Noucentisme

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Noucentisme XX. mendeko lehen hamarkadan Katalunian sortu eta 40. urteetaraino hedatu zen kultura higikundea izan zen. Katalanismo politikoaren erakundeekin bateratsu garatu zen, haiekin bat egin zuen kultura xedeetan eta haien laguntza izan zuen. Literatura- eta plastika-alorrak besarkatzen zituen mugimendu hau modernismoaren eta tradizio erromantikoaren aurkako erreakzio gisa sortu zen. Teoriko nagusia eta izenaren asmatzailea (1906) Eugeni d´Ors Xènius (1881-1954) izan zen.

Modernismoaren ezaugarri ziren germanizazioaren eta Erdi Aroko giroen aldeko joeraren aurrean, Mediterraneoan oinarrituriko estetika klasizista proposatzen zuen noucentismeak. Europatik etorritako joera eten zuen, Kataluniako nortasun politikoa eta kulturala bilatzen baitzuen. Literaturaren alorrean E. D´Ors, Josep Carner, Costa i Llobera, Guerau de Liost, Pompeu Fabra, Joan Maragall eta beste idazle asko gogor saiatu ziren hizkuntza finkatzen. Idazleon lanarekin batera hainbat ekimen sortu ziren hango kultura nortasuna sendotzearren: Institut d´Estudis Catalans (1907), herri-liburutegiak, esperientzia pedagogikoak, aldizkari espezializatuak, etab.

Arte plastikoek garaiko eta tokiko idealekin bat datozen ezaugarriak azaltzen dituzte: araua eta neurria, errealismo idealizatua, adierazpidearen lasaitasuna, gai bukolikoak eta alegorikoak. Pinturaren alorrean zenbait artista nabarmendu ziren, hala nola Joaquim Torres García, Francesc Galí, Josep Obiols, Josep Aragay, Xavier Noguès, etab. Eskulturari dagokionez, Aristide Maillol katalanak abiarazitako bide neoklasikotik, hainbat artista nabarmendu ziren, horien artean: Josep Clarà, Enric Casanovas, Manolo Hugué, lehen Pau Gargallo, Esteve Monegal, Joaquim Claret, etab. Gaudíren obren handitasunari kontrajartzen zaizkion lerroen zorroztasuna eta formen neurria dira noucentisme-ko arkitekturaren ezaugarriak; arkitekto nagusiak: Josep Goday, R. Duran i Reynals, Francesc Folguera, Francesc de P. Nebot izan ziren. Artearen eta kulturaren esparruan, Katalunia modernoa noucentismearen ondorioa da, eta haren ondoren etorritako mugimendu berriek ezinbesteko oinarri izan dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Noucentisme Aldatu lotura Wikidatan