Kukutxeztul

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Bordetella pertussis mikroskopioan ikusita

Kukutxeztula arnas aparatuaren gaixotasun kutsakorra da, Bordetella pertussis eta Bordetella parapertussis bakterioek eragindakoa. Herrialde garatuetan kontrolpean dagoen gaitza da, txertaketa masiboari esker. Etengabeko eztul bortitza da kukutxeztularen sintomarik nabarmenena.

Gaitza edozein adinetan ager daiteke, baina ohikoagoa da umeen artean. 1950eko hamarkadan azaldutako txertoarekin umeak babestuta geratu ziren infekzioaren aurrean. Azken urteotan, baina, Europako hainbat lurraldetan gaixoen adina aldatu da, eta orain gazte eta helduen artean gertatzen ari dira lehen baino kasu gehiago. Euskal Herrian aitortu beharreko gaitza dugu (5 kasu jakinerazi ziren E.A.E-an 2005. urtean, eta 15 kasu 2004an).


Etiologia eta infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bordetella patogenoek gizakia dute gordeleku bakarra. Gaitza oso kutsakorra da, batik bat lehenengo egunetan. Eztula egiterakoan gaixoak milioika bakterio patogeno kanporatzen ditu txistu-tanta txikiekin.

Txistu-tantak inhalatzerakoan bakterioak inhalatzen dira ere. Bordetella arnas traktuko epitelioetan atxikitzen da, batez ere trakean eta bronkioetan. Bertan, lau toxina indartsu sintetizatu eta kanporatzen ditu, gaitzaren sintomatologia eragiten dutenak. Bakterioak ez du inbasio-ahalmen nabarmena, ez da odolera pasatzen, baina berak sortutako toxinak bai.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

10 urteko mutikoa kukutxeztulez jota

Kukutxeztularen inkubazio epea 5-20 egun artekoa da, 7-8 egunetakoa izanik kasu gehienetan. Lehenengo egunetan katarroaren antzeko sintomak agertzen dira: doministikuak eta sukar arina. Lehen fase honek 2 aste inguru irauten du. Ondoren, ohiko eztul bortitza agertzen da; eztula etengabekoa da, eta gorakoekin batera agertu ohi da.; arnasa hartzeko zailtasuna (apnea) azaltzen da ere. Bigarren fase hau 2 eta 4 aste artekoa da.

Hirugarren faseak, susperraldikoak, bi hilabete gehiago iraun dezake, eta eztularen jarraipena, arinago bada ere, du sintoma nagusia.

Gaitzaren konplikazioak urriak dira, baina nerbio-sistemari eta bihotzari eragin diezaiekete.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sintomatologia aztertzen egiten da. Kukutxeztula gripetik, bronkitisetik, pneumoniatik eta tuberkulositik bereizi behar da, antzeko sintomak baitituzte.

Bakterio eragilearen kultiboa da prozedurarik ziurrena diagnostikoa egiaztatzeko. Laginak eztarritik, sudurretik edo arnas jariakinetatik har daitezke. Bordetella pertussis isolatu behar da erabilitako hazkuntza-ingurutik.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eritromizina da gehien erabiltzen den antibiotikoa. Tratamenduak goiztiarra izan behar du eraginkorra izan dadin. Antibiotiko hori eman ohi zaie gaixoarekin daudenei ere, kutsapen arriskua nabarmen murrizten baitu.

Sei hilabete baino gutxiago duten ume gaixoak ospitaleratu behar dira, haiengan gaitza oso larria izan baitaiteke.

Prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kukutxeztularen aurkako txerto bat dago, eta Euskal Herrian txerto konbinatu batean (-D.T.P.-, difteria, tetanos eta kukutxeztula) erabiltzen da. Ume guztiei ematen zaie txertoa, 4 dositan lehenengo 18 hilabeteetan, eta gogorapen-dosi bat 6 urte betetzerakoan.

Txertoak ez du bizitza osorako immunitatea bermatzen, baina gaztaroan ala helduaroan gaitza harrapatzen bada sintomatologia askoz arinagoa izaten da.

Prebentzioaren aldetik, bestalde, oso garrantzitsua da gaixoen isolamendua kutsapen arriskua murrizteko. Gaixo horiek, bereziki, urrundu behar dira ume txikiengandik eta jaioberriengandik.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kukutxeztul Aldatu lotura Wikidatan