduki-taula |
Izenaren inguruan[aldatu]
Udalerriaren izen ofiziala Arrasate edo Mondragon da gaur egun. Urteetan zehar atzera eginez gero, udalerriaren izenak biak direla erakusten du historiak, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Hala eta guztiz ere,gaur egun, gehienetan, Arrasate hartzen da euskarazko izentzat eta Mondragon gaztelerazkotzat; izan ere, hizkuntza bakoitzean erabilpen horixe egiten da oro har. Euskaraz, gainera, Mondragoe ere erabili ohi da, batez ere adineko jendeak.
Arresate edo Arrasate herrixka kokatuta zegoen lekuan 1260an sortu zuen herria Alfontso X.a Jakitunak. Horrenbestez, sorrerako hiri-gutunean irakur daiteke hurrengo esaldia: por fabor que avemos de fazer bien e merced a todos los pobladores de la puebla que es en Leniz, que avie ante nombre Arressate, a que Nos ponemos nombre Montdragon.
Kondaira batek dioenez, Mondragon izena aspaldian herritarrak beldurtzen zituen Santa Barbara mendiko herensuge baten oinarritzen da. Eskualdeko olagizonek garaitu zuten dragoi hura, eta hala jaso zuen izena herriak. Historialariek diotenez, ordea, izena ez dago kondairan oinarrituta; haien ustez, kondaira horren ondoren asmatutakoa da, izena arrazoitzeko, eta erregearen burutazioa baino ez zen izan.
Arrasate hitzaren etimologia ez dago argi, baina ate eta arras (arratsaldea, iluntzea) berbak barne biltzen ei ditu; horrenbestez, iluntzeko atea edo halako zerbait izan liteke haren esanahia. Beste batzuen ustez, berriz, harresi eta ate hitzen arteko loturatik dator, herriko harresian ziren ate ugarien ondorioz.
Lehen mendeetan hiriaren izen ofizial bakarra Mondragon izan zen, euskal hiztunek Mondrague edo Mondrau deitzen zioten arren. Bestalde, ezaguna zen hiria sortu aurretiko herrixkaren izena Arrasate zena, baina izen hori erabiltzeko ohiturarik ez zegoen.
XX. mendearen bigarren erdian, eta Francisco Francoren heriotza eta demokraziaren itzulerarekin batez ere, euskararen sustapena indartzearekin batera, herrien euskarazko izenen erabilpena handituz joan zen poliki-poliki. Horien artean, Arrasate euskarazko izen ofizial bezala erabiltzea proposatu zuten, Mondragoe ordeztuz. Proposamen horrek onarpen zabala izan zuen, bai herritarren artean eta bai Euskal Herri osoan ere. Horrenbestez, Euskaltzaindiak euskarazko izen ofizialtzat onartu zuen Arrasate. Gaur egun, Arrasate da euskaraz gehien erabiltzen dena, Mondrague edo Mondrau ere erabiltzen den arren.
Euskaltzaindiak bere 140. arauan azaldu duenez, Arrasate da udalerriaren euskarazko izena.[1] 2004an arau hori onartu zen arte, Euskaltzaindiak ontzat ematen zuen Mondragoe izena ere, berak argitaratutako hainbat izendegitan.
Geografia[aldatu]
Arrasate Gipuzkoako Debagoiena eskualdearen mendebaldean kokatuta dago, Araba eta Bizkaiarekin mugan. Udalatx (1.117 m) mendiaren magalean dago, haren hegoaldean. Herria mendiz inguratuta dago, aurrekoaz gain Murugain (778 m) eta Kurtzetxiki (532 m) ere ditu gertu. Udalerriak, mendi horien guztien artean, eta beste hainbat udalerrirekin batera Leintz harana osatzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoari erreparatuz gero, jabetzen gara erdi-erdian dagoen herria dela Arrasate, hiru herrialdeen lotunean . Gertuen duen euskal hiriburua Gasteiz da, 39 kilometrora, eta horren ondoren Bilbo, (48 km.)ra, Donostia (78 km.)ra eta Iruñea (109 km.)ra daude. Herria Deba ibaiak zeharkatzen du, baina izen bera duen herritik datorren Aramaio ibaia ere Arrasatetik igarotzen da, herrian aurrekoarekin,Debarekin, bat egiten duela.
