Tomás Balbás

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tomás Balbás
Bizitza
JaiotzaManila1846ko maiatzaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa
HeriotzaMadril1930eko abenduaren 17a (84 urte)
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, bankaria eta meatze-ingeniaria
KidetzaInstituto de la Ingeniería de España (en) Itzuli

Tomás Balbás Ageo (Manila, Filipinak, Espainiar Inperioa, 1846ko maiatzaren 6aMadril, Espainia, 1930eko abenduaren 17a) meategietako ingeniaria, Gipuzkoako diputatu (1895-1905) eta Espainiako alderdi liberaleko Gorteetako diputatu izan zen (1905-1907). Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren (GAK) sortzailetakoa, Instituto Nacional de Previsión (INP) delakoaren kolaboratzailea eta gizarte erreformista nabarmena izan zen; azken horretan nabarmendu zen batez ere Gipuzkoan.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomás Balbás y Ageo, [1] Tomás Balbás de Castroren semea. Aita Santanderren jaioa zen, Filipinetara emigratu zuen eta han asko nabarmendu zen meatzaritzan eta banka arloan (Isabel II.aren Banco Español Filipino delakoa sortu zuen; diru billeteak jaulki zituen lehenengo bankua). Balbás de Castro, bestalde, Joaquín Venancio Berminghamen laguna zen, familia Gipuzkoan zuen negozio gizon eta politikari ezaguna. Hain zuzen ere, horren eraginez etorri zen Balbás Donostiara. Filipinetako klimak osasun arazoak sortzen zizkion eta, Bermingham Espainiara itzuli zenean, harekin itzuli ziren Tomás Balbás eta bere anaia Venancio .

Bergarako Seminarioan hasi zen 1859an. Ikasle bikaina izan zen eta, batxilergoa amaitzean, Meatzaritza Ingeniari ikasketak egin zituen Madrilen. Pariseko 1867ko Erakusketa Unibertsalean egon zen, eta meatzaritzari buruzko erreseina egin zuen. Alemanian praktikak egin ondoren, Filipinetara itzuli zen Mancayaneko meategien kudeaketaz arduratzeko. Baina, berriro, osasun arazoek eraginda, Gipuzkoara itzuli behar izan zuen, eta hor kokatuko zen behin-betikoz. Lesaka eta Berako burdin meategiak zuzendu zituen,[2] eta Ingeniarien Nazioko Elkartearen Lehendakari izatera iritsi zen. Aldi berean, partaidetza garrantzitsua izan zuen Gipuzkoako hainbat enpresetako Administrazio Kontseiluetan.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Castells-ek[3] dioen bezala, Gipuzkoan harreman endogamiko bat izan zen industria, merkataritza eta politika arloko burgesiaren barruan. Balbás harreman mota horren eredu paregabea da. Emilia Felicia Brunet Bermingham (Donostia 1840-1904)[4] andrearekin ezkondu zen, hau da, bere babesle izan zen Joaquín Venancio Bermingham-en alargunarekin. Emiliak bi seme izan zituen bere lehen senarrarekin: Rafael (1858) eta Tomás Bermingham Brunet (1860-1923). Badirudi Rafael oso gazte hil zela, izan ere bere jaiotzaren ondoren ez dago hari buruzko inolako aipamenik. Izen eta abizenen errepikapenek oso garbi adierazten digute bi familia horien arteko harreman estua. Esaterako, Emiliaren amak eta lehen senarrak Bermingham abizena zeramaten. Tomás Balbás eta Emilia Brunet 1880rako ezkonduak izango zirela pentsa daiteke, zeren beren izenak, Tomás Berminghamenarekin batera, Donostiako Udal Aurrezki Kutxako sarreren liburuan ageri baitira. Bigarren ezkontza honetan ez zen seme-alabarik izan.[5]

