Tabwemasana

Koordenatuak: 15°21′S 166°45′E / 15.35°S 166.75°E / -15.35; 166.75
Wikipedia, Entziklopedia askea
Mont Tabwemasana» orritik birbideratua)
Tabwemasana
Datu orokorrak
Garaiera1.879 m
Prominentzia1.879 m
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak15°21′S 166°45′E / 15.35°S 166.75°E / -15.35; 166.75
Estatu burujabe Vanuatu
Province of VanuatuSanma
UharteEspiritu Santo
Leku geografikoaEspiritu Santo
Mendizaletasuna
Ohiko bideaKerepua

Tabwemasana (1879 m) Vanuatuko mendirik altuena da. Espiritu Santo uhartean dago, Sanma probintzian.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vanuatuko bi hizkuntza kolonialetan Mount Tabwemasana (ingelesez) eta Mont Tabwemasana (frantsesez, batzuetan Mont Tabwémasana) ere izendatzen bada ere, toponimoak berak izen generikoa dauka: tabwe edo tawa hitzek "mendia" esan nahi dute uharteko barnealdeko hizkuntzetan. Masana hitzak "bi punta" esan nahi duelarik, "bi gailur dituen mendia" izango genuke Tabwemasana.

Jakingarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenak mendiaren itxura islatzen du; bi tontor ditu, garai batean bakarra osatzen zutenak baina erosioaren eraginez bereizi zirenak. Gailurrei "mendi arra" eta "mendi emea" deitzen zaie. Tokiko sinesmen baten arabera gauean bi tontorrek batu eta besarkatu egiten dira.

Espiritu Santo edo Santo uhartearen mendebalde osoa, lurmuturretik (ipar-mendebaldea) Lisbonekora (hego-mendebaldea), zeharkatzen duen mendikatean dago. Menditik izugarrizko ikuspegiak daude; mendebaldean Koral itsasoa ikusten da.

Igoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko hamarkada arte Novokula herria mendiaren magalean kokatzen zen, 1100 metrotan[1]; kostaldetik oihan trinkoan zehar egin beharreko harako bidaiak egun oso bat irauten zuen. Baina hamarkada horren amaieran kolonialismoak eta talde kristauen proselitismoak bultzatuta barnealdeko herriak, hustu eta biztanleak kostaldean bilarazi zituzten; Novokula ere 1978an berkokatu egin zuten eta Kerepua izeneko herria sortu zen isasertzean. Harrezkero bertatik ateratzen dira mendirako espedizioak; 2006an turismo proiektu baten bultzadaz bungalow batzuk eraiki ziren eta bertan har daiteke ostatua[2].

Oso bisitari gutxik zapaltzen dute mendia, urte gehienetan sei baino gutxiagok. Arrazoi nagusiak mendiaren kokapen isolatua eta igotzeko zailtasun teknikoak. Kerepuara heltzeko uharteko hiriburua den Luganvilletik (hego-ekialdean) errepidez Tasirikira (hego-mendebaldean) joan eta itsasontzi bat hartu behar da. Kerepuatik ibai baten ibilbidea gorantz segitzen da harana utzi arte (2,5 ordu); hortik kanpalekura beste hainbeste eta tontorreraino beste 5-6 ordu behar dira, Novokula zaharretik pasatuta. Gidariak beharrezkoak dira, bidea galtzea erraza delako eta gogorra delako. Espedizioak 3-5 egun iraun dezake, haietako bi eta erdi ibiltzekoak[3].

Hara hurbiltzeko aldirik onena sasoi lehorra da, ekainetik irailera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Positive earth webgunea.
  2. Proiektua Positive earth webgunean.
  3. Igoera mendiari buruzko webgune honetan.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]