Ortuellako udaletxea

Koordenatuak: 43°18′38″N 3°03′28″W / 43.3105°N 3.0578°W / 43.3105; -3.0578
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ortuellako udaletxea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaOrtuella
Koordenatuak43°18′38″N 3°03′28″W / 43.3105°N 3.0578°W / 43.3105; -3.0578
Map
ErabiltzaileaOrtuellako Udala
Kontaktua
HelbideaMaiatzaren Lehena plaza

Ortuellako udaletxea Ortuellan dagoen eraikina da, bertako udala duena. 2020ko abenduaren 4an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Monumentu kategoriarekin[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ortuellako udaletxearen eraikina udalerriaren hego-mendebaldean dago. Zehazki, trenbidearen trazaduratik hurbil dago, Maiatzaren Lehena Plazako fronteetako bat eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartea ixten dituen orubean.

Ortuellako udalerria Santurtzitik banandu ondoren, eta alondegiaren eraikina udaletxe gisa erabili ondoren, 1903ko abenduan, «La Constructora» sozietate anonimoak herriko plazan zuen eraikina erostea erabaki zuen Udalak. Zipriano Artetxe arkitekto eta ingeniariak egin zuen eraikin hori berritzeko proiektua, eta eraikina Ortuellako Udaletxe bihurtu zen. Ortuellako udal arkitekto gisa (1901-1905) lan egin zuen garaiko eraikin publiko garrantzitsuenetariko bat izan zen. Birgaikuntza-proiektua bi fasetan egin zuen: lehena, barne-birgaikuntza (1905eko urtarrila) eta, bigarrena, fatxada (1905eko uztaila); hala, eraikina 1905eko urriaren 22an inauguratu zen. Gorka Perez de la Peña Oleagaren hitzetan, «udaletxeetan eklektizismoa aplikatzearen erakusle aparta da, Bizkaiko arkitekturaren berezienetako bat». Hiru solairu eta erdi-sotoa dituen eraikina da, nahiz eta fatxada nagusitik azken hori ez den ikus- ten. Oinplano angeluzuzena du, besoetako bat fatxada nagusia da, ekialdera orientatua, herriko plazara begira (Maiatzaren Lehena plazara).

Kanpotik, eta fatxada nagusira begira, eraikina bi gorputz horizontaletan eta hiru bertikaletan antolatzen da. Fatxadaren antolaketa horizontalari dagokionez, lehenengo bi solairuetan, hormek []harlandu]]-imitazioa dute, urdinkara, zokaloetan izan ezik, horiek bai baitaukate harlanduzko aka- bera. Goiko zerrenda horizontalak, goiko solairuari dagokiona, emokadura akabera du. Bi gorputz horiek erlaitz batez bereizten dira. Eraikinaren gainerako fatxadetan emokadura baino ez dago.

Ortuellako armarria udaletxearen fatxada nagusian

Fatxada nagusiaren banaketa bertikalari dagokionez, hiru atal ditu, hiru hormarteri dagozkienak, eta zortzi bao-ardatz. Erdiko gorputza aurreratuago dago presentzia eta garrantzia emateko, hor biltzen baitira elementu adierazgarrienak: sarrera nagusia, beheko solairuan, arku karpanelekin; diskurtsoetarako balkoia, beste bi arku karpanelen bidezko sarbidea duena; eta Ortuellako armarria, Santurtziko Kontzeju zaharrari zegokiona, 1901ean Ortuellan eratu zen Udalak oinordetzan jaso zuena. Armarriaren gainean, goiko solairua, fatxadaren gainerakoak bezala, bi arku beheratu dituena. Era berean, erdiko gorputzak bi pilastra erraldoi ditu, bi alboetan, basetatik atera eta teilatu-hegaleraino iristen direnak.

Fatxada nagusiaren alboko zatiketa bertikalak erdiko gorputzarekiko atzeraemanak daude. Beheko solairuan, albo bakoitzean arku karpanelez osatutako hiru bao daude (erdikoak sarrera gisa balio du); lehenengo solairuan, arku beheratuz osatutako hiru bao daude, erdikoa handiagoa da eta, gainera, balkoi txiki bat du barkalunekin; eta, azkenik, goiko solairuan, arku beheratuz osatutako hiru bao daude.

Alboetako fatxadak emokatuta daude eta ez dute apaingarririk edo apaindurazko errepertoriorik. Hutsune-erretikuluaren bidez ordenatuta daude, besterik gabe. Atzeko fatxadan, baoen ardatzen kopurua bat dator fatxada nagusikoarekin (zortzi), eta erdian eskailerako beiratea nabarmentzen da.

Eraikina lau isurkiko teilatu batez estalita dago, zurezko teilatu-hegal zabal batekin.

Barrualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaletxearen barrualdeari dagokionez, egitura mistoko armazoi batek osatzen du egitura, sotoko, beheko eta lehen solairuetan, Ortuellako Ibarra y Hermanos enpresaren zurezko forjatuen eta burdinazko zutabeen oinarrian eraikia. Bigarren solairuak zurezko egitura du.

Eraikinaren antolaketa funtzionalari dagokionez, Artetxek Udaletxearen behar berrietara ego- kitzeko moldatu zuen. Beheko solairuan Arte eta Lanbide Eskola kokatu zen, lehenengoa egoitza administratiborako eta, bigarrena, etxebizitza eta Udal Epaitegirako bideratu zen.

Erdiko hormartean zegoen sarbidea, atarte nagusian, eta bi altuerako eskailera nagusira ematen zuen; eskailera hori lehen solairuko osoko bilkuren aretora iristen zen. Lehen solairu horretan, beste eskailera batek bigarren solairua komunikatzen zuen.

Espazioen arteko erlazio hori apaindurazko dekorazioarekin osatzen zen. Gorka Perez de la Peña historialariak honela deskribatzen du: «Eskailera nagusia, iparraldeko pinuzko armazoiarekin egin zuena; haritzezko zangoak, lehenengoa izan ezik, Ereñoko marmolarekin eta pinoteako eta barandaleko fronteekin egina; intxaurrondozko eskudelak eta zurezko barkalunak (hasierako platabandarako, lehendik zegoen burdinazko zutabea baliatu zuen); moldura, atondoko sabaietan, eskailera-zuloan, saio-aretoan eta eskailerako beirateko leihatean; Bilboko T. Gartzia beiragileak 1905ean egindako eskailerako beiratea; eta eskailerako enpanelatuak, lehen solairuko korridorea eta saio-aretoa».

Egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoren, zaharberritzeko eta finkatzeko zenbait lan egin dira, baita eraikinaren barnealdea berrantolatu ere. Horren ondorioz, gaur egun Udaletxeak duen banaketa jatorrizko proiektuaren oso desberdina da. Kanpoaldean, fatxadak, bao askotako zur-lanak, Ortuellako armarria eta beheko solairuko burdinak kontserbatzen dira. Barrualdean, egiturazko armazoia, hormartea edo erdiko gorputza kontserbatzen dira, eskailera nagusiarekin eta bere osagai eta apaindura guztiekin, orobat lehen solairuko korridorea, osoko bilkuretarako aretoa, bigarren solairura heltzeko eskailera eta bigarren solairuko etxebizitzaren zati bat.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kultura ondasun izendapena EHAAn (noiz kontsultatua: 2023-03-18)

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]