Satrapa
Wikipedia(e)tik
Satrapa bat (grezieraz σατράπης satrápēs, antzinako pertsieraz xšaθrapā(van), "herrizaina"), Antzinako Persian, probintzia bateko gobernaria zen. Dario I.ak 20-25 satraperria edo probintziatan zatitu zuen Persia. Erregeak berak izendatzen zituen satrapak, eta gehienetan Persiako nobleen familietako kideak izaten ziren. Satrapek administrazio- eta epai-aginpidea zuten, zergak biltzen zituzten, barne-segurtasuna bermatzen zuten eta armada sortzeko eta mantentzeko ardura izaten zuten. Dario I.ak kontrol-sistema bat antolatu zuen satrapak gainbegiratzeko eta haien gehiegikeriak saihesteko.
Gaur egun, adiera gutxiesgarrian erabiltzen da batzuetan satrapa hitza botere handia duten eta larderiaz gobernatzen duten politikariak izendatzeko.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.