Norvegia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Norvegiako Erresuma
Kongeriket Norge / Kongeriket Noreg
Norvegiako bandera
Bandera

Norvegiako armarria
Armarria

Goiburua: Alt for Norge
(Dena Norvegiaren Alde)
Nazio ereserkia:
Ja, vi elsker dette landet
(Bai, herrialde hau maite dugu)

Kongesangen
(Erregearen abestia)
Norvegia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Oslo
59°56′N 10°41′E / 59.933°N 10.683°E / 59.933; 10.683Koordenatuak: 59°56′N 10°41′E / 59.933°N 10.683°E / 59.933; 10.683
Hizkuntza ofiziala(k) norvegiera (bokmål eta nynorsk)
Gobernua
Erregea
Lehen ministroa
Monarkia konstituzionala eta parlamentarioa
Harald V.a
Erna Solberg
Konstituzioa
Independentzia
- Aldarrikatua
- Onartua
1814 maiatzaren 17
Suediarekiko batasunetik
1905 ekainaren 7
1905 urriaren 26
Eremua
• Guztira
• Ura

324.2202 km² (61.)
% 7
Biztanleria
• Zenbatespena (2011)
• Errolda (2001)
• Dentsitatea

Herritarra

4.920.305 (115.)
4.520.947
12,5[a] biztanle/km² (211.)

norvegiar
Dirua Norvegiar koroa (NOK)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
CET (UTC +1)
CEST (UTC +2)
Interneteko domeinua .no
Telefono aurrezenbakia +47
[a]Svalbard eta Jan Mayen barne harturik.

Norvegia (bokmål norvegieraz: Norge; nynorsk norvegieraz: Noreg), ofiziali Norvegiako Erresuma (bokmål norvegieraz: Kongeriket Norge; nynorsk norvegieraz: Kongeriket Noreg) Europako iparraldeko estatu bat da. Bere lurralde ditu Eskandinaviar penintsulako mendebaldea, Jan Mayen uhartea, Svalbard uhartedia eta (Ozeano Australean) Bouvet uhartea. Mugakide ditu Suedia, Finlandia eta Errusia. Eskandinaviar herrialdea da historiaz eta kulturaz.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geiranger fiordoa

Norvegia Eskandinaviaren mendebaldeko estatu luzea da (1.752 km ipar-hego, 430 km zabalekin alderatuta). Ondoko hauekin egiten du muga: Ipar Itsasoa hego mendebaldean, Skagerrak itsasartea hegoaldean, Suedia, Finlandia eta Errusia ekialdean eta Barents itsasoa iparraldean. Iparralderago dagoen Svalbard uhartedia ere Norvegiarena da.

Ozeanoaren ertzean eta Golkoko korrontetik hurbil dagoenez, bertako klima latitude bereko beste estatuetakoa baino epelagoa da.

Norvegia herrialde malkartsu eta menditsua da, batez ere granito gotorrezkoa. Izozguneek orografia berezia eratu dute. Ikusgarriena fiordoak dira, lurrean ebakitako arroilak, denboraren poderioz urez bete direnak. Handiena Sognefjorden da. Izozgune, uharte eta ur-jauzi ugari ere badaude.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bikingoen ontziak

Norvegiako lehen biztanleak K. a. 11000-10000 urte inguruan iritsi ziren, Alemaniako iparraldetik (Ahrensburg). Azken glaziazioaren ondoren, kostaldeko izotzak urtu ahala, biztanle egonkorrak ezarri ziren K. a. 8000 baino lehen.

3000 eta 2500 urte bitartean, indoeuropar jatorriko zibilizazioak iritsi ziren Norvegiako ekialdera, eta nekazaritza eta abeltzaintza sartu zituzten. Hori zela eta, ordu arte bizi izandako ehiztari biltzaileak desagertzen hasi ziren. Erromatar Inperioaren menpe egon ez zen arren, bertako indusketek darakuskite harremanak zeudela norvegiarren eta Europa hegoaldeko herritarren artean.