Auzoak[aldatu]
Arrasatek herrigunetik kanpo dauden bost auzo ditu:
Horrez gain, herrigunea bera beste hainbat auzotan banatuta dago:
Udalerri mugakideak[aldatu]
Arrasateko udal barrutiak hurrengo udalerriak ditu mugakide:
- Iparraldean: Elorrio (Bizkaia) eta Bergara.
- Ekialdean: Oñati.
- Hegoaldean: Aretxabaleta.
- Mendebaldean: Aramaio (Araba).
Historia laburra[aldatu]
1260ko maiatzaren 15ean Alfontso X Jakitunak hiri-gutuna eman zion bertan zegoen Arrasate edo Arresate herrixkari, Leintz eta Aramaioko haranak elkartzen diren tokian, baita Mondragoe (Mondragon) izen berria ipini ere. Bizitoki hori Santa Barbara mendixkaren magalean kokatu zen. Tontorrean gaztelu zaharra zegoen, Deba ibarrean oso leku estrategikoan, iberiar goi-lautada eta kostaldearen arteko komunikabiderik garrantzitsuena baitzen ibar hori. Erdi Aroko hasieran hiriak sortzeko ahaleginari jarraituta, Deba ibarraren buruan eratu zen hiribildua, Gipuzkoako barneko aldeko beste haran eta ibar batzuetan egin zen antzera.
Alfonso X.a Jakintsuak Gasteizko forua eman zion Mondragoeri. Ondoren, Gaztelako erregeek zabaldu egin zituzten bertako biztanleei emandako eskubideak. 1353an Garagartza, Gesalibarko Santa Ageda, Udala eta Uribarri elizateak hiribilduan sartu ziren.
Bando-gerren garaian eraso asko izan zituen Arrasatek. Oñatiko Jauntxoak erre egin zuen hiribildua 1448ko ekainaren 23an, guraiatarren (oinaztarrak) eta baineztarren (ganboatarrak) arteko liskarrak zirela eta. Ia erabat hondatuta geratu zen horren ondorioz. Ondorengo mendeetan Mondragoeko hiribilduak izen handia izan zuen bertako burdinoletan egiten zen altzairua zela eta. Burdinolak garrantzi handikoak izan ziren garai hartan eta, gaur egunean ere, bertako kale nagusietako batek izen hori berori dauka.
1897an Antonio Canovas del Castillo Espainiako lehen ministroa Santa Agedako bainuetxean hil zuen Michele Angiolillo anarkista italiarrak.
1950eko hamarkadan Jose Maria Arizmendiarrietak sortutako kooperatibaren mugimenduaren hasiera, Fagor (orduan ULGOR izenez) eta Euskadiko Kutxaren (orduan Lankide Aurrezkia izenez) sorrerarekin batera. 1960-1970ko hamarkadetan herriko biztanleriak izugarri egin zuen gora, kooperatibismoak bultzatuta.
1966an Bedoña auzoa Arrasate udalerriaren parte izatera pasatu zen.
Ondasun nabarmenak[aldatu]
Erdi Aroko hiriguneak hasierako egitura eta ezaugarriak gordetzen ditu oraindik. Erdi Aroko kale-egituraketa paradigmatikoa da tipologiari dagokionez eta lur-sailen zein orubeen banaketa gotikoaren amaierakoak dira. Hiriguneak egitura eliptikoa du eta lurraren aldatsetara egokituta dago. Hiru kale nagusi ditu eta beste bi kale txiki zeharretara. Erdiko kalea da ardatza, antzina errepide izandakoa. Hiriguneko beheko aldean hasi eta iparretik hegora doa. Alde banatan, Iturriotz eta Burdinola kaleak eta, goitik behera, Zurgin eta Olarte kantoiak Burdinola kalea gurutzatu eta antzinako harresiraino doaz. Harresi barruko etxe-multzoak bikoitzak dira eta ingurukoak, berriz, bakunak. Neurri handi batean, Erdi Aroko orube banaketa gordetzen da: oinarria luzea eta estua, batez ere, Burdinola kalean.
