Philippe Decouflé
Frantses koreografoa eta antzerki-zuzendaria (Paris, 1961). 1992ko Albertvilleko Olinpiar Jokoetan egin zen ospetsu, haietarako antolatu zituen hasiera- eta amaiera-ekitaldiengatik. Gaztetan, pailazo izan nahi zuen eta zirkuko eskolan aritu zen. Dantza ere ikasi zuen eta Angersko dantza garaikideko zentroan sartu zen; han, Alwin Nikolaisen ikuskizunetan parte hartu zuen. Régine Chopinot eta Karole Armitageren taldeetan dantza egin zuen, eta, ondoren, koreografian murgildu zen. Vague Café ikuskizunarekin Bagnoleteko Lehiaketako lehenengo saria lortu zuen 1983an. 1986an, berriz, Codex egin zuen. Bi film labur ere egin zituen garai horretan: La Voix des légumes (1983), Le Petit Bal (1993). 1990ean, Triton ikuskizuna erakutsi zuen Avignongo jaialdian. Frantziako Iraultzaren Bigarren Mendeurrenaren ospakizunetan, La Danse des sabots zuzendu zuen. 1995ean, Decodex ikuskizuna prestatu zuen Philippe Guillotel jostunarekin batera. 2006an, L'Autre Défilé izeneko moda-desfile bat prestatu zuen La Villette parkean, non Comédie Françaiseko eta Parisko Operako jantziak erakutsi baitzituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.