Benetan azpimarragarria da Emilia Brunet-en nortasuna. Aitak, José Manuel Brunet y Prat-ek, Londresera eta Pariseko Des Oiseaux Institutura bidali zuen ikastera. Horietan matematikak, literatura, geografia, musika eta hizkuntzak ikasi zituen (gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa, italiera eta alemana hitz egiten zituen) . Musikari frantziar ospetsu bat, Grodefroye maisua, harpa irakasle izan zuen, eta harpa jotzaile bikaina izatea lortu zuen. Musikagile ere izan zen, maila apalagoan. Bere gizarte mailako emakumeengan ohikoa zenaren aldean, oso goi mailako heziketa izan zuen. Oso gazterik ezkondu zen, izan ere, hemezortzi urterekin izan zuen lehen semea eta hogei urterekin bigarrena. Egin zitzaion nekrologia batean aipatzen denez, musika emankizun bat eskaini zuen itsasontzi baten hondoratzeak 1876an Getarian eragin zituen alargunen eta umezurtzen alde. Emanaldia Donostiako Andia kalean kokatua zegoen Circo antzokian eskaini zuen.[6] Honelako ongintzazko ekintza oso bat dator garai hartan bere gizarte mailako andre baten ohiko ekintzekin.

Tomás Bermingham Brunet, Balbásen besoetakoa, abokatua eta negozio gizona, Donostiako Udaleko zinegotzia izan zen, eta, halaber, probintziako diputatu eta, 1910ean, Kongresurako hautagai, alderdi liberal errepublikarrean. Balbásen oso adiskide ona izan zen.

Bere anaia Venancio Balbás ere Donostian bizi izan zen. Abokatua zen eta 1910ean zendu zen. Arreba bat, berriz, Pou-n (Frantzia) bizi izan zen, eta 1915ean hil zen..

Jarduera erreformista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomás Balbásek gizarte erreformismoaren alde egindako lana jarduera oso berritzailea zen 1900eko mendearen hasiera hartan. La Voz de Guipúzcoa egunkariak bere nekrologikoan zioen bezala, "horretan eman zuen bere bizitzako onena, bere lanen alderdirik emankorrena”[7]. GAK sortu zen une beretik, 1896an, Aldundiko diputatu izan zen , Wenceslao Orbea (¿?- 1919) jaunaren proiektuari jarraituz eta eraldatuz, Balbásek bere jardueraren alderdi garrantzitsua eskaini zion Kutxa indartu eta zuzentzeari, eta hori baliagarri izan zitzaion gizarte arloko bere ideiak abian jartzeko. Bere ustez, herri mailakoek buruaskiak izan behar zuten, eta, horretarako, aurreztea bultzatu zuen lehenik, eta, gero, gizarte aurreikuspena[5]. Zalantzarik gabe, baikorregia zen. Izan ere, herritar gehienek aurrezteko oso aukera gutxi zuten, baina ezin zaio ukatu egindako lanaren garrantzia.

Balbásek zuzentzen zuen Aurrezki Kutxa probintzia txiki batekoa zen, baina ekonomikoki bere autonomia zuen, eta horrek Aldundiari aukera eman zion lehen gizarte ezarpen eta ekimenak babesteko. Ahalegin horrek benetan ordain paregabea eskaini zion probintziari, aurreztu ziren diru kopuruak usterik baikorrenak baino askoz handiagoak izan baitziren, nahiz guztiak ez ziren maila apalenetakoen aurrezkiak. Horrela, 1910. urtera bitartean, bera izan zen protagonista nagusi eztabaidaezina, Aldundiaren erabateko babesarekin, bataren eta bestearen ideologia politikoa alde batera utzita. Hain zuzen ere, urte horretatik aurrera sortu ziren tentsio politikoen ondorioz utzi behar izan zuen Kutxa.

Balbásek garbi erakusten digu erakunde baten buru dagoenaren nortasunak zenbaterainoko garrantzia duen erakunde horren garapenean eta arrakastan. Kutxak zuen aurrezle kopuruak gora egin zuen urtetik urtera eta, arrakasta horri esker, bestelako proiektu batzuk bultzatzen hasi zen. Betiere, honako irizpide nagusi honi jarraiki: "Herri oso baten aurrezkiek berriro beregana itzuli behar dute, ongintzaren eta erabilera publikoko ekintzen bidez"[5] Kutxaren Gobernu Batzordeak, 1898. urtean, Fraisoro Etxaldea erostea erabaki zuen, ordura arte Aldundiak alokatzen zuena, eta une horretatik aurrera nekazaritzaren irakaskuntza zabaltzea, abelgorrien zaintza hobetzea eta ongintza garatzea izan ziren etxaldearen helburuak (esaterako, Utzitako Haurren Egoitza Nagusia Aldundiak bere kargura zuen Fraisoro Etxaldean zegoen kokaturik ).