Hirigunearen erdian, antzinako hilerriaren gainean, plaza dago. Alde banatan, Arrasateko herri-eraikinik esanguratsuenak: San Juan Eliza Nagusia eta Udaletxea. Jatorrizko harresiko sarrera-ateetarik hiru kontserbatzen dira, Beheko Atea edo Portaloia 1768koa da. Beheko aldean dago eta bertan elkartzen dira harresi barruko hiru kale nagusiak. Iturriotz kantoiko Atea edo Kontzezinoko atea ere XVIII. mendekoa da eta Zurgin-kantoikoa, berriz, XVI.ekoa.
Hirigune honetan nagusitzen den eraikigintzan hiru-lau solairuko etxeak ikusten dira, elkarren ondoan, bata besteari itsatsita. Teilatuaren bizkarra, gailurra fatxadaren parean, bi isurialde eta teilatu-hegalak, airean. XIX. mendean eraikitako etxeak nagusi diren arren, garai pizkundetarrean eta barrokoan eraikitako jauretxe eta jauregiak ere badira bertan, Bainez de Artazubiaga etxea nabarmen daiteke Iturriotz kalean. Eliza Nagusia eta Udaletxea oso eraikin esanguratsuak dira hiribilduan. Lehena, eraikin gotikoa da. Dorrea, gotorleku motakoa da, XVI. mendekoa. Udaletxea, berriz, Martin Karrera arkitektoak egindako eraikin barroko ederra da. Harresi barruko esparrutik kanpo baina oso hurbil beste eraikin multzo bat dago: San Frantzisko eliza, kalostra eta komentua.
1997ko otsailaren 11n, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen Arrasateko Hirigune Historikoa, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].
Eraikin nagusiak[aldatu]
Arrasate osatzen duten eraikinen artean, honako hauek nabarmendu daitezke, duten garrantzia eta historiagatik:
- San Joan Bataiatzailearen parrokia
- Udaletxea
- Andikano-Loiola jauregia
- San Frantzisko komentua
- Monterron jauregia
- Bañez de Artazubiaga jauregia
- Okendo jauregia
- Aita Menni ospitalea
- Union Cerrajerako sarrera-eraikina
- Kulturate kultur etxea (antzinako San Frantzisko ospitalea)
Parkeak[aldatu]
Demografia[aldatu]

Ekonomia[aldatu]
Arrasate Gipuzkoako gune industrial nagusia da, eta baita Euskal Herriko nagusienetakoa ere. Euskal kooperatibismoaren erdigunea da, XX. mendearen bigarren erdialdean kooperatiba ugari sortu zuen mugimenduari esker. Kooperatiba horietako gehienak Mondragon Corporacion Cooperativa taldearen barnean daude eta askok eta askok egoitza nagusia Arrasaten dute.
Arrasaten 12.000 lanpostu inguru daude kooperatibismoari lotuak; horri esker, herriko biztanleek ez ezik, inguruko herri eta eskualdeetako pertsona askok bertan lan egiten dute.
- Lehen sektorea: gaur egun oso txikia da Arrasaten lehen sektorean lanean dabilen jendearen ehunekoa; herri aktiboaren %0,5 baino ez, 50 pertsona. 200 baserritik gora daude, baina bertako bizilagun gehienek beste lanbide bat dute nekazaritzaz gain.
- Bigarren sektorea: herriaren sektore nagusia da, aberastasunaren %62 eta lanaren %58 hartzen baitu. Esparru horretan garrantzi handienekoa metalurgia-industria da, sektore horren %79 hartzen duena. Fagor Elektrotresnak, Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Elektronika eta Alecop dira enpresa nagusiak metalurgiari dagokionez, horiek herriko lanpostuen %50 osatzen baitute.
- Hirugarren sektorea: aberastasunaren %37,5 eta lanaren %41 hartzen du. Euskadiko Kutxa, Lagun Aro eta Mondragon Unibertsitatea dira sektore horretan dauden enpresa nagusiak.
Administrazioa[aldatu]
Alkateak[aldatu]
| 2011 | Inazio Azkarraga-Urizar (Bildu) |
| 2007 | Ino Galparsoro (EAE) |
| 2003 | Ignazio Lakuntza Anton (EAJ-EA) |
| 1999 | Xabier Zubizarreta Lasagabaster (EH) |
| 1997 | Jose Maria Loiti Agirre (EAJ)* |
| 1995 | Xabier Zubizarreta Lasagabaster (HB) |
| 1991 | Xabier Zubizarreta Lasagabaster (HB) |
| 1987 | Xabier Zubizarreta Lasagabaster (HB) |
| 1983 | Alvaro Arregi Otadui (EAJ) |
| 1979 | Jose Antonio Ardanza Garro (EAJ) |
(*) Xabier Zubizarretaren aurkako zentsura-mozioa zela eta.
Hauteskundeak[aldatu]
2007ko maiatzaren 25ean udal hauteskundeak izan ziren. Egun hartan, 18.811 hautesle zeuden Arrasaten (%100), baina 7.520 abstenitu egin ziren (%39,46). Alderdiei emandako botoak honela banatu ziren[3]2011ko udal hauteskundeetan, 6 zerrenda aurkeztu ziren Arrasaten: Bildu, Euzko Alderdi Jeltzalea, Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra, Aralar, Euskadiko Alderdi Popularra eta Ezker Batua. Hauek izan ziren emaitzak:
| Alderdi polítikoa | 2011 | 2007 | 2003 | |||
|---|---|---|---|---|---|---|
| Botuak% | Zngtzk | Botuak% | Zngtzk | Botuak% | Zngtzk | |
| Bildu | 43,6% | 11 | - | - | - | - |
| Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) | 19,5% | 4 | 16,79% | 4 | - | - |
| Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE) | 17,8% | 4 | 18,52% | 4 | 21,7% | 5 |
| Aralar | 7,1% | 1 | 5,56% | 1 | 9,6% | 2 |
| Alderdi Popularra (PP) | 6,9% | 1 | 7,03% | 1 | 11,6% | 2 |
| Ezker Batua-Berdeak (EB-B) | 3,8% | 0 | 12,95% | 3 | 13,2% | 3 |
| Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) | - | - | 29,74% | 7 | ||
| Eusko Alkartasuna (EA) | - | - | 8,3% | 1 | - | - |
| Euzko Alderdi Jeltzalea/Eusko Alkartasuna (EAJ/EA) | - | - | - | - | 42,8% | 9 |
Emaitza hauen ondorioz, Bilduko zerrendaburua, Inazio Azkarraga-Urizar, bihurtu zen Arrasateko alkate, Bildu eta Aralarreko botoekin.
Kultura[aldatu]
Festa eta ospakizunak[aldatu]
- Ekainaren 24a, Sanjuanak: herriko jai nagusiak dira Sanjuanak eta ekainaren 23tik 26ra bitartean ospatzen dira.
- Urriko lehen ostirala, Maritxu Kajoi: 1977. urteaz geroztik ospatzen den jaia da, txikiteroen jaia. Egun honetan dotore jantzita irteteko ohitura dago.
- Abenduaren 6an San Nikolas eguna ospatzen da. Goizean zehar haurrak kalez kale ibiltzen dira herrian zehar San Nikolas kantua abesten. Etxeetatik bolo-boloa botatzen zaie: gaztainak, intxaurrak, gozokiak, litxarreriak, txanponak... Eguerdian udaletxeko balkoian boloa egiten dute.