Bikingoen zibilizazioaren hasierari buruzko informaziorik ez dago ia. Datu gehienak ahoz aho gordetako Sagen bidez iritsi dira gaur arte. Argi dago IX. menderako erresuma independentea osatu zutela. Ohiko ikuspegiaren aurrean, bikingoek sarritan bakezko harremanak ezartzen zituzten beste herriekin, merkataritza helburuekin. Besteak beste, Orkney, Shetlandak, Hebridak, Man, etab. kontrolatu zituzten, baita Eskozia eta Irlandako hainbat lurralde ere. Irlandan 1171 arte iraun zuten, eta Dublin sortu zuten. Horiez gain, Islandian ere ezarri ziren (ordu arte ez zen gizakirik bizi bertan).

1387an, errege dinastia desagertu ondoren, Danimarka eta Suediarekin elkartu eta Kalmarko Batasuna eratu zen. Batasun horrek 1523 arte iraun zuen, Suediak batasuna hautsi zuen arte. Norvegiak, baina, Danimarkarekin bat eginda jarraitu zuen. XVI. mendetik aurrera, eta, luteranismoaren eraginez, Norvegiak botere politiko gehiago galdu zuen, Danimarkaren mesedetan.

Gatazkek XVIII. mende arte iraun zuten. Horiek amaituta, pixkanaka aurrerapen ekonomiko nabarmenak izan zituen. Horrekin batera, mugimendu nazionalistak ere geroz eta garrantzitsuago bihurtu ziren.

1814an Napoleon Bonapartek Danimarka-Norvegia erresuma garaitu zuen, eta Norvegia Suediako erresuman sarrarazi zuen (Islandia, Groenlandia eta Faroe Uharteak izan ezik, horiek Danimarkaren esku jarraitu baitzuten). Norvegia eta Suediak koroa bera izan zuten (Suediako erregearen menpe izan ziren), baina lotura malgua zeukaten. Zentzu horretan, Norvegiako estatu buru zereginak erregeorde batek bete ohi zituen.

1905ean Suediak Norvegiaren independentzia onartu zuen. Stortinget edo Parlamentuak Norvegiako koroa eskaini zion Danimarkako Karl printzeari. Horrek onartu zuen, beti ere erreferendum bidez berretsiz gero. Herritarren %79ak monarkia berrezartzea onartu zuenez, Karl printzea errege bihurtu zen, Haakon VII.a izenarekin.

Lehen Mundu Gerran estatu neutrala izan zen, nahiz eta britainiarrekin alemaniarrekin baino harreman estuagoa izan. Gerra ondoren, gobernu moderatuak izan ziren, baina blokeoa jasaten zuten eskuin muturrekoen zein komunisten presioaren eraginez. Gauza bera egiten saiatu zuen Bigarrenean, baina 1940ko apirilaren 9an Alemaniak inbaditu eta konkistatu zuen. Konkista hori ez zen erraza izan; izan ere, Norvegiako Armadak, Britainia Handiko, Frantziako eta Poloniako armaden laguntzaz, alemaniarren erasoari aurre egin zion bi hilabetez (Alemaniak herrialde bat konkistatzeko behar izan zuen eperik luzeena, Sobietar Batasuna kenduta). Erresistentzia horrek errege familiari eta gobernuari garaiz erbesteratzeko astia eman zien.

Egoera horretan, Vidkun Quisling ultraeskuindarrak boterea eskuratzea nahi izan zuen, baina, hasieran, alemanek gobernu burokratiko bat jarri zuten, Quislingen aurkako herritarren jarrera zela eta. 1942an eskuratu zuen gobernua Quislingek, eta horrek barne erresistentzia indartzea ekarri zuen. Erbesteko gobernuak babestu zuen erresistentzia hori, eta gerra aurrera joan ahala ia erabatekoa izatera iritsi zen. Norvegiar armadak (erbestekoak) Britainia Handikoarekin batera borroka egin zuen Alemaniaren aurka. Dena den, ezin da ahaztu biztanleriaren % 2 inguru Quislingek zuzendutako alderdi nazional-sozialistako kide izan zirela.

Gerra amaituta, erret familia eta erbesteko gobernua Oslora itzuli ziren. Quisling-en erregimeneko goi karguak (Quisling bera barne) heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Alemaniar soldaduek emakume norvegiarrekin izandako seme-alabek diskriminazio gogorra jasan zuten urte luzez, eraso fisiko eta sexualak barne.

Norvegia NBEko kide sortzaileetakoa izan zen; egin-eginean ere, NBEko lehen idazkari nagusia Trigve Lie norvegiarra izan zen. 1949an NATOko kide bihurtu zen. Erakunde horren baitan, Afganistaneko (2001) eta Libiako (2011) gerratan parte hartu zuen.

