Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal mendien mapa topografikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren erliebea ez da oso gorabeheratsua; lurralde gehiena 1.000 metroko altueratik behera dago. Mendirik altuenak Aizkorri (1.544 m) eta Gorbeia (1.481 m) dira.

Hiru eremu bereizten ditugu:

  • Euskal kostaldea: malkartsua da eta labar ugari ditu, Bizkaiko eta Gipuzkoako mendiak itsasoan murgiltzen direlako. Koskatua edo irregularra da, lurmutur eta itsasadar ugarirekin.
  • Eremu menditsua: bi multzo bereizten dira, Euskal Mendiak eta Kantauriar mendikatea. Euskal Mendiak EAEko erdialdean daude, zenbait mendilerrotan banatuta. Kantauriar mendikatea, berriz, hegoaldean dago, eta zenbait mendilerrotan banatuta dago hau ere.
  • Arabako lautada: aurreko bi eremuen tartean kokatuta dago, Arabaren erdialdean.

Euskal mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal mendiak Kantauriar mendikatearen eta Pirinioen artean dauden mendiak dira, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroako Foru Erkidegoan ere kokatuak. Ez dira oso mendi altuak (tontorrik altuenak 1.500 m inguru ditu). Mendi hauetako arrokarik ohikoena kareharria da, baina badira beste material batzuez osatutako mendiak ere; adibidez, Aiako Harria, granitoz osatua. Bide batez, Aiako Harria (Gipuzkoa, Nafarroako mugatik hurbil), askoren iritziz, euskal Pirinioetako lehen mendia da mendebaldetik hasita, baina, nolanahi ere, Nafarroako Pirinioetako tontorrekin konparatuta, askoz txikiagoa da bere 837 metroekin.

Eremu honetan, hainbat mendilerro daude, gehienak mendebalde-ekialde ardatzean kokatuak, itsasoarekin paraleloki. Honako hauek bereiz daitezke:

Uren banalerrotik iparraldera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde menditsua da, eta itsasotik zenbat eta hurbilago, eta altuera txikiagoko mendiak daude. Eskualde honetako mendiak honela sailka ditzakegu:

  • Kostaldeko mendiak: itsasotik hurbilen daudenak dira, Gipuzkoaren erditik hasi eta Bizkaiko mendebaldeko muturreraino; ez daude mendilerro batean elkarturik. Ez dute garaiera handirik, gehienak 1.000 metrotik beherakoak dira. Hori bai, zenbat eta ekialderago, orduan eta altuagoak dira. Aipagarrienak Ernio (1.075 m), Erlo (1.026 m), Oiz (1.029 m) eta Ordunteko mendilerroa dira.
  • Erdiko ibaibideetako mendiak: Uren banalerrotik hurbilago daudenak dira, iparraldeko isurbideko ibai nagusien erdiko ibaibideen aldean. Ez dira 1.000 m-tara iristen. Izazpi (972 m), Murumendi (867 m) eta Urko (793 m) mendiak dira Gipuzkoan, eta Ganekogorta (998 m), Eretza (887 m) eta Sollube (684 m) mendiak Bizkaian.

Uren banalerroko mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Isurialde kantauriarraren eta mediterranearraren arteko muga markatzen duten mendi eta mendilerroak dira. Euskal Autonomia Erkidegoa bi zati ezberdin samarretan erdibitzen dute, 100 km inguruko lerro batean, mendebalde-ekialde ardatzean.

Salbada mendilerroan hasten dira mendebaldean, eta Gorbeia eta Anboto mendiak (Araba eta Bizkaia artean), Aratz eta Aizkorriko mendilerroa eta Urkilla eta Elgeako mendilerroak (Araba eta Gipuzkoa artean) eta Aralar mendilerroak (Gipuzkoa eta Nafarroa artean) dira.

Mendirik aipagarrienak Aitxuri (1.551 m), Gorbeia (1.475 m) eta Irumugarrieta (1.400 m) dira.

Uren banalerrotik hegoaldera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemengo lurraldea lauagoa da, eta mendilerroak eta lautadak topatzen dira tartekaturik. Altuera gutxiagoko mendiak dira gehienak. Euskal mendietako uren banalerrotik hegoaldera, sakonune bat dago: Arabako lautada. Honek 675 km2 ditu guztira, eta bi ibai aipagarri daude, Zadorra eta Araia ibaiak. Honako mendi eta mendilerroak daude hemen:

  • Arabako mendebaldeko mendilerroak: Badaia, Arkamu, Gibijo, Salbada eta Arrato mendilerroak. Arabako lautada mendebaldetik ixten dute.
  • Erdialdeko mendilerroak: Entziako eta Iturrietako mendilerroak eta Gasteizko mendiak (Araban).