Vanuatu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vanuatuko Errepublika
Ripablik blong Vanuatu (bi)
Republic of Vanuatu (en)
République de Vanuatu (fr)
Vanuatuko bandera
Bandera

Vanuatuko armarria
Armarria

Goiburua: Long God yumi stanap (Jainkoarekin gaude)
Nazio ereserkia:
Yumi, Yumi, Yumi
Vanuatu: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Port Vila
17°45′S 168°18′E / 17.750°S 168.300°E / -17.750; 168.300
Hizkuntza ofiziala(k) Bislama, ingelesa, frantsesa
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika parlamentarioa
Iolu Johnson Abil
Sato Kilman
Independentzia
Frantzia eta
Erresuma Batuarengandik

1980ko uztailaren 30a
Eremua
• Guztira
• Ura

12.200 km² (161)
% 3,2
Biztanleria
• Zenbatespena(2009)
• Dentsitatea

Herritarra

240.000 (173)
19,7 biztanle/km² (188)

vanuatuar
Dirua Vatu (VUV)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Ez du (UTC +11)
Interneteko domeinua .vu
Telefono aurrezenbakia +678
Vanuatuko mapa

Vanuatuko Errepublika (bislamaz Ripablik blong Vanuatu; frantsesez République de Vanuatu; ingelesez Republic of Vanuatu) Ozeano Barean dagoen estatu eta artxipelagoa da. Mendebaldean Australia (1750 kmra), hego-mendebaldean Kanakia (500 kmra), ekialdean Tuvalu, Wallis eta Futuna eta Fiji eta iparraldean Salomon Uharteak ditu auzokide. Beraz, Melanesiaren bihotzean dago.

Herri nagusiak: Luganville, Port Olry, Isangel. Hizkuntza ofizialak: bislama, frantsesa eta ingelesa. Etniak: ni-vanuatuak, % 97; besteak, % 3. Erlijioa: prebisterianismoa, % 36,7; anglikanismoa, % 15,1; katolizismoa, % 14,8; adbentismoa, % 6,2; animismoa, % 7,6; besteak, % 10,9.

James Cookek hala izendatuta, haren izen koloniala "Hebrida Berriak" da, baina erreferentzia historikoetan besterik ez da erabiltzen. Aldi kolonialak berezitasun bat izan zuen uhartedi honetan: Erresuma Batua eta Frantziak batera agindu zuten 1906tik 1980an independentzia eskuratu arte.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamahiru uharte nagusi eta 60 bat uharte txiki dira guztira, 650 km luze den Y baten arabera banatuak. Uharteak goi-ordoki garaiez eta apalez, mendi malkarrez, muino biribilez eta koralezko itsas-hautsiez osatuak dira. Lurrikarak izaten dira; sumendi piztuak ere badira uharte batzuetan.

65 uhartetan jendea bizi da; biztanlerik ez duten beste bi, Frantziak okupatzen dituen Matthew eta Hunter uharteak, berarentzat eskatzen ditu. Estatuak 2.500 km kostalde baino gehiago ditu. Kostaldean lautadak eta barnealdean mendiak dituzten uharteak sumendiek sortuak dira. Uharte nagusiak, iparraldetik hegoaldera:

Uhartediko mendirik altuena Tabwemasana (1877 m) da, Espiritu Santon.

Klima ozeaniko tropikala du Vanuatuk, beroa (22-27 Â°C) eta hezea (2.000-3.000 mm euri). Haize erauntsiak izateko arriskua dago. Landaredia ugaria da: baso tropikala, belardiak eta, kostaldean, ur gaziko landaredia.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazaz melanesiarrak dira Vanuatuko biztanle gehienak, baina txinatar, vietnamdar, polinesiar, mikronesiar eta europarrak ere badira. Jende gehiena Efate, Espiritu Santo, Tanna eta Malakula uharteetako herrixketan bizi da. Hizkuntza ofizialez gainera melanesiar dialektoak ere erabiltzen dira. Jaiotza nahiz heriotza tasak handiak dira. Urteko hazkundea % 3,1 da, eta 15 urtetik beherakoek biztanleen % 43 osatzen dute. Bizitza itxaropena 61 urtekoa da gizonezkoentzat eta 60 urtekoa emakumezkoentzat.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

200.000 biztanle pasatxo besterik ez dituela, hizkuntza aniztasuna izugarri handia da Vanuatun. Hiru hizkuntza ofizial daude:

  • Ingeles eta frantses kolonialak.
  • Bislama: pidgin hau herrialdeko lingua franca da, hirietan izan ezik tokiko hizkuntzak ordezkatzen ez dituen arren. Oinarrizko egiturak ingelesarenak ditu eta frantsesaren zein iparraldeko Vanuatuko hizkuntza melanesiarren ekarpen lexikalak ditu.

