Richard Holbrooke
Estatubatuar politikaria eta diplomatikoa (New York, 1941 - Washington, 2010). 1962an hasi zuen diplomatiko-karrera. 1977tik 1981era, Jimmy Carterren lehendakaritzapean, estatu-idazkariorde izendatu zuten Asia eta Pazifikorako. Hori baino lehenago, Averell Harrimanen aholkulari izan zen, Estatu Batuek eta Vietnamek Parisen hitzarmena izenpetu aurreko negoziazioetan. Gero, denboraldi batez nazioarteko harremanak utzita —Reaganen administraziopean (1981-1988)—, Wall Streeten aritu zen lanean. Demokraten buruzagi Bill Clintonek aginpidea eskuratu arte itxaron behar izan zuen nazioarteko zereginetara berriro itzultzeko. 1993an, Clintonek Alemaniara bidali zuen enbaxadore, baina, handik gutxira, Europa eta Kanadarako estatu-idazkariorde izendatu zuen, kargua hutsik utzi zuen Stephen Oxmanen ordez. Urtebete geroago, 1995eko abuztuan, Bosnia-Herzegovinako gerrari amaiera emateko negoziazioetarako ordezkaritzaren buru izan zen, Bill Clintonek hala izendatuta. Bake-hitzarmena Daytonen (Ohio) izenpetu zen, 1995eko abenduaren 21ean, Holbrookeren lanari esker, neurri handi batean. 2009-2010ean, Barack Obama presidentearen berriemaile berezia izan zen Afganistanen eta Pakistanen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.