1960ko hamarkadaren amaieran, petrolioa eta gasa aurkitu zituzten Ipar Itsasoan. Horrek ekonomia maila izugarri igoarazi zuen. Norvegia mundu mailako erreferente bihurtu zen Ongizate-estatuaren antolaketari dagokionean. Nazio Batuen arabera, munduan bizi kalitate altuena duten herrialdeetako bat da, eta, Munduko Ekonomia Foroaren arabera, emakume eta gizonen artean desberdintasun gutxien duen herrialdeetako bat.

Norvegiako herritarrek bi aldiz uko egin diote Europar Batasunean sartzeari, 1972 eta 1994an egindako erreferendum banatan. Edozein modutan ere, EFTAko kide denez, harreman ekonomiko estuak ditu Batasuneko herrialdeekin.

2011ko uztailaren 22an izandako atentatuetan 77 lagun hil ziren, Oslo erdigunean jarritako bonba-auto baten eta Alderdi Laboristako gazteen kongresuan izandako tiroketetan. Ekintzon erantzukizuna Anders Behring Breivik izeneko norvegiar ultraeskuindar batek hartu zuen bere gain.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norvegiak 4,9 milioi biztanle ditu, gehienak germaniar jatorrikoak. Horrez gain, samiak ere badaude, baita eskandinaviar ijitoak, juduak eta finlandiar jatorrikoak ere. Horiek guztiek gutxiengo nazionalen aitortza dute Norvegian.

Azken hamarkadetan, Norvegiak biztanle berri ugari jaso izan ditu, bai inguruko herrialdeetatik (Polonia, Suedia, Danimarka, Lituania...) lanera etorritakoa, baita gatazka, gerra eta errepresioari ihes eginda iritsitako asko ere (Irak, Somalia, Iran, Palestina, Yugoslavia ohia, Latinoamerika...). Europatik kanpoko etorkin gehienak, dena den, pakistandarrak dira. Etorkin kopuru handiak, dena den, ezin izan du biztanleriaren zahartzea saihestu.

10 biztanletatik 8 hiriguneetan bizi dira. Hiri garrantzitsuenak Oslo (876.000 biztanle, hiriburua), Bergen (258.000), Stavanger (190.000), Trondheim (160.000) eta Fredrikstad (102.000) dira.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Per capita Barne Produktu Gordinari dagokionez, Norvegia munduko herrialderik aberatsenetan bigarrena da, Luxenburgoren atzetik. 2009 eta 2010 urteetan, mundu mailako Giza Garapen Indizeko zerrendan lehen postuan egon izan da. Bizitzaren kostuari dagokionez ere, munduko herrialderik garestienetakoa da; bizitza arrunta AEBetan baino %90 eta Erresuma Batuan baino %50 garestiagoa da. Petrolio eta gas natural esportazioei esker, urte askotan munduko herrialde aberatsena izaten jarraitzeko beste diru eskuratu du.

Norvegia munduko Ongizate-estatu garatuenetakoen artean dago. Konkurrentzia askeko merkatua izan arren, sektore ekonomiko garrantzitsu asko estatuaren menpe daude, besteak beste, petrolio enpresak, energia ekoizpena, altzairua, telekomunikazioak eta bankurik handiena (DNB ASA). Horrez gain, munduko arrantza ontzi gehien dituen 6. estatua da. Langabezia tasa oso txikia da Europako beste herrialdeekin alderatuta (%4 inguru), eta langileen %30ek gobernuarentzat lan egiten dute (Kooperazio eta Hazkunde Ekonomikorako Erakundeko estatuen artean tasarik altuena). Ekonomia osasuntsu horri esker, doako osasun sistema unibertsala da, eta aita/amatasun baimenak 46 asterainokoak izan daitezke. Bidenabar, soldata altuenen eta baxuenen arteko aldea ere bere mailako beste herrialde askotan baino txikiagoa da, eta lan ordu bakoitzetik sortutako produktibitatea eta dagokion soldata munduko altuenetakoak dira.

