Sexuaren eta generoaren arteko bereizketa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sexua eta generoa terminoak XIV. mendetik hona erabili diren arren[1], literatura akademiko garaikidean esanahi desberdinak izan ohi dituzte. Sexua organismo baten sexu biologikoari dagokio; generoa, berriz, pertsona baten sexuan oinarritutako rol sozialei (genero-rola) edo barne-kontzientzia batean (genero-identitatea) oinarritutako generoaren beraren identifikazio pertsonalari[2][3][4]. Hizkuntza arruntean sexua eta generoa terminoak berdin erabiltzen diren arren[5][6], gaur egungo gizarte-zientzialari gehienek[7][8][9], portaera-zientzialari eta biologoek[7][10], ordenamendu juridiko eta gobernu-erakunde askok[11] eta MOE bezalako gobernu arteko agentziek[12] generoaren eta sexuaren arteko bereizketa egiten dute.

Gizabanako gehienetan, sexuaren determinatzaile biologikoak bat datoz eta koherenteak dira gizabanakoaren genero-identitatearekin[13], baina egoera batzuetan, pertsona bati esleitutako sexua eta generoa ez datoz bat, eta pertsona transgeneroa izan daiteke. Kasu batzuetan ere, pertsona batek sexua esleitzea zailtzen duten ezaugarri sexualak izan ditzake, eta pertsona intersexuala izan daiteke.

Askotan, John Money sexologoa jotzen da 1955ean sexu biologikoaren[14] eta genero-identitate/-rolaren arteko bereizketa egiten lehena, nahiz eta Madison Bentleyk hamarkada bat lehenago generoa "sexuaren aurrealde sozializatu" gisa definitu zuen[15][16]. Moneyren jatorrizko ikuskeraren arabera, generoa eta sexua elkarrekin aztertzen dira, elementu biologikoak eta sozialak barne hartzen dituen kategoria bakar gisa, baina Robert Stollerren ondorengo lanek biak bereizi zituzten, sexua eta generoa kategoria biologiko eta kultural izendatuz, hurrenez hurren. Bentley, Money eta Stollerren lanen aurretik, genero hitza kategoria gramatikalak aipatzeko baino ez zen erabiltzen[5][6][17][18].

Sexua eta generoa bereiztearen garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oxford English Dictionary hiztegian, "sexua" eta "generoa" bereizten dira:

« "Sexua" ezberdintasun biologikoei egokitu ohi zaio. "Generoa", berriz, ezberdintasun kultural edo sozialei buruzkoa izan ohi da. »


OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) adierazten du "sexuak" gizonezkoak eta emakumeak definitzen dituzten ezaugarri biologiko eta fisiologikoak hartzen dituela barnean. [...] 'Arra' eta 'emea' sexu-kategoriak dira".

Feminismoan eta genero-indarkerian aditua den Nuria Varela idazleak dioenez, "sexua" kategoria biologiari dagokio, hau da, gizonen eta emakumeen gorputzen arteko ezberdintasun fisiko eta biologikoei.

Generoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oxford English Dictionary-k "generoa" honela definitzen du:

« Erabilera modernoan (feministan, bereziki): gizakiaren sexuaren eufemismoa, sarritan sexuen arteko bereizketa sozial eta kulturala nabarmentzeko asmoz egina, bereizketa biologikoaren ordez. »


American Heritage Dictionary hiztegiak honela definitzen du:

« Nortasun sexuala, bereziki gizartearekin edo kulturarekin lotua.

Oharra: Praktikan [...] antropologo askok [...] «sexua» soilik erabiltzen dute kategoria biologikoak aipatzeko, eta «generoaz» aritzen dira kategoria sozial edo kulturalez jarduteko.

»


OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) erabiltzen duen lanaren definizioa hauxe da:

« "Generoa" sozialki eraikitako rolei dagokie: gizarte jakin batek gizonentzat eta emakumeentzat egokitzat jotzen dituen portaerak, jarduerak eta ezaugarriak. "Maskulinoa" eta "femeninoa" generoaren kategoriak dira. »


GLAAD elkarteak (Difamazioaren aurkako gayen eta lesbianen aliantza, ingelesez) sexuaren eta generoaren arteko bereizketa egin du Komunikabideentzako erreferentziazko gidaliburuan: sexua pertsonen sailkapena da, gizon edo emakume gisa, jaiotzen diren unean. Sailkapen hori gorputzaren ezaugarri biologikoetan oinarritzen da, hala nola hornidura kromosomikoa, hormonak, barruko ugalketa-organoak eta genitalak. Ordea, genero-nortasuna da "pertsona bakoitzak duen barne sentsazio pertsonala, gizona edo emakumea (edo mutila edo neska) izateari buruz".

