Thomas Allen (baritonoa)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Thomas Allen (Seaham Harbour, Durham, Ingalaterra, 1944ko irailaren 10a) britainiar baritonoa da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969an hasi zuen karrera opera-kantari gisa, Welsh National Operan, Rossiniren Sevillako Bizargina obrako Figarorena eginez. 1972an, Londresko Covent Garden konpainian hartu zuten. 1970eko hamarkadan, antzoki eta jaialdi askotan kantatu zuen: 1973an, Glyndebourneko jaialdian; 1976an, Milango Scalan; 1982an, Parisko Operan (Verdiren Falstaffeko Ford abestuz); eta, 1985ean, Salzburgoko jaialdian —Hans Werner Henze musikagileak Monteverdiren Orfeoz egindako bertsioa estreinatu zuen—.

Ahots bikaina eta musikaltasun handia ditu, eta horri esker era guztietako opera eta oratorioak kantatu ahal izan ditu, baita errezitalak eman ere. Bere errepertorioan, aipagarriak dira hauek: Glück, Purcell, Schubert (Thomas Allen da Schuberten liederren interprete onenetakoa), Puccini (La Bohèmeko Marcello), Donizetti (L'elisir d'amoreko Belcore), Debussy eta, batez ere, Mozart (Don Giovanniko protagonista, Cosí fan Tutteko Guilielmo, Le noce de Figaroko Figaro eta Kondea, eta Xirula Miragarriako Papageno). 2011ko urrian, Durham Unibertsitateko kantziler izendatu zuten, Bill Bryson idazlearen ondorengo gisa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]