The Dark Side of the Moon

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

The Dark Side of the Moon Pink Floyden albuma da. 1973. urtean sortua, musika komertzialaren historian 4. diskorik salduena (40 milioi ale baino gehiago) izan da. Bere izenburuak ("Ilargiaren Alde Iluna", euskaraz) mundu magiko eta misteriotsua gogora ekartzen du, albumaren musikarekin eta abestien hitzekin oso ongi moldatzen dena.

Disko hau taldearen lehenengo urteetako lanik gorenetzat jotzen da. 1966. urtetik Pink Floyd-ek muga musikal berriak bilatzeari ekin zion, soinu esperimentu ugari eginez rock sinfoniko eta aurreratuaren arloan. Elektronikak eta musika teknologiak taldearengan sortzen duen lilura agerikoa da lehenengo lanetan, eta are gehiago Ummagumman (1968), Atom Heart Motheren (1970) eta Meddlen (1971). The Dark Side of the Moon bilaketa horren emaitza bikaina da. Album honekin Pink Floydek ospe artistikoa eta komertziala lortu zuen, eta bere fama Europako mugetatik at zabaldu zen, mundu osora.

Diskoa iraultza teknikoa ere izan zen, soinu efektu oso bitxiak edukiz garai horietarako (1973). Alan Parsons ingeniariak taldearen zerbitzura jarri zuen bere jakituria, lan borobila lortuz, trikimailu teknologikoek britainiar laukotearen soinu oniriko eta erakargarria areagotzen baitute.

The Dark Side of the Moonen hitzek, kriptiko eta surrealistak, -Roger Watersek idatzitako askoren antzera- gaurko bizimodu estresagarriaz jarduten dute: arrakasta eta diruaz (Money), zahartzaroaz (Time), eromenaz (Brain Damage), etab.

Album honen gai batzuek (Time, Money, Brain Damage, The Great Gig in the Sky,...) taldearen historian berezko lilura izango dute betiko. Baina album osoa da bikaina, kritikarien iritziz laukote britainiarrak sortutako lanik borobilena eta berritzaileena baita.

Kantu zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "Speak to Me" (1:08)
  2. "Breathe" (2:48)
  3. "On the Run" (3:50)
  4. "Time" (7:04)
  5. "The Great Gig in the Sky" (4:48)
  6. "Money" (6:24)
  7. "Us and Them" (7:49)
  8. "Any Colour You Like" (3:26)
  9. "Brain Damage" (3:50)
  10. "Eclipse" (2:04)