Filosofo feminista batzuek uste dute generoa ez duela sexuak inola ere baldintzatzen. Ikusi, adibidez, Shulamith Firestone- ren lana, garrantzi eta eragin handikoa izan dena feminismoarentzat.

Gayle Rubinek "sexua/generoa" kontzeptua erabiltzen du "gizakien sexuaren eta ugalketaren osagai biologikoen multzo bat" izendatzeko, hain zuzen ere, "gizartearen eta gizakien esku-hartzearen arabera eraldatzen direnak". Bere esanetan, desberdintasun biologikoak finkoak dira eta genero-desberdintasunak, berriz, "sozialki inposatuak": "emakumeek eta gizonek nola jokatu behar duten agintzen duten esku-hartze sozialen emaitza zapaltzaileak" dira. Ondorioztatzen du feminismoak "genero gabeko gizartea" sortzeko lan egin beharko lukeela (baina ez sexurik gabekoa), non "sexuak ez duen garrantzirik bakoitza zer den eta zer egiten duen erabakitzeko".

Nuria Varelak, Feminismo para principiantes liburuan, adierazi zuen «generoa» teoria feministaren kategoria nagusia dela, kontzeptu horrek «emakumeei biologikoki emakume izate hutsagatik exijitu zaizkien arau, betebehar, jokabide, pentsaera, gaitasun eta are izaera guztiak hartzen dituela barruan, baita gizonei eta emakumeei sexuaren arabera esleitu zaizkien arau eta jokabideak ere", eta generoa eta sexua ez direla sinonimoak.

Hau da, Ana de Miguelen hitzetan, generoa "ikasitako eta errepikatutako keinu sorta bat da [...]; gizarte bizitzaren eta giza kontzientziaren funtsezko antolamendu-printzipioa da", patriarkatuaren barruan funtzionatzen duena eta gizonen eta emakumeen arteko harreman hierarkikoen bidez neurtuta dagoena. Horrez gain, norbaitek ez badu arau hau betetzen, jokabide desbideratutzat jotzen da eta zigor gogorra jasotzen du.

Genero kontzeptuak ez ditu bi sexuen arteko desberdintasun biologikoak zalantzan jartzen. Hala ere, ezaugarri horiek gizonezkoen eta emakumezkoen ezberdintasunak "naturalak" dakartzatela ukatzen du. Femeninoa eta maskulinoa genero-ikuspegiak aztertzen dituen kategoria sozialak dira, kategoriok nola eraikitzen diren eta nola antolatzen diren jakiteko helburuz.

Ana de Miguelen arabera, gizonezkoei, genero identitatearen zati gisa, irakasten zitzaien emakumeak baino gehiago zirela, zerbitzatuak izateko eskubidea zutela, trukean ezer eman gabe, nagusiak zirela eta arreta jaso behar zutela; beraiek zeukaten boterea emakumeen gainean, talde sozial edo "genero" gisa. Botere ekonomikoa, politikoa eta sinbolikoa». Emakumeak, berriz, gutxiago balira bezala hezten ziren, gizonen jabetza balira bezala. Gizonei obedientzia eta errespetua zor zizkietela sinestarazten zitzaien. Horrela, emakumeen aurkako indarkeria justifikatzen zen, emakumea emakume izate hutsagatik, eta gizonen indarkeria hori betikotzen zen, gizonezkoen berezko ezaugarri bat balitz bezala.

Ana de Miguelek, bestalde, azpimarratu du bereizketa hori eta gaiari buruzko ikerketak garrantzitsuak direla:

Gizakiaren edozein jardueratan sexuetako baten defizit handia egoteak adierazten du koakzio estrukturalen batek sexu baten bazterketa edo gehiegizko ordezkapena eragiten duela. Genero-desparekotasunak aztertzen du [...] zer nolako giza izaera eta bizitzaren helburuen nolako ikuspegia lantzen diren genero batek beste bat bere mende jartzen duenean. Genero-desparekotasunaren gainean eraiki dira gainerako desberdintasun guztiak. Ez da desberdintasun "garrantzitsuena", baizik eta beste desberdintasun guztiek barneratzen dutena eta, gainera, ikusezinena eta egiaztatzeko eta onartzeko zailena, ukatuena.