Horiez gain, munduko hizkuntza-dentsitaterik handiena du: 113 tokiko hizkuntza daude[1]. Denak ekialdeko hizkuntza ozeaniarrak dira, azpitalde hauetan banatuta:

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vanuatu sei probintziatan banatuta dago 1994tik. Haien izenak probintzia bakoitzean dauden uharte nagusien hasierako letretan oinarritzen dira. Probintziak, beren azalera eta hiriburuak:

  1. Malampa, 2 779 km², Lakatoro.
  2. Penama, 1 198 km², Longana.
  3. Sanma, 4 248 km², Luganville.
  4. Shefa, 1 455 km², Port Vila.
  5. Tafea, 1 628 km², Isangel.
  6. Torba, 882 km², Sola.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1768an Bougainville frantses esploratzailea iritsi zen uharteetara, 1774an James Cook britainiar kapitainak Hebrida Berriak izenaz ezagutarazi zituenetara. XIX. mendearen erdialdera europar misiolariak eta sandalo salerosleak iritsi ziren, eta haien ondotik, 1868 aldera, britainiarrak eta frantsesak joan ziren kotoia lantzera. Bi herrialdeen arteko tirabirak zirela eta, 1906an elkarrekin gobernatzea hitzartu zuten.

Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuetako gudarostearen base militarra izan zen.

1980an burujabe egin zen, Vanuatu izenarekin. 1984an Vanuatuko presidente zen Ati George Sokomanuk uko egin zion karguari, haren iritziz Konstituzioak ez baitzituen babesten ez presidentea ez ministroak. Hala ere, gobernu krisiaren ondoren, hauteskundeetan parte hartzea onartu zuen. 1984ko martxoan presidente izendatu zuten berriz ere. Vanuatuko Garapenerako Bigarren Planaren bidez (1987-1991) nekazaritzaren garapen orekatua proposatu zen, Vanuatuko baliabide naturalez era intentsiboagoan baliatzea, giza baliabideak garatzea eta sektore pribatua indartzea. Hala ere, plan horri kalte handia egin zion 1987an izan zen Uma zikloiak: 36 milioi dolarreko kalteak izan ziren eta biztanleen % 34rengan izan zuen eragina.

1988an Sokomanu presidentea eta Barak Sope politikaria (ministro ohia eta alderdiko buruzagia) saiatu ziren Walter Lini lehen ministroa kargutik kentzen, baina atxilotu eta espetxeratu egin zituzten. Fred Tmakata izan zen presidente berria. 1992an frantsesa hizkuntza ofizialtzat hartu zen. Urte horretan bertan, gobernuak esportazioari, atzerriko inbertsioei eta nekazaritzaren erreformari eman zien lehentasuna, eta oinarrizko hezkuntza doakoa izatea onartu zuen.

1993an nekazaritza gai berriak lantzen hasteko plangintza bat jarri zuen gobernuak abian, baina Betsy zikloiak uztaren % 30 desegin zuen. 1994an gobernuak funtzio publikoko 4.800 langiletik 200 kaleratzea erabaki zuen. 1996an Vanuatuko Indar Mugikorra (VMF) talde paramilitarrak greba bat hasi zuen jaso ez zituzten soldatengatik. Talde horretako buruzagiak atxilotu egin zituen poliziak, baina berehala utzi zituzten libre.

Vanuatuko parlamentua.

1998an, Leyé Errepublikako lehendakariak gobernua desegin zuen giro politiko nahasiaren ondorioz eta hauteskunde orokorrak deitu zituen 1998ko urtarrilaren 20rako. Hala ere, hauteskunde horiek ez ziren egun horretan egin: Port Vilan borroka gogorrak izan ziren, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri behar izan zuen. Inbertsiogileek beren aurrezkiak atera zituzten Aurreikuspen Funtsetatik, zurrumurrua zabaldu baitzen politikoek diru hura bidegabe erabiltzen zutela. Azkenik, martxoaren 6an egin ziren hauteskundeak eta Donald Kapolkas izendatu zuten lehen ministro.

2002tik 20007rako tartean, hainbat gobernu izan zen, baina ustelkeria salaketagatik dimisioa eman behar izan zuten; ustelkeriazko eskandaluek eragina izan zuten orobat ekonomian. 2005ean, Manaro sumendiaren erupzioagatik milaka lagun ebakuatu behar izan zituzten Aoba uhartetik. 2007ko martxoan, liskar gogorrak izan ziren hiriburuko aldirietan, lur okupatzaileen eta lur jabeen artean: hiru lagun hil ziren, eta ehunka atxilotu eta zauritu izan zen. 2008ko hauteskundeetan, Edward Natapei izendatu zuten lehen ministro.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azoka Port Vilan.

Nekazaritzan langileen % 60 inguru aritzen da lanean. Kokondoa, platanoa, ñamea, mandioka, taroa, ogi-arbola eta barazkiak lantzen dituzte batez ere. Kokoaren kopra, kakaotzea eta kafea, berriz, esportatzeko dira gehienbat. Lur gehienak frantses kolonoen eskuetan egon dira, eta lurra vanuatuarrei itzultzeko 1983an egin zen legediak arazoak ekarri ditu. Uharte batzuetan behiak, txerriak eta ahuntzak hazten dira. Arrantzak ere nolabaiteko garrantzia du: hegaluzea, hegalaburra, oskoldunak eta soinberak arrantzatzen dira batez ere.

Turismoa ere garrantzi handiko diru iturria da, eta sektore hori indartzeko uharte batetik bestera doazen eta Australiarekin lotzen duten hegazkinak daude. 1997an Vanuatuk hitzarmen bat izenpetu zuen Asiako Garapenerako Bankuarekin ekonomiaren egitura berritzeko eta sektore publikoa urritzeko helburuarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vanuatu Aldatu lotura Wikidatan