1972an eta 1994an egindako erreferendumetan, herritarrek uko egin zioten Europar Batasunean sartzeari. Dena den, Islandia eta Liechtensteinekin batera, parte hartzen du Europako Merkataritza Askearen Elkartean eta Schengeneko Hitzarmenean.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herritarren % 95ek norvegiera darabilte eguneroko bizitzan. Germaniar hizkuntza horrek bi dialekto ditu, Bokmål (alde handiz erabiliena) eta Nynorsk. Herrialdearen iparraldean bizi diren samiarrek beraien hizkuntzan bizi eta ikasteko eskubidea dute, baita administrazioarekin hizkuntza horretan komunikatzekoa ere.

Norvegierazko hiztunek ez dute arazorik izaten daniera edo suediera ulertzeko, eta, horregatik, ohikoa da hizkuntza horietako hiztunek elkarren arteko harremanak bakoitzak bere hizkuntzan egitea. Ikastetxeetan, norvegiera eta samieraz gain (sami jatorrikoentzat), ingelesa ezinbesteko ikasgaia da. Herritar gehienek (bereziki II. Mundu Gerraren ostean jaiotakoek) ez dute arazorik izaten ingelesez moldatzeko. Bestalde, frantsesa, alemana eta gaztelania ere irakasten dira ikastetxe gehienetan, baina nagusiki hautazko ikasgai gisa.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norvegiar gehienak, jaiotzean, Norvegiako Elizan sartzen dira bataioaren bidez. Kidetza hori, nagusiki, erritu sozialetara (bataioak, sendotzak, ezkontzak, hiletak...) mugatzen da. Hala, biztanleen % 20k baino ez dio garrantzirik ematen erlijioari, eta %2 k baino ez du parte hartzen asteroko elizkizunetan. Dena den, % 79 inguruk Elizako kide izaten jarraitzen du (2010eko datuen arabera).

Biztanleen %10 ez da inongo erlijio talderen kide, eta %4,9 Norvegiako Eliza ez beste kristau talderen bateko kide da (gehienbat katolikoak eta pentekostalak). Kristau taldeetatik kanpo, Islama da, gehienbat etorkin pakistandar, albaniar, somaliar, turkiar eta arabiarren artean.

Politika eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1814ko maiatzaren 16an onartutako konstituzioaren arabera, Norvegia monarkia konstituzionala da, sistema parlamentarioan oinarritua. Harald V.a da egungo errege eta estatuburua, eta lehen ministroa (gaur egun, Jens Stoltenberg) gobernuburua. Sistema parlamentario gehienetan bezala, botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereizita daude

Botere legegilea Norvegiako parlamentuak (Stortinget izeneko ganberak) dauka. Lau urterik behin aukeratzen da hauteskundeen bidez, eta bi eratako parlamentarioak ditu: hauteskunde barruti probintzialetan aukeratutakoak eta Norvegia osoko hauteskunde barruti bateratuan aukeratutakoak. Guztira 169 diputatu dira. 2009ko hauteskundeak Norvegiako Alderdi Laboristak irabazi zituen, eta koalizio gobernua osatu zuen ezkerreko eta zentroko alderdiekin, Jens Stoltenberg lehen ministroa buru.

2009ko Norvegiako parlamenturako hauteskundeak

Alderdia Botoak % Eserlekuak +/-
Alderdi Laborista 949.049 35,40 64 3
Alderdi Progresista 614.717 22,90 41 3
Alderdi Kontserbadorea 462.458 17,20 30 7
Ezkerreko Alderdi Sozialista 166.361 6,20 11 4
Zentroko Alderdia 165.006 6,20 11 Arrow Blue Right 001.svg
Alderdi Kristau Demokrata 148.748 5,50 10 1
Alderdi Liberala 104.144 3,90 2 8
Besteak 72.420 2,70 0 Arrow Blue Right 001.svg

Botere exekutiboa, ofizialki, Erregearen esku dago. Dena den, sistema demokratikoa garatzen joan ahala, boterea gobernuaren eskuetara pasa da. Horrela, Erregeak nagusiki funtzio protokolarioak eta ordezkaritzakoak betetzen ditu, hala nola, gobernuburua izendatzea, Ejerzitoaren goi komandantea izatea, Norvegiako Elizaren buru izatea eta nazioaren batasuna irudikatu eta atzerrian ordezkatzea.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Norvegiaren banaketa administratiboa»

Norvegia 19 konderritan banatuta dago (norvegieraz Fylke, pluralean Fylker), eta 434 udalerritan.

Norway counties.svg

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Norvegierazko literatura

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Norvegia Aldatu lotura Wikidatan