Linfozito

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Linfozitoa mikroskopio elektronikoan ikusita

Linfozitoak leukozito mota bat dira, agranulozitoen taldean sailkatuta. Leukozito txikienak dira, 7-15 μm-koak, eta haien nukleo handia da, zitoplasmari leku urria utziz.

Oinarrizko eginkizuna betetzen dute erantzun immunearen jardueran.

Linfozitoak, odoleko gainontzeko zelulen antzera (leukozito guztiak, eritrozitoak eta plaketak) hezurretako hezur-muinean sortzen dira. Gero, linfozito mota bakoitza organo desberdin batera abiatzen da: timora, amigdaletara edota heste paretako Peyer-en plaketara. Organo horietan heltze prozesua garatuko dute.

Linfozitoak linfan eta odolean daude, eta baita gongoil linfatikoetan ere. Leukozito guztien %25 inguru dira, eta haien kopurua aldakorra da, norberaren osasunaren arabera (zenbait gaitzek, estresak barne, kopurua jaisten dute; infekzio birikoa dagoenean, aldiz, kopuru hori igo egiten da).

Linfozito guztiak oso antzekoak dira mikroskopio optikoan ikusita. Linfozitoak bereizteko haien ezaugarri biokimikoak (batez ere azaleko proteinak) aztertu behar dira.

Linfozito motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Linfozitoa mikroskopio optikoan ikusita, eritrozitoen artean

Bi dira linfozito mota garrantzitsuenak: T linfozitoak eta B linfozitoak. Linfozito horiek ez dira fagozitoak, ez dute fagozitosi egiteko ahalmena. Hala ere, antigeno arrotzak ezagutu eta neutralizatzeko gaitasuna dute, fagozitoek ez dutena. Bestalde, antigeno batekin konbinatzerakoan fagozitoak (makrofagoak, batez ere) aktibatzen dituzte.

  • T linfozitoak: hezur muin gorrian sortu eta timorantz doaz ondoren, bertan heltzeko. Immunitate zelularraren erantzuleak dira: T linfozitoak gai dira antigeno bat ezagutzeko (behin berarekin topo egin bazuten) eta berari eraso egiteko. Gongoil linfatikoetan pilatzen dira.

Hiru mota daude:

    • Tc linfozitoak (linfozito hiltzaileak): gai dira mikrobioak eta zelula arrotzak erasotzeko eta suntsitzeko.
    • Th linfozitoak (linfozito laguntzaileak): erantzun immunea erregulatzen dute, eta B linfozitoei laguntzen diete antigorputzak sortzen.
    • Ts linfozitoak (linfozito ezabatzaileak): erantzun immunea moteltzen dute, infekzio kontrolpean dagoenean.
  • B linfozitoak: hezur muin gorrian sortu eta organo linfoidetarantz abiatzen dira ondoren, bertan heltzeko (amigdaletarantz eta heste-paretako Peyer-en plaketarantz). Antigorputzen bitarteko immunitatea edo immunitate humoralearen erantzuleak dira: antigorputzak ekoizten dituzte antigeno batekin topo egin ezkero. Gongoil linfatikoetan pilatzen dira ere.
  • NK linfozitoak edo zelula hiltzaileak: antigenoak ezagutu gabe jarduten dute, zelula arrotzak suntsituz. Hori da beste linfozitoekiko duten funtsezko ezberdintasuna.

Hiesa eta linfozitoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza Immunoeskasiaren Birusak (GIB), HIESaren eragileak, T linfozitoak suntsitzen ditu (Th linfozitoak, zehatzago). Jakina da linfozito mota horiek giza immunitatean betetzen duten funtsezko jarduera, immunitate zelularra ez ezik, immunitate humoralean ere parte hartzen dutelako (B linfozitoei lagunduz antigorputzak sortzen). Defentsa lerrorik gabe hiesaren birusak atea zabaltzen die gainontzeko mikrobioei gaixo hiesduna jotzeko.

Minbizia eta linfozitoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzalariek frogatu dute T linfozitoek minbizidun zelulak suntsitzen dituztela, minbizi arriskua saihestuz. Tumore bat garatzeko probabilitatea zahartu ahala handitzen denez, ikerlari batzuek lotu dute ebidentzia hori zahartzerakoan gertatzen den T linfozitoen jaitsierarekin. Zaharrek linfozito gutxiago dutenez, minbizia errazago ager daiteke.

NK linfozitoek minbizidun zelulei eraso egiten diete ere.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Linfozito Aldatu lotura Wikidatan