- Abenduaren 22a, Santamasak: San Tomas feria ospatzen da egun honetan, baserriko produktuen salmenta eta erakusketa, artisautza lehiaketak eta erakusketak, eta herri kirolak ere ezin dira falta.
- Auzoetako jaiak:
- Urtarrilaren 29a, Meatzerrekako San Balerio.
- Otsailaren 5a, Gesalibarren Santa Ageda.
- Maiatzaren 1a, San Andres.
- Maiatzaren 15a, Musakolan San Isidro.
- Uztailaren 18a, Santa Marina auzoan Santa Marina.
- Uztailaren 22a, Maalako Errebalan Maria Magdalena.
- Uztailaren 26a, Ferrerias kalean Santa Ana.
- Abuztuaren 3a, Udalan San Esteban.
- Abuztuaren 24a, Uribarrin San Bartolome.
- Irailaren 29a, Garagartzan San Migel.
- Abenduaren 10a, Bedoñan Santa Eulalia.
Kirolak[aldatu]
Arrasatear ospetsuak[aldatu]
- Esteban Garibai (1533-1599), historialari eta idazlea.
- Pedro Biteri eta Arana (1833-1908), filantropo ospetsua.
- Sebero Altube (1879-1963), musikari, filologo, filosofo eta idazlea.
- Juan Goyanarte (1900-1967, argitaratzailea eta idazlea.
- Iokin Zaitegi (1906-1979), idazlea.
- Juan Arana "Loramendi" (1907-1933), olerkaria.
- Jose Maria Arizmendiarrieta (1915-1976), apaiza eta Mondragon Corporacion Cooperativa kooperatiba taldearen sortzailea (Markinan jaioa).
- Juan Arzamendi Emparanza (1927-2004), musikaria.
- Txomin Iturbe Abasolo (1943-1987), ETAko buruzagi historikoa.
- Inaxio Kortabarria (1950-), futbol jokalaria.
- Joxe Aranzabal (1952-), kazetari, irakasle eta blogari ezaguna.
- Luis Maria Lopez Rekarte (1962-), futbol jokalaria.
- Isaias Carrasco (1966-2008), PSE-EEko zinegotzi ohia, ETAk hila.
- RIP musika taldeko partaideak.
- Jorge Fernandez (1972-), saskibaloi jokalaria, modeloa eta aurkezlea.
- Aitor Lopez Rekarte (1975-), futbol jokalaria.
- Eneko Barberena (1983-) idazlea.
- Mikel Gonzalez (1985-), futbol jokalaria.
- Xabier Letona (1966-), Argia astekariko zuzendaria.
Senidetutako herriak[aldatu]
Zerbitzuak[aldatu]
Osasun-zerbitzu publikoei dagokienez, Debagoieneko Ospitaleak eskaintzen du eskualde osorako arreta medikoa. Arrasaten kokatuta dago.
Gesalibarko (Santa Ageda) auzoan, berriz, Arrasateko Ospitale Psikiatrikoa dugu (Aita Mennikoa), buruko gaixotasun kronikoak dituzten pertsonendako antolatua.
Erreferentziak[aldatu]
-
Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo loturak[aldatu]
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz) Arrasateko Udalaren webgunea
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz) Herriko argazkiak FLICKR-en
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz) Herriko argazkiak GureGipuzkoa.net webgunean
- (Euskaraz) Arrasateko Euskalgintza
- (Euskaraz) Goiena.net atarian Arrasateko albisteak
- (Euskaraz) Mondraberri, Arrasateko Ataria
- (Gaztelaniaz) Herriko datu orokorrak
| Arrasateko auzoak | ||
|---|---|---|
|
Bedoña • Erdialdea • Garagartza • Gesalibar • Meatzerreka • Musakola • San Andres • Santa Marina • Udala • Uribarri |
||
|
|||||||
|
|||||||