Zelula dendritiko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zelula dendritikoa.

Zelula dendritikoak (grezieratik: δένδρον, zuhaitza, adar asko dituztelako) immunitate-sistemaren zelula mota bat dira. Beren eginkizun nagusia antigenoak hartu eta immunitate-sistemaren beste zelula batzuei aurkeztean datza, zelula horiek -Th linfozitoak- aktiba daitezen.

Antigenoak ezagutzeko, B eta T linfozitoek antigeno-aurkezleen zelulen lankidetza behar dute. Antigeno-aurkezle zelula garrantzitsuenak makrofagoak dira, fagozitosia egin ondoren antigenoak aurkezten dituztenak.

Zelula dendritikoak ere antigeno-aurkezle garrantzitsuak dira, eta horretaz gain ahalmen fagozitikoa dute. Beraz, zelula dendritikoek eta makrofagoek antigenoak irentsi eta lantzen dituzte, eta Th zelulei aurkezten dizkiete. Azken zelula hauek B linfozitoak aktibatzen dituzte, askatzen dituzten zitokinen bidez, eta B linfozitoek -azkenik- antigeno arrotzak deuseztatzen dituzte ekoizten dituzten antigorputzei esker.

Zelula dendritikoak gongoil linfatikoetan, timoan eta arnas eta digestio-aparatuen mukosetan daude. Larruazalean ere ugariak dira, bertako zelula dendritikoak Langerhans-en zelulak deitzen direlarik.

Haren morfologia dela eta, hasieran nerbio-sistemaren zelulak zirela uste izan zen.

Odol-zelula guztien antzera, zelula dendritikoak hematopoiesiaren bidez sortzen dira.