Naziogintza Taldea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Naziogintza Taldea
Sorrera2017
EremuaEuskal Herria
Ideologia politikoaEuskal abertzaletasuna
Independentismoa
Euskaltzaletasuna
www.naziogintza.eus/

Naziogintza Taldea Euskal Herriko erakunde politiko abertzalea, euskaltzalea eta independentista da, 2017an sortua. Euskal kontzientzia nazionala hedatzea du helburu, eta hizkuntzan oinarritutako abertzaletasuna sustatu nahi du. Bere kideen ustez, hizkuntza baita nazio euskaldunaren funtsa, bere identitatearen oinarria[1], Euskal Herriari izena eta izana ematen dizkiona.

Lan ideologikoari eta heziketa politikoari garrantzi handia ematen dizkio Naziogintza Taldeak. Aurkezpenak eta mintegiak egiten ditu eta abertzaletasunari buruzko gai monografikoak eta artikuluak lantzen ditu bere aldizkari digitalean[2]. Horrekin batera, ekimen publikoak ere antolatzen ditu, hauen bitartez bere lan ideologikoari hedapen handiagoa emateko[3][4][5][6].

Harreman estuak mantentzen ditu Europako beste estaturik gabeko nazioekin, nazioarteko sare bat osatuz. Nazio hauei buruzko informazioa ematen du bere webgunean, euskaraz eta ingelesez[7]. 2019. urtean Europako estaturik gabeko nazioen mapa sortu eta aurkeztu zuen, Europako estaturik gabeko Herriei protagonismo osoa ematen ziena[8].

Bere bozeramaileen esanetan, lau hauek dira taldearen helburu nagusiak:

  • euskal kontzientzia nazionala sustatzea
  • euskal hizkuntza eta kulturaren aldeko diskurtsoa mundu abertzalean indartzea
  • euskal errepublikaren aldeko argudioak lantzea
  • Europako estaturik gabeko nazioen arteko lankidetza eta elkar ezagutza sustatzea

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldeak ez du harreman organikorik inongo alderdi politikorekin, eta bere independentzia politikoari eusten saiatzen da. Eremu abertzaletik kanpoko gaiak ez ditu jorratzen, euskal abertzaletasuna izanik bere lan eremu esklusiboa.

Txillardegi, Joxe Azurmendi eta Joxe Manuel Odriozolaren, besteak beste, lan intelektuala aintzakotzat hartuz, eredu propio bat lantzen du Naziogintzak, euskara abertzaletasunaren muinean jarriz:

« Euskararen aldeko kontzientzia linguistikoa zabaltzen den heinean, euskal sentimendu nazionala ere indartuko da. Eta euskal sentimendu nazionala indartuz, independentziaren aldeko gogoa ere areagotuko da. Euskal kontzientzia nazional sendorik gabe, nekez lortuko du inoiz Euskal Herriak bere independentzia »

—Naziogintza Taldea

.

Erakunde honen arabera, frantziar eta espainiar inperialismoen betiko helburua Euskal Herriaren asimilazioa izan da. Azken urteotan asimilazio hori areagotu egin da, eta desnazionalizazio prozesu hits eta azkar batean sartu da Euskal Herria[9]. Asimilazio horri aurre egiteko, eta euskal nazioaren biziraupena bermatzeko, independentzia ezinbesteko baldintza da Naziogintzaren ustez.

Erakundeak uste du eraikuntza nazionalaren ardatza hizkuntza dela. Euskarak dimentsio nazionala ematen diolako Euskal Herriari. Era berean, bere ustez euskarak eta euskal kontzientzia nazionalak elkarri eragiten diote: euskal kontzientzia nazionala zabaltzen den heinean garatuko da euskararen erabilera. Eta euskararen garapena zabaltzen den heinean zabalduko da euskal kontzientzia nazionala ere:

« Hizkuntza da nazio zapalduek eskura duten armarik eraginkorrena haien asimilazioa saihesteko »

—Naziogintza Taldea


« Beren hizkuntzari eusten dioten Herri zapalduek euren askatasunaren giltza dute »

—Naziogintza Taldea


Talde abertzale honek «bi estatu zapaltzaileek gurean bultzatutako kolonizazio linguistikoari, kulturalari, soziologikoari eta politikoari amaiera ematea» du xedetzat, bere hitzetan. Think tank modura jarduten du eta euskal abertzaletasunari buruzko gogoeta taldea ere izan nahi du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]