Villanueva etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa

Koordenatuak: 43°18′51″N 3°01′03″W / 43.314223°N 3.017515°W / 43.314223; -3.017515
Wikipedia, Entziklopedia askea
Villanueva etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaPortugalete
Koordenatuak43°18′51″N 3°01′03″W / 43.314223°N 3.017515°W / 43.314223; -3.017515
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea24

Villanueva etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa Portugaleteko eraikin-multzoa da, Errepelega auzoan dagoena.

2010eko martxoaren 29an, El Progreso etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa eta Babcock & Wilcox herria etxebizitza taldeekin batera, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko Labe Garaietan, ontzigintzan eta Babcock & Wilcoxen ziharduten langileen taldea kooperatiban batu eta Villanueva gauzatu zuten, Portugaleteko etxebizitza merkeen lehendabiziko multzoa izan zena. Santos Zunzunegi Etxeberria arkitektoak diseinatu zuen proiektua, 1924 eta 1925 urteen artean eraikia.

Orubearen azalera laua da, karratua eta 11.448,47 metro koadro ditu. Hizpide dugun eremuan 61 etxebizitza daude bata besteari atxikiak. Eraikin kolektibo bat ere badago, kontsumo-kooperatiba eta eskolaurreko haurtzaindegi moduan antzina erabili zena.

Antolakuntzari dagokionez, bi kale elkarrekiko perpendikular dira esparruaren ardatz. Kaleok lau lursail karratutan banatzen dute orubea. Horiez gainera, bada auzoa inguratzen duen beste kale bat ere. Lursailen barruko aldeak etxadi itxiak dira: etxebizitzak lursailaren kanpo-perimetroan kokatzen dira eta erdiko aldea libre dago. Etxe artean libre den eremu horretan daude etxebizitzen atzeko aldeko baratze indibidualak.

Lursailetan bi etxebizitza mota aurkituko ditugu, biek ala biek dituztelarik beheko solairua, lehen solairua eta ganbara. Honela kokatzen dira etxebizitzen bi mota aipatuak lursail karratuetan: kale nagusiarekiko paraleloak diren aldeetan sei etxebizitzako errenkadak daude, eta beste bi aldeetan, hots, zeharkako kaleetatik gertukoenetan, bi familiako etxebizitzak kokatzen dira.

Etxebizitzen barruko oinplanoa karratua da eta oso modu interesgarrian banaturik dago: beheko solairuan aurkitzen dira egun argiz gauzatzen diren jarduerekin lotura duten gelak, hau da, sarrerako arkupea, atondo txikia, jangela, sukaldea, komuna eta eskailera; goiko solairuan, inoren begiradatik salbu, hiru logela eta jantzitegi bat daude. Etxebizitza guztiak ondoz ondokoarekiko simetrikoak dira. Horrela, etxaurreak simetrikoak dira, bi isuriko estalkiak dituzte eta etxebizitzetara sartzeko bi ate. Ateak bisera batek gorderik daude eta goihabeko ardatzean erdiraturik.

Etxaurreei dagokienez, hizpide ditugun bi etxebizitza motak -errenkadan jarritakoak nahiz bi familiako etxebizitzak- euskal eredu berriei jarraiki egin dira. Baserrietako berezko ezaugarriak ageri dira etxaurreetan: bi isuriko teilatuak, goihabea etxaurrearekiko perpendikularra dutenak, teilatu-hegal irtenak, balkoiak garaieran, oholtza artifiziala horma pikoetan, simetria, burudun ate handiak -etxaurrearen erdian kokatuak- eta harlangaitzezko oinaldea sotoan (egun zuriberritua). Bi familiako etxebizitzek euskal baserriaren itxura dute.

Etxebizitzez gainera, bada funtsezko eraikin kolektibo bat orubearen ipar-mendebaldeko ertzean: Villanueva taldeko kontsumo-kooperatiba. Eraikin exentua da, oinplano laukizuzenekoa eta beheko solairua eta lehenengo solairua dituena. Lau uretako jatorrizko estaldurari gerora gehitu zaio bi isuriko teilatutxoa duen ganbara. Gailen da etxaurre nagusia, Ramon y Cajal kalera begira dagoena: puntu erdiko bost arku ditu beheko solairuan, eta hiru baodun balkoi nagusi handia lehenengo solairuan. Etxaurrea ongi egituraturik dago, hutsune berringuratuak ditu, beheko solairua eta lehen solairua banantzen dituen ezker-eskuineko inposta eta goitik beherako inposta izkinetan. Hizpide dugun eraikinaren etxaurreek itxura handia dute eraikin publiko mota zehatz eta ohiko batekin: arkupedun udaletxeekin.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa