Senoiak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Senoiak (latinez senones, antzinako grekotik: Σήνωνες) Antzinaroko Galiako zelta kulturako tribu bat ziren.

Zisalpetar Galiako senoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 400 urte inguruan Alpeak igaro zituen senoi tribuaren zati batek, eta umbriar tribuak kanporatu eta gero, Italiako Ekialdeko kostaldean ezarri zuten haien bizilekua, Forlitik Anconara doan eremuan. Eremu horri hortik aurrera ager gallicus ( latinez, galiarren lurra) deitu zitzaion, eta bertan etorri berriek Sena Gallica herria fundatu zuten ( gaur egungo Senigallia), ager gallicus horren hiriburu bilakatu zena. K.a. 391. urtean zisalpetarrek Etruria inbaditu eta Clusium hiria ( gaur egungo Chiusi) setiatu zuten. Klusiarrek Erromari laguntza eskatu zioten, eta honek, Erromaren ordezkariek galiarren aurrean erakutsi zuten jarrera eta nazioen legeei egin zioten zapalketarekin batera, senoien tribua Erromaren aurkako gerran sartu zuen. Hori horrela, senoiek Erromatarrak garaitu egin zituzten Alliako Guduan ( K.a. 390. urteko uztailaren 18an usadioaren arabera) eta horrek ondorengo Erromaren Arpilaketa ekarri zuen.

Gertakari hauek gertatu eta hurrengo 100 urteetan senoiak Erromaren aurkako gerran aritu ziren etengabe K.a. 283. urtean Publius Cornelius Dolabella-k menderatu eta ager gallicus-etik kanporatu zituen arte. Hortik aurrera, ez ziren Italian gehiago gelditu. Posiblea da Danubio inguruan, Mazedonian eta Asia Txikian zehar hedatu ziren galiar tribuenetariko bat izana. Haien lurretan Sena Gallica kolonia erromatarra sortu zen, galiar hiria egon zen inguruan.

Alpeez haraindiko Galiako senoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italian ezarri zen tribuaren adar bat ziren, edota izen bereko beste tribu bat. Gaur egungo Seine-et-Marne, Loiret eta Yonne eskualdean zuten bizilekua. Haien herri nagusiak Agendicum (gero Senones deitua, gaur egungo Sens), Metiosedum ( gaur egungo Melun, A. Holder-en iritziz, Meudon) eta Vellaunodunum ( toki ezezagunekoa) ziren. K.a. 53 eta 51 urteen inguruan Julio Zesarren aurka borrokatu ziren Cavarinus buruzagia ( berau Zesarrek ezarria) kanporatu eta gero. K.a. 51. urtean Drappes izeneko buruzagi Senon batek Probintzia ( Gallia Narbonensis) mehatxatu zuen, hala ere, azkar atxilotua izan zen. Hortik aurrera galiar senoiak historiatik desagertzen dira.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]