Tetanos

Wikipedia, Entziklopedia askea
Josu (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 18:23, 1 apirila 2016
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Tetanosak jotako gizon baten espasmoak (1809)

Tetanosa Clostridium tetani bakterioak eragindako patologia larria da, nerbio eta gihar sistemari eraso egiten diona. Gaixotasunaren eragilea bakterio horrek ekoizten duen neurotoxina da. Sarritan heriotza eragiten du.

Hirugarren munduan tetanosa oso zabalduta dago, txertatu gabeko pertsona asko baitaude. Gaitz honek urtero 500.000 hildako inguru eragiten ditu mundu osoan; Europan oso arraroa da (4 kasu 2003. urtean Euskal Autonomi Erkidegoan).

Infekzioa

Clostridium tetani-k gorputzean sartzeko erabiltzen dituen bideak hauek dira: zauri sakonak, erredurak, jaioberrien zilborrestea, zainpetik sartutako injektagarri kutsatuak (drogazaleen artean), eta orokorrean edozein azal-zulo sakon eta zikina.

Gizakien artean gaixotasuna ez da kutsatzen.

Erasobidea

Klostridioek, ugaldu ahala, tetanoespasmina izeneko toxina ekoizten dute. Toxina hau neurotoxina da, hots, nerbio-sistemari kalte egiten dio. Toxinak, GABA eta Glizina neurotransmisoreen askapena galarazten ditu, konbultsio eta espasmo bortitzak sortuz.

Sintoma klinikoak

Tetanosen inkubazio epea 5 eta 20 egun artekoa da. Zenbat eta laburrago epe hori, orduan eta larriago gaitza.

Lehenengo sintomak masailezur eta garondoaren zurruntasuna izaten dira. Ahoa zabaltzeko ezintasuna dator gero. Zurruntasuna, espasmoak eta kontrakturak gorputzeko gainontzeko muskuluetara zabaltzen dira, eta oso mingarriak dira. Apneak eta arnas aparatuaren muskuluen espasmoek itomena sortzen dute, heriotza eraginez.

Prebentzioa

Tetanosen aurkako txertoa dago, eta txertaketa masiboak asko murriztu du gaitzaren hedapena. Tetanosen txertoa "txerto hirukoitza"-ren barruan dago -D.T.K.- (difteria eta kukutxeztul txertoekin batera), eta Hego Euskal Herrian ume guztiei ematen zaie lau dositan. Gero, hamar urtetik behin gogorapen-dosia jartzea gomendatzen da.

Tratamendua

Gaitzaren aurkako tratamendurik eraginkorrena anti-toxina tetanikoa ematea da. Anti-toxina lehenbailehen jarri behar da, odolean dagoen toxina tetanikoa indargabetzen baitu; toxina tetanikoa nerbio-sisteman finkatu bada, ordea, anti-toxinak ezin du jada toxina neutralizatu, eta bere eraginkortasuna hutsaren hurrengoa da.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tetanos Aldatu lotura Wikidatan