1901ean, Balbásek Frantziara bidali zuen Fraisoro Etxaldeko zuzendaria, Fécamp-eko Esne Tanta delakoaren jarduera ondo ikasteko, eta hirian Esne Tanta bat sortzea erabaki zuen Donostiako alkate Miguel Altuberekin eta Udal Aurrezki Kutxarekin batera. Bizitza luzea (1903-1985) eta herritarren artean harrera hain ona izan zuen erakunde honek edoskitzeko esnea prestatzen zuen haur jaio berrientzat, eta osasun arreta eskaintzen zien premia zuten haurrei. Lehenengo urte horietan, edoskitzeko prestatutako esne horrek eta osasun zaintzak asko jaitsi zuen hilkortasun maila, utzitako haurren eta familia txiroetako umeen artean.

Aldundiaren laguntzarekin eta Udal Aurrezki Kutxaren barruan, 1900. urtean, beste erakunde aitzindari bat sortu zen Gipuzkoan: Zahartzarorako eta Laneko Elbarrituentzako Erretiroen Kutxa . Balbás ohartuta zegoen langileen soldatak ez zirela nahikoa, haiek gerorako pentsio bat osatzen joateko. Hori kontuan izanik, kotizazio hirukoitza proposatu zuen: langilearena, nagusiena eta erakundeena (Gipuzkoaren kasuan, Aldundiarena). Balbásen ezaugarriak aipatzerakoan, zioten "munduan ibilitako gizona zela" eta "mugaz gaindi ikusten zuela”[8], eta benetan arrazoiz zioten horrela, izan ere, gizartean esku hartzearen alde zeuden eta urte horietan lehenengo gizarte legeak osatzen ari ziren politikari eta publizista europarren bide beretik zebilen. Lotura hori erabat sendotuko da Instituto Nacional de Previsión delakoa sortzen denean (1908). Gipuzkoako Aurrezki Kutxa 1943ra arte aritu zen erakunde horrekin lankidetzan.

1903ko maiatzaren 18an, Balbásek Amen Mutualitatea sortzea proposatu zion Aldundiari, bere babes ekonomikoa emateko eskatuz. Erakunde horren helburua zen haurdun ziren emakumeei diru laguntza bat ematea erditu aurreko eta ondorengo asteetan. Bere iritziz, emakume langileei ezin zitzaien lana uzteko eskatu, legeak eskatzen zuen bezala, ez bazitzaien horregatik diru ordain bat eskaintzen. Ekimen horrek ez zuen behar eta merezi bezalako arrakastarik lortu, oso gerora, amatasun laguntza (1923-8-21) eta amatasun asegurua (1929) ezarri ziren arte, 1931ko urrira arte gauzatu ez zirenak. Gipuzkoan aseguru hori bereganatu zuen lehenengo emakumea Leona Eguia Aizpuroa atezain donostiarra izan zen.

Proiektu horiek guztiek, lortu zuten arrakasta maila alde batera utzita, Gipuzkoa probintzia aitzindari bihurtu zuten gizarte laguntzen arloan, eta, bidenabar, Balbás aitzindaritza horren gidari. Ondo zekien ez politikari guztiei eta ez enpresa nagusi guztiei ez zitzaiela atsegin gizarte aseguruetan inbertitzea, baina bere ustez Estatuaren, Probintziaren eta Udalaren ezinbesteko betebeharra zen. Zioenez, "... fusilak, kanoiak, korazatuak (...) egiteko dirua lortzen bazen, gorrotagarria eta makurra litzateke bizitzen laguntzeko ekintzetarako dirurik ez lortzea”[9].

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Probintzian izan ziren aldaketa politiko batzuek eta Kutxan egiten zuen lanarekiko hainbat kritikek utzarazi egin zioten 1910era bitartean bete-betekoa izan zen lan hura. Bere negozioekin jarraitu zuen (1912an Compañia Eléctrica Donostiarrako Administrazio Kontseiluko lehendakari zen), baina ez zituen gizarte arloko lanak baztertu. 1910ean Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoko bazkide egin zen, eta bertako lehendakari izan zen 1912tik 1915era. Donostiako Arrantza Eskolako zuzendari ere izan zen. Bertan, arrantzako langileak izan ziren bere ardura nagusia. Garai horretan, Instituto de Reformas Sociales eta Instituto Nacional de Previsión delakoekin zituen harremanei esker, arrantzako langileen alde aritu zen eta haiek ere industri arloko langileen pareko gizarte eskubideak izatearen alde borrokatu zuen[10].

