Wikipedia, Entziklopedia askea

Kantauri

Kantauri itsasoaren mapa.

Kantauri izena ematen zaio Bizkaiko golkoaren hegoaldeko itsaso zatiari. Ozeano Atlantikoaren zati bat da, Espainiako iparraldeko kostaldea eta Frantziako kostalde atlantikoaren hego-mendebaldea bainatzen dituena. Mendebaldetik hasita, A Coruña probintziako Estaca de Bares lurmuturretik Aturri ibaiaren bokaleraino hedatzen da, Baiona hiritik gertu, Ipar Euskal Herriko Pirinio Atlantikoetako departamenduaren kostaldean.

Iparraldeko itsaso hotzen eta hegoaldeko itsaso epelen artean kokatuta dago, eta, horregatik, landare eta animalia espezie ugari ditu. Horren ondorioz, arrantzatoki garrantzitsua da, eta kostaldean kontserba-industria indartsu bat sortu da.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantauri itsasoak 800 km kostalde bainatzen ditu, Espainiako A Coruña, Lugo, Asturias eta Kantabria probintzietan, eta, Euskal Herrian, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdin. Oso luzea ez izan arren, bai da nahiko sakona; sakonerarik handiena 4.750 metrokoa da, Asturiasko kostaldearen parean. Frantziatik zenbat eta hurbilago, sakonera hori gutxitzen joaten da.

Itsasaldien artean diferentzia handi samarra egoten da itsasgoratik itsasbehera, batzuetan 4,5 metrokoa, hain zuzen ere.

Uraren tenperaturak moderatuak izaten dira urte osoan zehar. Hala ere, neguan 11 gradu izatetik udan 22 gradu izatera pasatzen da. Neguan, ohikoak izaten dira ekaitzak, galerna edo enbata izenez ezagunak, euri ugarirekin, haize indartsuekin eta 7 metroko altuerara iristen diren olatuekin.

Kostaldearen marra nahiko zuzena da. Forma geografiko aipagarri bakarrak Peñas, Ajo eta Matxitxako lurmuturrak eta Santander, Donostia eta Arcachongo badiak dira.

Kostaldeko portu nagusiak Gijón, Santander eta Bilbo dira penintsulan, eta Baiona eta Arroxela kontinentean. Lehen hiruek itsasontzi bidezko lotura dute Ingalaterrako hegoaldearekin.

Hainbat hondartza ere baditu, turismoarentzat interesgarriak, eta haizeak eragindako olatu handiei esker, surfa egiteko leku oso egokiak ere badaude.

Kantauriko fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantauriko uretan zetazeo espezie ugari bizi dira; aipagarrienen artean, moko-balea balea dago, Europako itsasoetan oso bakana dena, bai eta Euskal balea delakoaren ale batzuk ere. Azken espezie hau ia desagertuta dago, euskal baleazaleek hainbat mendetan ehizatu ondoren.

Beste itsas ugaztun batzuk ere bizi dira itsaso honetan, hala nola zerea, kaxalotea, mazopa eta izurde espezie batzuk dira.