Wikipedia, Entziklopedia askea

Erromatarkuntza Euskal Herrian

Euskal Herriko eta inguruko biztanle-tribuak Ptolomeoren arabera.

Erromatarrek Iberiar penintsula konkistatu zuten garaian, gaur egungo euskal lurraldean kultura-ezaugarri berdintsuak zituzten herri batzuk bizi ziren; herri haiek hizkuntza berezi bat (euskara), eta antzeko ohiturak eta bizimodua zituzten. Ptolomeo izeneko geografo greziarra izan zen herri haien kokapenari buruzko informazio gehien eman zuena. Haren arabera, gaur egungo euskal lurraldeetan bizi ziren herriak honako hauek ziren:

  • Baskoiak: Euskal lurraldearen zatirik handiena hartzen zuten, gaur egungo Nafarroako lurretan batez ere
  • Barduliarrak: baskoien mendebaldeko auzokideak ziren; Gaur egungo Gipuzkoako lurraldea hartzen zuten, Toloño mendilerroraino .
  • Karistiarrak: Deba eta Nerbioi ibaien arteko lurraldean bizi ziren, Trebiñuraino.
  • Beroiak: gaur egungo Arabako Errioxako lurraldean bizi ziren.
  • Autrigoiak: Nerbioitik gaur egungo Laredoraino iristen ziren. Kantabriarren ondoan zeuden eta hegoaldetik Okako mendietaraino iristen ziren.
  • Akitaniarrak: Pirinioetatik Garona ibairaino heltzen ziren.

Noiz iritsi ziren erromatarrak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrak K.a. II. mendean iritsi ziren Euskal Herriko lurraldeetara Ebroren haranean zehar. Nafarroako Erriberara iritsi eta apurka-apurka hegoalde osoan kokatu ziren, Aragoitik Arabara zetorren galtzadaren inguruan. K.a. 75. urtean, Pompaelo (Iruñea) eraiki zuten, eta gero Veleia (Gasteiz inguruko Iruña), Calagurris eta beste hainbat hirixka.

Hegoaldeko lurrak nekazaritzarako aberatsagoak zirelako kokatu ziren erromatarrak bertan. Kontuan izan behar da euskal lurraldeetan bi isurialde daudela, ibaietako ura norantz isurtzen den, iparraldera (Kantauri itsasora) ala hegoaldera (Ebro ibaira eta Mediterraneo itsasora); bi isurialde horiek, gainera, desberdinak dira klima eta orografia aldetik. Horrela, erromatarek iparraldeko isurialde menditsuari "Saltus Vasconum" izena eman zioten, eta Hegoaldeko lurralde lauei "Ager Vasconum". Haientzat, azken honek zeukan interes ekonomiko handiagoa. Ager delakoan, batez ere nekazaritza nagusitu zen, eta Saltus delakoan, berriz, abeltzaintza.

Horregatik, batez ere hegoaldean gertatu zen erromatarkuntzarik indartsuena, ziur asko lautadako bizilagunik gehienak elebidun bilakatzeraino. Euskara galtzeko arrisku handian on bazen ere, Erromatar inperioak izan zuen krisialdiaren ondorioz atera zen kinka larri horretatik. Izan ere, K.o. III-IV. mendeetan, erromatarren inperioa zaharkitu eta zatikatu egin zen. Egoera horretan, ihes egindako esklaboek eta basalapurrek herri eta hirixkei erasotzen zieten, eta erromatarrek ezin izaten zituzten menderatu. Horren ondorioz, bizitoki askok biztanleak galdu zituzten eta herri asko hustu eta nekazal girora bihurtu.

Erromatar zibilizazioaren ahultzearekin batera gutxitu egin zen latinaren eragina ere. Hala ere, oso ugariak dira euskaren lexikoan, deklinabidean eta fonetikan utzitako eraginak; Gerhard Rohlfs hizkuntzalariaren arabera, euskara da latinetik sortu ez diren europar hizkuntzetan latinaren eragin gehien erakusten duena. Seguru aski, beraz, erromatar inperioak indartsu jarraitu izan balu euskara desagertu egingo zen, Europako beste hizkuntza asko bezala.