Pou-n bizi zen arrebaren heriotzak depresio handia eragin zion. Jasanezina egiten zitzaion abaildura sakon hura gainditzen saiatzen zen, baina une horietan ez zen gauza sentitzen Elkartearen buru izateko, eta utzi egin zuen kargua. Ez zuen bere semerik, eta bere emaztea eta anaia-arrebak galduak zituen. Berak esan ohi zuen bezala, ahalegina egiten zuen "bizitzaren bidean aurrera egiten, zahartzaro triste eta bakartira iritsita".[5] Ordurako 69 urte zituen, eta beste 15 urtez bizi izan zen.

1917an, baja eman zuen Elkarte Ozeanografikoan, eta Madrilera joan zen bizitzera, nahiz udak Donostian igarotzen jarraitu zuen. Madrilen INPrekiko lankidetzan jarraitu zuen, ohorezko kontseilari lanetan, eta gizarte arloko Kongresu eta Batzarretan ere parte hartu ohi zuen. Institutua bihurtu zen bere lantoki, eta elbarri utzi zuen istripu larria izan zuen bertan. Kutxarekin eta bertako langileekin harreman pertsonal estua izaten jarraitu zuen bere heriotza egunera arte (1930), eta, bere nahia betez, Donostian hilobiratu zuten.

Kutxaren esku utzi zuen bere liburutegi aberatsa, eta bertan garbi ageri da zertan gauzatu zen bere gizarte ongizaterako ahalegin eta jarduera. Tomás Balbás gizon polifazetikoa izan zen: profesionala, negozio gizona, politikaria... Baina, batez ere, gizarteko behartsuenen egoera ezagutu eta haiengana hurbildu ahala, bilakaera handiko pertsona izan zen. Filantropoa zen eta Karitaterako Gipuzkoako Elkartearekin lankidetzan aritu zen beti. Erreformista eta esku hartzearen aldekoa izan zen, jabeturik baitzegoen herritar gehienen bizitza hobetzeko, ongintzatik haratago, bestelako neurriak hartu behar zirela. Aurreztea, elkar laguntzarako elkarteak eta, batez ere, gizarte aseguruak izan ziren bere ustez ezinbestean garatu eta indartu beharreko baliabideak. Berak egindako urratsak izan ziren lehenengo urratsak, urteen joan-etorrian, "Ongizate Estatua" deiturikoaren bidea egin zutenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Tomás Balbásen bizitzaren inguruko aipamen laburra Seguro Matenal lanean, publicaciones INP, Madrid, 1932, egilearen hil ondorengo omenaldi gisa. Eta hemen ere: Martínez Martín, Mª Ascensión: 'Guipúzcoa en la vanguardia del Reformismo Social. Beneficencia, Ahorro y Previsión (1876-1936), Kutxa Fundazioa, Donostia, 2003, 215-229. or.
  2. Tomás Balbás y Ageo, Bernardo Estornés Lasaren artikulua http://www.euskomedia.org/aunamendi/10279 2016ko uztailean ikusia.
  3. (Gaztelaniaz) Castells, Luis: Modernización y dinámica política en la sociedad guipuzcoana de la Restauración 1876-1915, Madril, Siglo XXI Ed, 1987, 436-437. or.
  4. RootsWeb's WorldConnect Project: Bolinaga, Borinaga, Boliaga and other Basque Names. (Noiz kontsultatua: 2016-09-23).
  5. a b c d (Gaztelaniaz) Martínez Martín, Mª Ascensión: Guipúzcoa en la vanguardia del Reformismo Social. Beneficencia, Ahorro y Previsión (1876-1936), Kutxa Fundazioa, Donostia, 2003.
  6. «Eskela» La Voz de Guipúzcoa 1904ko abuztuaren 8a.
  7. La Voz de Guipúzcoa, 1930eko abenduaren 18a.
  8. (Gaztelaniaz) Arocena Arregui, Fausto: La Gota de Leche de San Sebastián en sus primeros cincuenta años (1903-1953). Donostia, 1946.
  9. (Gaztelaniaz) Balbás y Ageo, Tomas: Seguro Maternal, op. cit. 38. or.
  10. (Gaztelaniaz) Laburu, Miguel: 75 años de la Historia de la Sociedad de Oceanografía de Guipúzcoa 1908-1983. Donostia, 1986.