Sobietar Batasunaren itsas armada

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 17:03, 16 apirila 2015
Sobietar itsas armada
Sobietar Batasunaren itsas armada

Sobietar Batasuneko itsas armada (errusieraz: Военно-морской флот СССР (ВМФ); Voyenno-morskoy flot SSSR (VMF)) 1918an sortu eta 1991n desagertu zen Sobietar Batasunaren itsas armada izan zen.

Historia

Urpekariak

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Siberiako iparraldea indartzea izan zen Sobietar Batasunaren helburu nagusietako bat. Helburu horri asko lagundu zion Artikoko ontzidiak izotza hausteko ontzi izugarriekin. Asmo itxuraz baketsu horien atzean, Estatu Batuekiko segurtasun estrategia zegoen ezkutaturik. Baina Kolako penintsula eta Alaska artean dauden 2.700 miliak zeharkatzeko urpekari nuklearrak behar ziren, Iparburuko izotz geruzaren azpitik igaro ahal izateko.

K3 urpekariaren istripua

Behar hori gainditzea lehentasuna izan zen Sobietar Batasunarentzat, eta 1954an lehen urpekari nuklearra eraikitzeko erabakia hartu zen. Lehenengo urpekaria (K3) 1957an jaurti zen, eta 1958an hasi zituen bere saioak itsasoan. Saio haietan hainbat matxura izan ziren erreaktoreen zirkuituetan; kontuan hartu behar da erreaktore haien oinarri fisikoa Txernobileko erreaktoreen antzekoa zela.

Hainbat arazoren ondoren, 1967an, K3an (Leninski-Komsomol izena eman zioten) izugarrizko istripua izan zen: irakiten zegoen olioa isuri zen urpekariko zulo batetik. Hogeita hemeretzi lagun hil ziren.

Norvegiako itsasoko istripua

Inguru horretako urpekarietan egin diren saioen ondorioz, istripu ugari izan dira urteetan; aipagarrienetako bat Norvegiako itsasoan gertatu zen 1989an. Hainbat marinelek salbatzea lortu zuten, baina berrogeita bi lagun hil ziren. Dena dela, norvegiarren laguntza onartu izan balute hildako gutxiago izango ziren.

Sobietar Batasunak eraiki dituen berrehun urpekari nuklearretan izan diren istripuetatik, hogeitik gora larriak izan dira. Eta horiez gainera, izotza hausteko ontzien istripuak hartu behar dira kontuan. Bestalde, ezin ahantz dateizke urpekarietako misilak jaurtitzeko zeregina duten misilen biltegietan izan diren istripu larriak. Jaurtigailu horiek misilen buruetatik bereiztuta badaude ere, biltegi horietako eztandak garrantzi handikoak izan dira.

Mourmanskeko istripua

Horien artean aipatzekoa da 1984. urtean izan zena, Mourmansketik 16 kilometrora. Istripu haren ondorioz, hainbat eraikuntza desegin ziren, berrehun lagun inguru hil ziren eta beste horrenbeste zaurituta geratu.

Azken istripuak

1983. urteaz geroztik beste sei eztanda izan dira. Azkena 2000. urtearen abuztuaren 20an Barentseko itsasoan hondoratu zen Kursk urpekariak izan zuen. Ontzi horrek 24 misil garraiatzeko ahalmena zuen, eta 130 lagunentzako lekua; istripuan 118 pertsona hil ziren.

Erreferentziak