Trebizondako Inperioa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Trebizondako Inperioa
Αὐτοκρατορία Τραπεζούντος

1204 – 1461
Autokrazia
Trebizond1300.png
Trebizondako Inperioa (marroiz) eta inguruko estatuak 1300. urtean
Hiriburua Trebizonda
Hizkuntza(k) Greziera
Erlijioa Eliza Ortodoxoa
Aurrekoa
Simple Labarum.svg Bizantziar Inperioa
Ondorengoa
Otomandar Inperioa Flag of the Ottoman Empire (1453-1517).svg

Trebizondako Inperioa (grezieraz: Αὐτοκρατορία Τραπεζούντος) Erdi Aroko estatu kristau bat izan zen; kulturaz, grekoa zen: hizkuntza ofiziala greko pontikoa zen. 1204. urtean sortu zen, Bizantziar Inperioa desegin zenean, Konstantinopla Laugarren Gurutzadan hartu baino lehentxeago.

Itsaso Beltzaren hego-ekialdeko kostaldean zegoen; hiriburua Trebizonda hiria zen. Estatu beregaina izan zen 1461. urtera arte, Otomandar Inperioak eskuratu zuen arte.

Trebizondako erregeek "Komneno Handia" (Megas Komnenos) eta enperadore tituluak zituzten. Izan ere, estatuari "Komneno Inperioa" ere esaten zitzaion, Inperioko erregeak Alejo I.a Komnenoren ondorengoak zirelako.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Androniko I.a Komneno enperadore bizantziarra kargutik kendu eta hil ostean, bere bilobetatik bik (Trebizondako Alejo I.a Komneno eta David Komneno) Georgiako Thamar erreginaren armadak lagunduta, Trebizonda eskuratu zuten, eta kostaldeko lurralde gehiago ere menperatu zituzten, Nizeako Inperioaren mugetara arte. Alejok bere burua enperadore izendatu zuen, Konstantinoplako tronua aldarrikatu zuen, eta hiriburua Trebizondan jarri zuen.

Harrezkero, Trebizondako Inperioa beste estatu grekoetatik bereizita egon zen. Ekonomia-hazkunde handiena XIII. mende amaieran eta XIV. mende hasieran izan zuen, Alejo II.a Konmenoren agintepean (1297-1330), besteak beste zetaren ibilbidean kokapen garrantzitsua zeukalako.

XV. mendean otomandarrek behin baino gehiagotan eraso egin zioten herrialdeari. Azkenean, Mehmed II.a sultanak 1461. urtean eskualdea menperatu egin zuen: Trebizondako David Komneno (Juan IV.a Konmenoren ondorengoa) errenditu egin zen, eta otomandarrekin hitzarmenak egin arren (tributuen truke, inor ez hiltzeko eta hiritik sartu-irten nahi bezala egiteko baimena), ez zuten bete, eta hiria arpilatu egin zuten, baita hiritarrak esklabo moduan saldu ere. Azkenean, David bera eta bere zortzi semeetatik zazpi hiltzeko agindu zuen Mehmed II.a sultanak, baita biloba batzuk ere, konspirazioren bat asmatzen zihardutelakoan.

Trebizondako enperadoreen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Trebizondako Inperioa Aldatu lotura Wikidatan