Txantiloi:2009-30 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Azido desoxirribonukleikoa (sarri ADN edo DNA laburtua) azido nukleiko mota bat da, organismo bizi guztien funtzionamendu eta garapenaren informazio genetikoa duena eta bere transmisioaren erantzulea.

Ikuspuntu kimikotik DNA nukleotidoen polimero bat da, hau da, polinukleotido bat. Polimero bat elkarrekin lotutako unitate sinple askoz osatutako konposatua da, bagoi askoz osatutako tren bat bezalakoa. DNAn bagoi bakoitza nukleotido bat da, eta aldi berean nukleotido bakoitza azukre (desoxirribosa), base nitrogenatu (adenina→A, timina→T, zitosina→C edo guanina→G) eta fosfato talde batez osatuta dago, azken hau izanik bagoiak elkarren artean lotzen dituena. Bagoi edo nukleotido bat bestetik bereizten duena base nitrogenatua da, horregatik DNA sekuentzia base nitrogenatuak bakarrik aipatuz izendatzen da. Lau base hauek sekuentzian duten ordena informazio genetikoa kodifikatzen duena da, esaterako, ATCGATCG... Organismo bizietan DNA nukleotido kate bikoitz moduan agertzen da non bi kateak hidrogeno zubien bidez lotuta agertzen diren.