Laura Ñuñoren arabera, genero-rolek eragindako indarkeria

munduko giza eskubideen urraketa hedatuena da. Urtero 1,5 - 3 milioi emakumezko eta neskak bizia galtzen dute horren ondorioz. Nazio Batuek kalkulatzen dute hamar emakumetik zazpik kolpeak, bortxaketak, abusuak edo mutilazioak jasango dituztela beren esperientzia biografikoan zehar. Eta 15 eta 44 urte bitartekoen artean, genero-indarkeriak heriotza eta ezgaitasun gehiago eragiten ditu minbiziak, malariak, trafiko istripuek eta gatazka armatuek batuta baino.

Horrez gain, Michael S. Kimmelek eta David Mametek diote gizonezkoek emakumea toki baxuenean jartzen dutela eskala sozialean, ez dutela emakumea aurkaritzat hartzen eta, horregatik, euren gizontasuna frogatu nahi dutela, gainerako gizonen onespena bilatzeko. Hori dena, beren genero identitatearen eraikuntza sozialaren ondorioz. Emakumezkoen inguruan existitzen den gutxiespen horregatik, esate baterako, ilean apaingarriak dituen mutil batek irain gehiago jasotzen ditu ilea laburra duen neska batek baino.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Haig, David. (2000-08). «Of sex and gender» Nature Genetics 25 (4): 373–373.  doi:10.1038/78033. ISSN 1546-1718. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  2. Carlson, Neil R.. (2009). Psychology : the Science of Behaviour, Fourth Canadian Edition with MyPsychLab.. Pearson Education Canada ISBN 9780205702862. PMC 1245768694. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  3. «WHO | Gender and Genetics» web.archive.org 2012-11-11 (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  4. (Ingelesez) «Sex & Gender | Office of Research on Women's Health» orwh.od.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  5. a b Udry, J. Richard. (1994-11-01). «The Nature of Gender» Demography 31 (4): 561–573.  doi:10.2307/2061790. ISSN 0070-3370. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  6. a b (Ingelesez) Haig, David. (2004-04-01). «The Inexorable Rise of Gender and the Decline of Sex: Social Change in Academic Titles, 1945–2001» Archives of Sexual Behavior 33 (2): 87–96.  doi:10.1023/B:ASEB.0000014323.56281.0d. ISSN 1573-2800. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  7. a b Kimmel, Michael S.. (2017). The gendered society. (Sixth edition. argitaraldia) ISBN 978-0-19-026031-6. PMC 949553050. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  8. «GENDER definition | Social Science Dictionary» web.archive.org 2011-02-02 (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  9. McManama, John. (1972). An effective program for teacher-aide training. ISBN 0-13-244830-0. PMC 448140. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  10. The psychology of women at work : challenges and solutions for our female workforce. Praeger 2008 ISBN 978-0-275-99678-9. PMC 647927300. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  11. O'Halloran, Kerry. (2020). Sexual orientation, gender identity and international human rights law : common law perspectives. ISBN 978-0-429-44265-0. PMC 1110674742. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  12. (Ingelesez) «Gender: definitions» www.euro.who.int (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  13. academic.oup.com  doi:10.1210/endrev/bnaa034. PMID 33704446. PMC PMC8348944. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  14. Fuckology : critical essays on John Money's diagnostic concepts. (1 edition. argitaraldia) 2015 ISBN 978-0-226-18658-0. PMC 878224600. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  15. Bentley, Madison. (1945). «Sanity and Hazard in Childhood» The American Journal of Psychology 58 (2): 212–246.  doi:10.2307/1417846. ISSN 0002-9556. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  16. Horley, James. (2016). Experience, meaning, and identity in sexuality : a psychosocial theory of sexual stability and change. ISBN 978-1-137-40096-3. PMC 953581656. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  17. Money, John. (1994-09-01). «The Concept of gender identity disorder in childhood and adolescence after 39 years» Journal of Sex & Marital Therapy 20 (3): 163–177.  doi:10.1080/00926239408403428. ISSN 0092-623X. PMID 7996589. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  18. (Ingelesez) Aldous, Joan. (1967). International bibliography of research in marriage and the family: 1965-1972. U of Minnesota Press ISBN 978-1-4529-1037-6. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]